Sei urte arteko kartzela zigorra, edukietara 'legez kanpoko' loturak egitearren

Jon Berezibar 2013ko ira. 25a, 11:16

Sei urtera arteko kartzela zigorrak aurreikusten dira Kode Penal berrian egile-eskubideen aurkako delitugileentzat. Espainiako Gobernua erreforma lanetan dabil eta Zigor Kode berriak aurrera eginez gero, baimen barik egile eskubideak dituen edukietara loturak dituzten webguneen administratzaileak espetxeratu ahalko dituzte epaileek.

Orain arteko legeek ez zuten argi zehazten urraketaren erantzukizuna norena zena. Gobernuaren lege-proposamenean edukietarako loturak eskaintzen dituzten webguneen kudeatzaileak egiten ditu erantzule.

Onartze bidean

Erreforma proiektua Ministroen Kontseiluaren baiezkoaren zain dago oraindik, Parlamentuko filtroa iragan eta gero. Aldaketak egon daitezke, baina Gobernuko alderdiak gehiengoa edukita, zatirik handienean aurrera egitea da litekeena.
Maiatzean aurkeztu zuten erreformaren lehen zirriborroa eta ordurako zigorrak gogortzeko neurriak planteatzen ziren. Delitu moduan tipifikatzen dira proposamenean egile eskubideak urratzen dituzten zenbait ekintza eta, esan moduan, sei urte arteko kartzela zigorrak, edukien ezabaketa eta webgunearen blokeatzea planteatzen dira neurri modura, lege-haustearen araberako gogortasunarekin. Proposamenak, halere, baditu zenbait lausogune eta nagusiena da legeak noren aurka joko duelako zehaztasunik ez dakarrela eta, hala, legez kanpokotzat jotzen den eduki horretarako bitartekari zerbitzuak eskaintzen dituen webgunearen kudeatzailea joko da erantzule. Honen harira, erabiltzaileari ez zaio erantzukizunik eskatuko, lege-proposameneko testutik ondoriozta daitekeenez. Zigorrari dagokionez, delituaren larritasuna bera, eskubideen jabeari haren edukietara legez kanpoko loturak ematearren eragiten zaion kalte ekonomikoaren araberakoa izango da, 4 eta 6 urte arteko kartzela zigorra barne.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak