Kontsumoa jaitsi eta konponketak areagotu egin dira

Imanol Gallego 2013ko ira. 18a, 02:00

Krisia konpontzea ez da erraza, baina krisiaren ondorioz konponketak ugaritu egin dira. Duela urte batzuk arte, nagusi zen kontsumismoari esku-frenoa jarri diote familiek.

Ekonomialari asko kontsumoaren eztandaz mintzatzen dira, eta beste askok kontsumoaren migrazioa eta kontsumismoaren eztanda aipatzen dute. "Egia da gutxiago erosten dela, baina kontsumitu kontsumitzen da", dio Santiago Niño Becerra ekonomialari ezagunak. Azken urtean ospe handia lortu duen Jose Maria Gay de Liebanak beste ñabardura bat egiten du: "Produktu berriak erostetik, zaharrak berritu eta berrerabiltzera pasatu gara, eta horretarako ere zapatari, iturgin, tailerretara jotzen dugunez, hori ere kontsumitzea da". Argi dago duela urte gutxi zabalduago zegoen erabili eta bota hori orain erabili, zaindu eta berrerabili dela, krisiaren eraginez.

Ikasturte hasieran ez da eskola material guztia erosten, liburuak berrerabili egiten dira... Jendeak ez ditu produktuak denboraldi baterako soilik erosten; orain, urte gehiagotan probetxua ateratzeko asmoarekin eroaten ditu etxera. 

Prakak konpondu, zapatei tapa berriak jarri, kremailera bat... horiek betiko konponketak izan dira; orain, baina, lantxo horiek ugaritzeaz gain, zaildu ere egin dira. Betiko jostun edo zapatariek lan konplexuagoak egin behar izaten dituzte. "Orain, jendeak gordeta zituen arropak atera eta haiek berritzeko eskatzen du", dio Arantxa Alonsok, Casa de Labores dendako jabeak. Takoi sarrailagintzako zapatari Manu Cruzek ere antzerako iritzia dauka: "Erabilera luzatzean, produktua hondatuago iristen da eta prezio beragatik lan handiagoa egin beharra dago". 

Iturginen kasua larriagoa da; zenbait kasutan, dirua aurrezteko, profesional batek egin beharreko lana etxean arazoa duenak egiten du. "Beti egon dira lantxoak egiten dituzten senarrak, baina orain joera areagotu egin da", dio Saner Iturgintzako Pablo Sanzek. Horrelako kasuetan, baina, dirua aurreztu baino, gehiago xahu daiteke. "Nahi barik, erositako produktua hondatu egin daiteke eta kalteak etxe guztira edo bizilagunen etxera ere irits daitezke", gogorarazten du Sanzek. Gainera, kasu askotan, "produktu zaharrak berriak baino kontsumo handiagoa dauka eta hil bukaeran bataren eta bestearen arteko ezberdintasuna fakturan igartzen da".

Konponketak, profesionalak 

Inozoa dirudien arren, ñabardura garrantzitsua da hori. "Jendea prezio onenaren bila dabil eta bost axola dio batengana jo edo bestearengana jo", dio Saner Iturgintzako arduradunak. Batzuetan, profesionala ez den batek lantxoa egin ostean hau gertatzen da: "Hark egindakoa guk konpontzea nahi izaten dute; merke, gainera!". Horregatik da garrantzitsua profesional batengana jotzea. 

Diru sarrerak murriztu egin direnetik, zentimo bakoitza zaindu beharra dago, baina jendea mauken bila doa. "Krisiak ez ditu pagotxak areagotu. Aukerak, akaso, baina pagotxak... Hala ere, jende asko mirari bila etortzen da", dio Sanz iturginak.

Zapata konponketen arloan ere iritzia antzerakoa da: "Norberak konponketa egiten hastea baino merkeagoa da zuzenean guri ekartzea; bestela, hark egindakoa nik desegin egin beharko dut, eta, azkenean, prezioa garestitu egingo zaio". Dena den, Cruzek umore onez hartzen ditu honelako lanak: "Lehen, zapatak behin baino ez nituen konpontzen; orain, aldiz, bi eta hiru aldiz konpondu nahi izaten dituzte". Data zehatza gogoan ez duen arren, 17 bat urte pasatu dira Manu Cruz zapataritzan lanean hasi zenetik: "Nik aurrez konpondutako zapatak berriro konpontzeko eskatu izan didate; horrez gain, detaile berriak jarri edo zapatak berritu edo eguneratzeko enkarguak jasotzen ditut". 

Joskintzaren kasuan, jendeak beste joera bat hartu du: "Niri konponketa zailenak ekartzen dizkidate eta errazenak etxean egiten dituzte". Edozelan ere, salbuespen ugari ere izan ditu: "Gazteek josten ez dakitenez, ba, edozein gauza ekartzen didate". Kontrako kasuren bat ere gogoratzen du Alonsok: "Amama batek bilobak emandako lan bat eman zidan, berak ez baitzekien zelan egin". 

Horrelako egoerek konponbide erraza izan ohi dute, baina ez da beti berdin gertatzen "profesionala naiz eta nire lana ahalik eta hoberen egiten saiatzen naiz, baina azkenaldian konponezin diren enkarguak ere jasotzen hasi naiz". 

Ez da mauka 

Galdetutako guztiek iritzi bera dute: konponketak ugaritu egin diren arren, euren lanekin ez dira aberats egingo. "Azken hiru urteetan ez ditut prezioak igo", dio Alonso jostunak. Hirurak eskarmentu handiko profesionalak dira, eta urtetan egindako lanari esker egiten dute aurrera. "Nik denda handitu dut, baina giltzen kopien kontua ere jarri dut", dio Cruz zapatariak. Badirudi garai hauetan irabazia murrizteaz gain, negozioak ahalik eta zabalena izan behar duela. Casa de Laboresen ere hori gertatzen da: "Mertzeria ezin duzu alde batera utzi; konponketek dirua eman arren, besteak jende erakartzen laguntzen du".

Iturgintzari dagokionez, hor ere konponketa asko egiten dira, baina jendeak gehiago begiratzen dio kostuari. "Lehen, jendeak diseinuari begiratzen zion; orain, berriz, aurrekontu bila etortzen dira", dio Sanzek. Haren biltegian, etxe berrietatik kendutako dutxa, komun eta bestelako aparailu ugari dago: "Duela urte batzuk arrunta zen etxe berri batera joan eta komuna goitik behera berregitea; orain, aldiz, jendeak kontzientzia handiagoa dauka". Pablo Sanzek argi dauka: "Bezeroei eusteko marjinak murriztu egin ditut; materialen prezioek gora egin duten arren, azkeneko urteotan ez dut lanorduen prezioa igo".

Krisia konpondu egin daiteke? 

Ekonomialariek baietz diote, baina konponketen profesionalak diren hiru elkarrizketatuek ez dute argi. "Asko estutu ostean, lehengora bueltatzea zaila izango da", dio Sanzek. Cruzek, aldiz, hau dio: "Egoera honek konponketa bat baino gehiago behar duela uste dut". Alonso jostunak hau azpimarratzen du: "Egoera pasaraztea baino gehiago, beste patroi bat behar du".

Hiru profesional horiek ez dute krisia konponduko, baina azken orduan apurtu zaizun zerbait horrek eragiten dituen krisi bat baino gehiago konpontzeko gauza dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak