Sergio Uriarte: "Pilotan, entrenatzaile ona izateko, ilusioa, gogoa eta profesionaltasuna izatea ezinbestekoa da"

Naiara Uriarte 2013ko ira. 8a, 02:00

Sergio Uriartek (Aretxabaleta, 1984) Heziketa Fisikoko irakasle ikasketak egin zituen Huhezin. Haiek amaituta, eskolak eman ditu zenbait ikastetxetan, eta Madrilen ere izana da, gimnasioko monitore izateko kurtsoak egiten. Egun, gimnasioko monitore eta pilotako irakasle lanetan dihardu, eta kirola eta umeak bere bizitzako pasioak dira.

Nondik datorkizu pilotarekiko zaletasuna?

Aitaita pilotazale amorratua zen, eta gaztetatik harekin ikusten nituen pantaila txikian partiduak. Batzuetan, herrian edo inguruan partiduak baziren, elkarrekin ikustera joaten ginen.

Noiz hasi zinen jokatzen?

5 urterekin hasi nintzen, eta kategoria guztietan ibili naiz: haur, benjamin, alebin, kadete, gazte eta afizionatu. Torneo gehienak Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian jokatu ditut, baina Nafarroan ere izan ditut. 

Zein oroitzapen dituzu entrenatzaileaz eta zure entrenamenduez? 

San Migel izan zen nire entrenatzailea. Egun, erreferente gisa daukat. Profesional handia zen: zorrotza, baina gertukoa. San Migelekin astean bi edo hiru aldiz entrenatzeaz gain, nire kabuz egunero ibiltzen nintzen pilotan.Oso garrantzitsua da egunero entrenatzea, 30-40 minutu inguru nire kontu. Batik bat, eskuak gogortzeko. Prestakuntza fisikoa gimnasioarekin osatzen nuen. Horrela ezagutu nuen hain gustuko dudan gimnasio mundua. 

Noiztik zara pilota entrenatzaile?

Hamazortzi urtez aritu naiz Aretxabaletako gaztetxoak entrenatzen. Kategoria guztietan, alegia. Orain, berriz, urtebete daramat Oñatiko nerabeekin. Izan ere, orain dela urtebete Oñatira etorri nintzen bizi izatera, eta, horren  ondorioz, Aretxabaletako taldeak utzi nituen.

Zaila iruditzen zaizu irakastea?

Irakastea ez da gauza erraza. Umeen jarrera kontuan hartu behar da, eta haien ikuspegitik bizitza ulertu. Bien arteko elkarrekintza beharrezkoa da, eta hori lortzea ez da lan erraza. Gainera, kategoria guztiak ditudanez, adin tartea ezberdina da eta egokitu egin behar dut. Bi motatako ikasleak ditut: denbora-pasa datozenak eta pilota gustuko dutenak. Gaur egungo umeek eskolaz kanpoko ekintza gehiegi dituzte. Horren ondorioz, asko gogo barik etortzen dira, denbora pasatzera. Beste batzuk, zorionez, benetan kirol hau maite dutelako. Nire eginkizuna da guztiei pilotan erakustea, baina interesa jartzen duten umeei arreta berezia jartzen diet. Izan ere, umetan gaztetxo asko daude, baina, nagusi egiten diren neurrian, kopurua murriztu egiten da. Kadeteetan eta gazteetan oso pilotari gutxi ditugu. Horrenbestez, gure eginkizuna da txikitan gogoko dutenengan pilotarekiko pasioa sortzea eta kirol hau maitatzea. 

Zer irakasten diezu? 

Hasieran, kirol hau atsegin izatea, hori irakasten saiatzen naiz.  Dinamikoa izaten ere ahalegintzen naiz. Behin kirola gustuko dutela, hainbat gauza irakasten diet: dejada eskuma eta ezkerrarekin, auto-eskua, kakoa... Kadeteetan eta gazteetan, aldiz, taktiketan eta hobetze lanetan zentratzen naiz.

Alor pertsonalean zer eskaintzen dizu lanak?

Gustatzen zaidana besteei erakusteko aukera izatea. Erabat betetzen nau gazteek nik izan nuen ilusioa izateak.

Kirola gustuko izanik, gogoko besteren bat?

Futbolean ere aritu naiz txikitan, eta noizean behin partidutxoren bat jokatzen dut. Tenisa eta mendia ere bai. 

Etorkizunean zein lanetan jardun nahiko zenuke?

Heziketa fisikoko irakasle lanetan jardun nahiko nuke. Hiruzpalau urtez ordezkapenetan jardun dut, baina, gaur egungo krisia dela-eta, egoera ez da erraza. Horren ondorioz, muskulazio monitore dihardut, eta pilotako irakasle. Gustura nago eta egiten dudana etorkizunean hala ere izatea gustatuko litzaidake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak