Bi iPhone-erekin sendotu du eskaintza Apple-ek

Jon Berezibar 2013ko ira. 11a, 13:24

iPhone-etan, bi izango dira-eta modeloak aurrerantzean, oinarritutako aurkezpena izan zen atzokoa. iPhone handia, betikoa, eta xumeago bat egongo dira salgai aurki. iPhone 5s eta 5C dira telefono berriak; lehena iPhone 5aren bertsio hobetua, hatz-marka irakurgailuarekin eta ahalmen oso handikoa; eta, bigarrena, iPhone xume eta, ondorioz, merkeagoa izango da.

Phil Schiller Apple-eko presidente-ordeak Cupertinotik (California) egin zuen aurkezpena atzo. Berak aurkeztu ditu iPhone-aren bi modelo berriak, “txikia”, iPhone 5C-a,  eta “handia"-ren bertsio hobetua, iPhone 5s-a.

Esamesen bazka izan da iPhone “low-cost”-a azken hilabeteetan. Apple-en filosofiarekin ez zetorren prezio baxuko produktuak atera ala gama baxuagoetara jotzea eta horregatik, bereziki egoskorra izan baitzen horren inguruan Jobs zena, oso zalantzan jarri izan da aukera hori.

Bada, azkenean bai, iPhone merkeago bat merkaturatuko du Apple-ek. Ez da inondik inora low-cost gama bat, telefonoaren bertsio xumeago bat baizik. Gama merkeago batekin merkatuaren geruza gehiagotan txertatzea baino, Asiako merkatuei eta kontsumitzaile gazteei begira dago Apple, gaur egun Android-en esku daude sektoreak, hain zuzen.

Materialetan aldea

iPhone 5C-a aluminioarekin barik polikarbonatoarekin dago egina eta 4 hazbeteko Retina Display pantaila dauka. Prozesatzailea A6 bat da eta kamera nagusia 8 megapixelekoa da; biak iPhone 5ak gaur egun dituenak. Kolore bizi eta alaietan jarriko dute salgai, gainera, iPod Nano eta Touch-ekin egin izan duten moduan. 549 eta 649 dolar arteko prezioan ipiniko dute salgai telefono berria.

iPhone berria: 5s

iPhone-aren bertsio berria 5s-a da, aurreko modeloaren, iPhone 5aren hobekuntza dena. Zenbakia aldatu ez badiote ere, izendapenak erakuts dezakeena baino berrikuntza nabarmenagoekin dator oraingoan iPhone-a.

Hasteko, teknologikoki, ahalmen aldetik munduko eskuko telefonorik garatuenetakoa izango da iPhone 5s-a – Samsung Galaxy S4 eta HTC One-arekin –, eta 64 biteko txipa eta A7 prozesatzailea ditu hori frogatzeko. Lehen iPhone-ak baino 40 aldiz bizkorrago egiten du lan modelo berriak. Bizkortasun horri esker, errendimendu mailan mahaigaineko ordenagailuen eta bideo-joko kontsolen parean jarri gura izan dute telefonoa.

Nobedade guztien artean, ordea, Touch ID delako eskanerrak eman du atentzioa. Home botoia, ordezkatuko du hatz-marka irakurgailu horrek aurrerantzean. Erabiltzailearen hatz-marka segundo bakarrean antzemateko gauza da botoia eta telefonoa desblokeatzeaz gain identifikatzaile gisara ere balioko du erosketak egiteko, adibidez. Zafiro kristalez dago eginda botoia.

Kamerari dagokionez, 8 megapixelduna da, aurreko modeloan bezala, baina pixel kopurua zertxobait handitu dute.  Diafragmaren irekidura ere zabaldu dute apur bat, argiztapen urriko uneetarako, eta flash True Tone delako flash-a ere badakar, argazkiei tonu naturalagoa emateko.  Argazki segidak ateratzeko aukera ere emango du kamera berriak.

Prezioari dagokionez, irailaren 20tik hasi eta urtearen amaiera bitartean jarriko da salgai mundu guztian 699 eurotan, modelo garestienaren kasuetan. Nobedade moduan, gainera, hiru koloretan eskuratu ahalko da iPhone 5s-a, zilar, urre eta arbel koloretan.

Sistema eragile berria

Hau ez da nobedadea, Apple-ek egina baitauka aurkezpena, baina aldaketa handia ekarriko du iOS-en diseinuan eta erabileran. iPhone berriak iOS-en zazpigarren bertsioarekin etorriko da. Sistema eragile berria irailaren 18tik aurrera egongo da eskuragarri iPhone 4 eta iPad 2tik aurrera. Honekin batera, Apple-ek doan banatuko ditu iWork eta iLife aplikazio sortak ere; iPhoto, iMovie, Pages, Numbers eta Keynote aplikazioak, aurrerantzean, doako izango dira, hortaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak