1. Nola egin aurre estreinuaren aurreko urduritasunari?
Urduri gaude, baina hasteko gogoarekin: orduan ikusiko dugu zerk funtzionatzen duen eta zer aldatu behar dugun. Hastea da konponbidea, baina denboraren kontra ezin da ezer egin.
2. Magazin urbanoa izango ei da zuena. Azalpen gehiago, mesedez.
Ez zaizkigu etiketak gustatzen baina... Urbanoa aukeratu da hiritik, hirira begira eta hiriko jendearentzat egingo dugulako. Horrek ez du esan gura Zeanurira edo Oñatira begiratuko ez dugunik. Hiriko edukiak ekartzen saiatuko gara; euskal hiriak eta munduko hiriak.
3. Hiritik edo herritik begiratu, mundua hain ezberdin ikusten da?
Ez, baina bada beste ikuspuntu bat, beste bizitzeko modu bat. Hirian anonimoagoa zara, eta horri esker bestelako gauza batzuk egin ditzakezu; bestelako mugimendu bat egon liteke.
4. Ze gaik motibatzen zaituzte?
Istorioek, izenez protagonistak ez direnen istorioek: izan daitezke jende anonimoaren kontuak. Horretan saiatuko gara: edozein izan daiteke protagonista; mundu guztiak du istorio bat kontatzeko.
5. Zuzeneko bi orduk, sukaldeko zenbat lan eskatzen dute?
Eman nahi dizkiozun denak. Bi ordu egiteko lagun asko behar dira, baita ordu asko ere.
6. Imajinatzen duzu kazetaritza Google barik?
Ez, eta sarri galdetzen diet Internet baino lehen kazetaritzan zebiltzan lankideei nola egiten zuten. Batzuetan gehiegi ere bada: etxe parean gertatutakoa nahiago dugu Googlen ikusi, lekuan baino. Hori penagarri xamarra da, baina aukeran...
7. Elkarrizketatu mutuari edo isiltzen ez denari, zeini beldur handien?
Gu denborari begira gaudenez, isiltzen ez denak saioa salbatuko dizu. Baina eduki eta kalitate aldetik, gutxi hitz egiten duenaren elkarrizketa, zailagoa baina askoz interesgarriagoa izango da.
8. Erlaxatzeko, yoga edo Goenkale-ko atal bat nahiago?
Goenkale-ko atal bat, oso zalea naiz-eta. Sorpresa izan da gainera, Hiri gorrian-en lankide izango dudan Xabi Larrazabal ere oso zalea dela jakitea.
9. Zela joan zaizu aurten Tourreko porra?
Ez dut egin! Beti egin ohi dut, baina aurten, bata eta bestea, seko ahaztu zitzaidan! Ikasturte berriarekin batera kiniela egiten jarraitzen dut, baina porrarik ez.
10. Noiz joan zinen azkenengoz Arcachongo uretako jolas-parkera?
Horra ere kale aurten! Lagunek ohitura dugu urtean behin joateko; baina zahartzen ari gara nonbait, eta zailagoa zaigu denoi asteburu bat lotzea.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Denboraren makina bat asmatuko nuke. Denbora ezin da aldatu, denboraren kontra ezin da ezer egin. Denbora kontrolatzeko gaitasuna banu, sekulakoa izango litzateke: batzutan aurreratzeko, beste batzutan azkartzeko eta baita gelditzeko ere".