Jon Plazaola: "Itxaropena ez, uste dut umorea galdu behar dela azkena"

Txomin Madina Milikua 2013ko ira. 26a, 02:00

Aktorea, gidoilaria, monologista, aurkezlea... Urretxuarra ETBko 'Kontrako eztarria' saioan dago egun; Xabier Euzkitze, Anjel Alkain eta Iker Galartzarekin 'A Talde'-ko kidea da bertan.

1. Gaurkotasuna eta umorea dira saioaren bi hankak. Zela joan dira lehen urratsak?

Positiboki harrituta geratu gara: kamara aurrean gaudenok batera lan egiten dugun lehen aldia da, eta oso natural ikusten den feeling-a lortu dugu. Gustura gaude, ikusten dugulako badaudela osagaiak egin nahi dugun produktura asko gerturatu daitezkeenak.

2. A Talde-ko gainerako kideak ez dituzu nolanahikoak...

Talde polita dugu, bakoitza bere funtzioarekin: albisteak ematen Xabier, bere pose eta euskara garbiarekin; eta ni, bufoiagoa. Eta fikzioan bi crack, Anjel eta Iker, edozein pertsonaia bihurtzeko gaitasunarekin.

3. Egunero ordu erdi barre eragiten; garai grisotan, badu meritua!

Garaiak grisak, beltzak, arrosak edo horiak izan, barre egin beharra dago. Jende askok dio azkena galtzen dena itxaropena dela, baina nik uste dut, kosta arren, azkena galdu behar dena umorea dela. 

4. Edozeri atera dakioke punta?

Bai. ETBn eta edonon muga errespetua da. Horrek ez du esan gura nahi eta nahi ez politikoki zuzenak izan behar dugunik. Baina edozertaz barre egitea sanoa da.

5. Zeuri, zein gai joaten zaizkizu kontrako eztarritik?

Gehienei legez, ustelkeria: egungo egoeran hainbatek, azpikeriekin, aberastasun propioa bilatzea. 

6. Saioan, taldean; agertokietan, gehienetan bakarka. 

Erregistro ezberdinak dira: bakarka, A Talde-ko lau profilak batean batzen ditut. Taldean, profil bakoitzaren ezaugarriak ondo finkatzen ditugu probetxua ateratzeko. 

7. Monologista moduan zapaldu ez duzun gaztetxerik geratzen da?

Asko ez! Hamabi urte beteko ditut bakarrizketetan eta nire zirkuitua apur bat underground-a izan da. Gaztetxeak oso toki aproposak dira: giroa, jendearen jarrera... Oroitzapen onenetakoak gaztetxeetakoak dira; babestuta sentitu naiz.

8. Ikusleak hotz xamar daude. Zerk ez du hutsik egiten? 

Umorean gabiltzanok umore inteligentea egin gura dugu, baina askotan oinarrizkoenak, eskatologikoak, ez du hutsik egiten. Baina kontua da nola kontatu; gakoa da jendeak ikustea zuk zeuk ondo pasatzen duzula. 

9. Zuhaitz Gurrutxaga eta zu futbolarien gatz bariko fama apurtzen zabiltzate.

Gurrutxagak horrekin ere egiten du umorea! Ni erregionalean ibili nintzen, baina futbolariak ikustean, beti diot: "Ni horra heldu izan banintz, aspertuko nituzke kazetariak!".

10. Zertarako balio izan dizu Arte Ederrak ikasteak?

Ikus-entzunezko eta komunikaziorako bidea erakutsi zidan, gustatzen zaidana egiten.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Gaur egun dagoen panorama ikusita, benetan beharra duenari emango nioke. Ni neu ezin naiz ezertaz kexatu. Pozik bizi naiz; gustatzen zaidana egiten dudalako pribilegiatua sentitzen naiz: ETBko lanaz gain, bakarrizketak ditut, laburmetraiak... Horiek izpiritua betetzen didate, eta gehiago egiteko gogoa ere badut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak