Arianne Unamuno: "Euskara elkarteak benetakoa eta eraldatzailea den energia soziala dira"

Jon Berezibar 2013ko ira. 25a, 02:00

Arianne Unamuno Soraluzeko Pil-pilean Elkarteko lehendakaria da. Soraluze izango da, hain zuzen, euskaltzaleen harrera-herria zapatuan, hilaren 28an, Topaguneak antolatu duen TopaEgunean.

Egunaren helburu bat dela elkarteen lana baloratzea dela diozue.

Euskara elkarteen bitartez lantzen dira transmisioa, hizkuntza kontzientzia, aisialdia, kultura, komunikabideak... Hori nahikoa ezagutzen da eta nahikoa baloratzen da. Beharbada ez dena horrenbeste baloratzen da, euskaltzaletasuna ardatz duen gizarte ekimen horrek duen garrantzia. Euskara elkarteak bere inguruan euskararen ametsa eraikitzeko nahikundea duten pertsona multzo bat batzen dute herrietan, energia sozial bat, eta determinazio sozial hori gakoa da euskararen berreskurapenaren prozesuan, benetakoa eta eraldatzailea delako. Hori da ulertu eta baloratu behar dena, euskara elkarteen antolatutako euskaltzaleen mugimendua gakoa dela hizkuntzaren berreskurapen prozesuan.

Noren aurrean jarri beharra dago elkarteen lana balioan?

Hiztun komunitatearen barruan euskara elkarteak erreferentzia garrantzitsua dira, hurbil daudelako, erakutsi dutelako egitasmoak garatzeko gaitasuna... Orain lortu behar duguna da elkarte izatetik herriko euskaltzaleen topagune izatera pasatzea, egitasmoak kudeatzen dituen egitura moduan agertzetik euskararekiko zaletasuna duten pertsonak biltzen dituen gizarte mugimendu moduan agertzera pasatu behar dugu. Gizarte mugimendu koherentea, bere baitan euskaraz bizi diren hiztunak batzen dituena, irekia, euskararen ezagutza edo erabilera txikiagoa izan arren euskaltzaleak ere erakarriko dituena, eta eragilea, hizkuntzaren errealitatean eragin nahi duena.

Soraluzen, zehazki, zelan bizi dituzue aipatutako egoera horiek guztiak?

Soraluzeko euskara elkartearen ezaugarri nagusienetako bat gaztetasuna izan da. Elkartearen gidaritza eraman dutenak pertsona gazteak izan dira. Horrek bizitasuna eta freskotasuna eman dio elkarteari eta ekintzailetasun horri eskerrak herriko elkarterik emankorrenetakoa bihurtu da. Herritarren errekonozimendua ere lortu dugu, baina oraindik zeregin handia dugu elkartea herriko euskaltzaleen topagune modura irudikatzen.

Herri euskalduna da Soraluze, euskaraz normaltasunez jarduten da leku eta esparru guztietan?

Soraluze herri euskalduna izan zen baina industriak erakarrita herrira etorri zen etorkin kopuru handia dela eta asko erdaldundu zen garai batean. Momentu honetan euskarak eta euskalgintzak prestigio handia dute herrian, bai instituzioetan, bai hezkuntzan, bai elkartegintzan, bai kultur sormenean euskara hegemonikoa da, eta hori lorpen garrantzitsua da. Udalaren diru-laguntza politika ausartari esker euskaltegiak ere beteta daude. Erdaldun elebakarrak eta elebidun erdaldunak %35 inguru dira eta horrek eragin handia du kaleko erabileran, batez ere helduen eta gaztetxoen artean, hala ere, badago 18-30 urteen arten euskaraz bizi den jende multzo garrantzitsu bat erreferentea dena.  .

Pil-pileanek hedabide moduan ere ibilbidea egin du dagoeneko. Zelako osasunarekin?

Momentu honetan Pil-pilean hilabetekaria eta interneten Plaentxia.com albistaria ditugu. Lan talde polita dugu eta gogotsu dihardugu. Hala ere, kontziente gara hedabideen mundua etengabe eraberritzen ari dela eta atzean gelditzeko arriskua dugula. Ahalegindu gara garapen aukerak erraztuko lizkigukeen bailara mailako komunikazio egitasmo bateratu bat garatzen baina orain arte behintzat ez dugu bide horretan pausorik ematerik lortu. Etorkizunean asmoa dugu dugu gure produktuak eta batez ere hedabideak ulertzeko modua berritzeko, hedabide kolektibo edo komunitario bihurtzeko bideari heldu nahi diogu.

Jaiari dagokionez herritarrak mugitzea lortu duzue? Erraza izan da?

Bai. Harritzerainokoa da zelako prestutasuna dagoen euskalgintzarekin lotutako kontuetan laguntzeko. Horrek berak adierazten du zerbait. Egun horretan elkarte gastronomikoek bazkariak eskainiko dituzte, musika eskolak, dantza taldeak eta bertso eskolak emanaldiak, musikariek kontzertuak, aisialdi taldeak umeendako gunea kudeatuko du, udalak azpiegitura eta diru-laguntzak emango ditu... Gainera aurrekari ezagunik gabeko jai eguna denez eta aldi berean Euskal Herri mailakoa, badauka misterio puntu hori herritarrei interes berezia pizten diena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak