Telekomunikazioen merkatu bakarra, gertuago Europan

Jon Berezibar 2013ko ira. 16a, 11:30

Batzordeak dagoeneko aurkeztu du txostena, 'roaming' tarifikazioa galarazteko neurriekin. Datorren urteko uztailean, jasotako telefono deiei kenduko dizkiete itinerantzia kostuak eta 2016rako roaming-a desagerrarazi beharko dute operadoreek.

Europako Batasunak Telekomunikazioetarako Merkatu Bakarra taxutzeko urrats berri eta garrantzitsua egin du. Lege proposamena aurkeztu dute eta txostenak 2014rako Europa mailan roaming-arekin amaitu eta zenbait aplikazioren blokeatzea galarazteko neurriak jasotzen dira.
Neelie Kroes Batzordeko presidente ordeak eman zituen azalpenak joandako eguenean.Telekomunikazioen Merkatu bakarra lehenbailehen gauzatu gura dute Batzordetik eta hartuko den neurri nagusietako bat roaming-arekin (Estatutik kanpoko deien eta datu erabileraren tarifikazio estra) amaitzea izango da, herrialde araberako aldaketa barik, gainerako merkatuekin gertatzen den moduan. Proposamena aho batez onartu du Batzordeak eta tramitazioan sartuko da jarraian.

Lehen urratsa 2014an

Lehenik eta behin, proposamena onbidean badoa, datorren urteko uztailean jasotako telefono deiei kenduko dizkiete itinerantzia kostuak eta 2016rako roaming-a desagerrarazi beharko dute operadoreek eta erabaki estatuko tarifikazioa Batasun osorako eskainiko duten edo bestela erabiltzaileari bere estatutik kanpo beste zerbitzu bat kontratatzen utzi beharko diote telefono zenbakiz ala SIM txartelez aldatu barik.
Zenbait aplikazioari telefonia operadoreek ezartzen dizkieten mugak ere galarazi gura ditu Batasunak. WhatsApp ala Skype bezalako zerbitzuei ezartzen dizkietenak dira sonatuenak, zenbait operadorek aplikazio horiei datu murrizketak ezartzen dizkiete-eta, oztopo bezala.


Erregulazio gutxiago

Ordainetan Batzordeak burokrazia prozesuak murriztuko ditu operadoreei jarduteko erraztasunak emanez, adibidez. Erregulazio maila gutxitzeko asmoa ere badauka Batzordeak merkatua arindu eta, diotenez, Europako sektore honen biziberritzean eragiteko eta erabiltzaileari eskaintzen zaizkion zerbitzuen kalitatea hobetzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak