Atez atekoarekin %80,96ko gaikako bilketa tasa lortu dute Oñatin bi hilabetean

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 17a, 20:06

Oñatiko Udal Gobernuak atez atekoaren gaineko datuak eman ditu aditzera, sistema abian jarri eta bi hilabete pasa direnean. 2012ko uztail eta abuztuan %26,36ko gaikako bilketa tasa izatetik, 2013an –bi hilabete horietan eta sistema martxan jarri berritan– %80,96ko gaikako bilketa tasa lortzera pasa dira. Datu horiek kontuan izanik, Oñatiko Udal Gobernu Taldeak herritarrak zoriondu ditu, "hondakinen kudeaketan erakutsi duten arduragatik".

"Bi hilabete pasa dira Oñatin atez ateko hondakinen bilketa sistema abian jarri genuenetik. Jakina zen moduan, herritar askorentzako eguneroko ohituretan aldaketa bat suposatu du eta alde horretatik hasierako egunetan urduritasun eta kezka ugari izan ziren", adierazi dute Udal Gobernu Taldetik. 

Uztail eta abuztuan egindako lanak emandako emaitzarekin pozik daude, ordea. Izan ere, emandako datuen arabera, 2012ko uztaila-abuztuan guztira 457.068 kilo errefusa (edukiontzi berdea) jaso ziren, eta 2013ko uztaila-abuztuan guztira 79.682 kilo; eta 2012ko %26,36ko gaikako bilketa tasatik 2013an sistema abian jarri berritan %80,96ko gaikako bilketa tasa lortzera pasa dira –gaikako bilketa tasa horretan, hirigunea, landa eremua eta ostalaritza ez ezik, industriako bilketako datuak ere aintzat hartu dira–.

Datu horietatik abiatuta, Oñatiko Udal Gobernu Taldeak herritarrak zoriondu ditu, "hondakinen kudeaketan erakutsi duten arduragatik", eta "denen arteko elkarlanari esker herri garbiago eta osasuntsuago bat" izango dutela gaineratu du. 

Ahalegin berezia egiteko konpromisoa

Horrekin batera, Oñatiko Udalak konpromisoa hartu du hobetzeko bidean ahalegin berezia egiteko: "Sistema berria izaki, badago zer hobetua ere eta Oñatiko udaletik konpromisoa hartzen dugu hobekuntza horren bidean ahalegin berezia egiteko. Bide horretan hondakinen jarraipen batzorde bat eratu berri da, non adin, bizileku nahiz sektore ezberdinetako herritarrak biltzen diren datuak aztertu eta nabaritzen diren beharrak mahai gaineratzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak