Samsung-ek ere berea aurkeztuta, hasi da erloju 'inteligenteen' lasterketa

Jon Berezibar 2013ko ira. 9a, 10:24

Smartwatch-aren lasterketa hasi da Sony, Qualcomm eta, orain, Samsung-en modeloen aurkezpenarekin. Merkatuan, oraingoz, urte amaierari begira aurki daitezken aukera nagusiak dira horiek.

Aitzindari txikiagoen erlojuak ere aurki daitezke jada merkatuan – zerrenda, gainera, ez da laburra – baina oraingoz arrakastarik ez dute izan proposamen txiki horiek. Telefono mugikor ala tableta eta erabiltzailearen arteko bitartekari lana egiten dute aurkeztutako modeloek, hau da, telefono ala tableten mendeko dira, alegia.

Samsung-ek joandako astean aurkeztu zuen bere erloju inteligentea, Berlinen, IFA teknologia azokan eta alorrean aurrea hartu gura die lehiakideei; Apple, noski, jomugan. Egun gutxi barru, irailaren 25ean ipiniko da salgai gailu berria, 300 euroren bueltan,  eta ezaugarri nagusien artean ahots kontrol bidez deiak egin eta jasotzeko aukera ematen du, jakinarazpenak jasotzen ditu eta argazki kamera dauka uhalean.



Ezaugarrietan sakonduz gero, gailuak eman ditzakeen aukerak handiak dira. Abiadura eta mugimendu sentsorea dauka Samsungen erlojuak. Mugimenduak atzemanez, esate baterako, dei bat erantzun daiteke erlojua belarrira gerturatzearekin bat ala argazki bat atera besaurrea aurpegi aurrean horizontalki kokatuta. Hain zuzen, automatikoki fokatzen duen kamera bera uhalean ezarri dute diseinatzaileek, mikrofonoa eta bozgorailua eskumuturraren barneko aldean ipinita, erloju baten lotunea dagoen lekuan.

Pantailari dagokionez, ukigarria da, 1,63 hazbetekoa baina testurik ezi  daiteke idatzi. Sistema eragileari dagokionez, Android da eta 800 MHzko prozesatzailea, 512 MB RAM memoria eta 4 GBeko barne-memoria.

Lehiaketa ekin da

Merkatuan aitzindari moduan bere lekutxoa bermatu gura duen beste handiki Qualcomm da.  Estatu Batuetako telefonia mugikorreko konpainiak Toq modeloa merkaturatuko du urte amaiera aldean. Prozesatzaileen merkatuan da nagusi Qualcomm eta Toq erlojuarekin praktikan ia hasiberria den alorrean indartsu sartu gura dute. Modeloak oinarrizko funtzioez gain musika entzungailua ere badauka eta eguzkitan ere ondo ikusten den lehen pantaila dauka. Samsung-en Galaxy Gear-en antzerako prezioan egingo ei da salgai.


Jokalariak hasi dira, beraz, proposamenak erakusten eta  Apple-en mugimenduaren zain dago orain merkatua. iWatch marka, gutxienez, erregistratuta daukate zenbait herrialdeetan Apple-ekoek eta litekeena da hurrengo hilabeteetarako iragarri dituzten aurkezpen  entzutetsu horietako baten ezustekoa eman gura izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak