Hondakinen Mahaiko negoziazioekin bukatzea erabaki du Bergarako Udal Gobernuak

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 26a, 22:30

Adierazi dutenez, "mahaiaren progresiorik eza" izan da erabaki horren arrazoi nagusia; "tamalez, ez gara adostasunera iritsi", adierazi dute.

Pasa den ekainean eratu zen Hondakinen Mahaia Bergaran. Udal Gobernu Taldea osatzen duten Bildu eta Aralarrek, EAJ eta PSE-EE alderdiek, Bergara Zero Zabor taldeak eta Bergara Garbia plataformako kideek parte hartu dute bertan. "Mahaiaren hasierako helburua hondakinak biltzeko sistema adostea izan zen; izan ere, alde guztiok ikusten genuen gehiago birziklatzeko beharra, eta abiapuntu komun horrek animatu gintuen aurrera egitera", adierazi du Udal Gobernu Taldeak.

Ez dute lortu, ordea, bakoitzak ezartzen zituen baldintzak bilduko dituen sistemarik adostea: "Luzaro jardun dugu lanean, gaiaren inguruan benetako eztabaida sortu da eta alde guztiok gerturatze ahalegina egin dugu, baina ez dugu lortu bakoitzak ezartzen genituen baldintzak bilduko dituen sistemarik adostea. Saiatu garen arren, behin eta berriz iritsi gara puntu batera non ezinezkoa izan zaigun aurrera egitea", azaldu dute.

Hasierako proposamena egokitzeko "prest"

Udal Gobernuaren prentsa oharrean jasotzen denez, euren aldetik, "hurbilketa egiteko asmoz, jatorriz proposatzen genuen atez ateko sistema egokitu eta sistema misto batera hurbiltzeko ahaleginak egin ditugu". Eta gehitzen dute: "Herritarrekin bideratutako parte-hartze saioen ondoren, prest azaldu ginen hiru kontenedore (urdina, horia eta beirarena) uzteko eta, mahaia sortu zenean, Bergara Garbia, EAJ eta PSE-EEren planteamenduetara hurbiltzeko asmoz, aurrekoez gain kontenedore marroia, organikoa biltzekoa, gehitzeko prest azaldu ginen, bai gu eta baita Bergara Zero Zabor taldea ere".

Ez dira adostasunera heldu, ordea: "Ikusi dugu beraien planteamenduetara hurbiltzeko gure ahaleginek, tamalez, ez dutela fruiturik eman. Gure ustetan adostasunetara iristeko asko eman dugu, beste aldetik ez dugu, ordea, malgutasun bera aurkitu".

"Eztabaida politikotik aldentzeko ahaleginak"

Eztabaida politikotik aldentzeko ahaleginak egin dituztela eta teknikariei protagonismoa ematea proposatu zutela ere esan dute, oharrean: "Hain zuzen, opor aurretik adostu genuena zera izan zen: Mankomunitateko teknikariei sistemen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa eskatzea. Eta horrela egin genuen. Baina teknikarien txostenetatik eratorritako emaitzak aintzat hartzeko konpromisoa eskatu genuenean berriz ere oztopoekin aurkitu ginen. Horrela, bilerak egiten jarraitu dugun arren, konturatu gara indarrak alferrik galtzen ari garela eta gure pertzeptzioa izan da ez gabiltzala aurreratzen, eta abiapuntutik hurbilago gaudela helmugatik baino". 

Horrezaz gain, Bergarako Udal Gobernu Taldearen esanetan, "mahaiak bilketa sistema adosteko izan duen ezintasunak, Mankomunitatea osatzen duten herrientzat programatu zen dinamika oztopatu du"; "izan ere, begi bistakoa da inbertsio berriak egin behar direla ahal bezain azkarren –esaterako, kontenedore eta kamioi berriak– eta hori ezinezkoa da erabaki zehatzik hartzen ez den artean", gehitu dute. 

Azaldu dutenez, horregatik guztiagatik, hondakinen mahaian eramaten ari ziren eztabaida "bukatutzat" ematea eta "parte-hartze prozesuan adostu zen hondakin bilketa sistemarekin aurrera egitea" erabaki dute, "hau da, papera, ontzi arinak eta beira orain bezala jasotzea (edukiontzietan) eta organikoa eta errefusa esekitokian biltzea". Horretarako, Mankomunitateko teknikariei eskatuko diete eten ziren planifikazio lanekin berriz hasteko.

Bukatzeko, eta testuinguru berri honetan, herritarrei lasaitasun mezua igorri diete.

Oposizioak, prentsaurreko bateratua

Bergara Garbia plataformak, EAJk eta PSE-EEk prentsaurreko bateratua emango dute bihar eguerdian –eguena–, Bildu Udal Gobernu Taldeak hartutako erabakiaren gaineko balorazioa egiteko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak