Debagoieneko ahotsa San Mames berriko lehen partiduan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 19a, 18:04

Gorka Etxabe aretxabaletarrak egin zituen 'speaker' lanak astelehenean San Mames berrian jokatutako lehen partiduan. Izatez, Alaveseko 'speakerra' da, Mendizorrotzan; 17 urte daramatza eurekin, eta euren zelaian entzungo dugu aurrerantzean ere. Ohituta dago, beraz, zeregin horretan, baina San Mameseko esperientziaz galdetuta, ardura eta errespetua sentitu zuela aitortu digu.

San Mames berrian jokatutako lehen partiduko "ahotsa" izan zara. Zer moduz, zer sentitu zenuen? 

Ardura. Futbol zelaietan hitz egitera ohituta banago ere, San Mames berriaren inaugurazio ekitaldiak bazuen konnotazio berezi bat, batez ere Bizkaian. Bertako hedabideek gau historikotzat jo zuten futbol zelai berriaren irekiera... eta horrek guztiak badu eragina. Baina, bestela, lasai nengoen. Aurretik jaso nuen gidoia eta, hortaz, banekien momentu oro zer egin behar nuen.

'Speaker' lanetan aspalditik diharduzu, ordea, 17 urtez ari zara Alavesen zelaian egiteko horretan.

Halaxe da, ni Alaveseko speakerra naiz Mendizorrotza futbol zelaian eta lotura estua dut Gasteizko futbol taldearekin. Alavesekin Lehenengo mailan, Europan, Bigarrenean eta Bigarren B mailan egon naiz. Asko sufritu dugu eta momentu historikoak bizi izan ditugu Gasteizen. Eta nolabait, Alavesek profesioa erakutsi dit.

Giroa ezberdina da batean eta bestean?

Bai, San Mames lehenengo mailako zelaia da, Estatuan gutxi izango dira horrelakoak. Aurreko egunean 35.000 lagun baino gehiago zeuden eta horrek errespetua ematen du. Mendizorrotza, berriz, gertuago dut zentzu guztietan. Zaleekin konplizitatea, jokalariekin gertutasuna, urteetako konfiantza... Desberdinak dira, baina azken aldian Gasteizen Iraultza 1921 taldearekin sekulako giroa izaten da.

Athleticekoa, Alavasekoa, Realekoa... nongo zalea da Gorka?

Batez ere Alavesekoa eta Realekoa. Baina, mikrofonoa esku artean dudanean, profesionala naiz eta nire lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz. Aurrekoan Bilbon ere oso ondo sentitu nintzen eta Klubekoek oso ondo hartu ninduten. Gasteizen ere bazekiten San Mamesera joango nintzela eta ez zidaten inongo trabarik jarri. 

Nolakoa da 'speaker' lana? Nondik eta nola egiten duzue lan?

Zaleei ongi-etorria egiten diegu, partidua aurkezten dugu, iragarkien narrazioa egiten dugu eta taldea zelaira irteterakoan hamaikakoa kantatzen dugu. Gainera, aldaketetan ere informazioa eskaintzen dugu. Ni ez naiz batere espektakularra zentzu horretan. Golak kantatzen ditut baina protagonistak jokalariak eta zaleak dira, inoiz ez speaker-a.

Eta nola sortu zitzaizun San Mames berriko lehen partidu horretarako aukera?

Gasteiztik etorri zen eskaintza, Baskoniako speaker Joxefelipe Auzmendik komentatu zidan. Hark nirekin egin izan ditu horrelakoak eta berak deitu zidan aukera zegoela esanez. Ondoren Athleticetik jarri ziren harremanetan eta froga bat egin ondoren, partiduan nik speaker lana egiteko eskatu zidaten.

Milaka pertsonentzat egindako hitzak dira eta, bereziki, astelehenean, belarri asko zeuden San Mames berrian jarrita. Ez du erraza izan behar...

Ez da erraza, baina garrantzitsua da gidoiak esaten duenari fidela izatea. Esperientzia ere inportantea da eta aurretik aipatu dugun moduan, futbol zelaietan denbora asko daramat.

Eta goool esaterako orduan, zer moduz?

Ondo. San Mames oso bertikala da eta jokalariak bereiztea ez da erraza, baina irratia piztuta edukitzen dut eta lankideek ere laguntzen didate. Jokalariak gola sartzen duenean goool kantatu eta golegilearen izena errepikatzen dut behin eta berriro. Oso gustuko dut Alemaniako estadioetan golak nola kantatzen dituzten. Konplizitate handia izaten da speaker-aren eta harmailaren artean, eta zaleek esatariari erantzuten diote.

Celtak egin zuen San Mames berrian lehen gola. Lastima?

Bai. San Mames berriaren historian Charlesek izango du bere tartetxoa. Edozein modutan be, bitxikeriak dira eta askotan hedabideek garrantzi gehiago ematen diete horrelakoei, zaleek edo jokalariek baino. 

Mendizorrotzan jarraituko zaitugu entzuten. Eta San Mames berrian?

Mendizorrotzan jarraituko dut, hura da nire etxea. San Mamesen beste noizbait behar banaute...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak