Turista ugari Debagoiena ezagutzen

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ira. 2a, 18:03

Bisitari asko igarotzen dira urtero Debagoienetik eta aurten ere asko izan dira ibarreko bazterrak ezagutzera bertaratu direnak. Halere, orokorrean iaz baino bisitari gutxiago pasatu dira turismo bulegoetatik aditzera eman dutenez.

Amaitu dira oporrak askorentzako, eta uda sasoi guztietan bezala, Debagoienetik turista ugari pasatu dira aurten ere.  Bisitarien joan-etorria igarri dute herri nagusietako turismo bulegoetan.

Oñatikoak honako datuak zabaldu ditu: uztaila eta abuztuan zehar 3.746 pertsona bertaratu ziren turismo bulegora. iazko zifrekin alderatuta jaitsiera igarri dute, Edurne Urteaga teknikariak azaldutakoaren arabera. Arrazoi ezberdinak ere eman ditu: "Agentziek ibilbide aldaketak egin dituzte, egun gutxiago etorri dira eta sakrifikatutako tokietako bat Oñati izan da. Egin duen eguraldia ez da aproposena izan barnealdera etortzeko. Eta agentzietatik etortzen ziren autobusak ez ziren betetzen".

Bergaran berriz, David Zapirain turismo teknikariak adierazi duenezazken hiru hilabeteotan 2.323 lagun igaro dira herritik. Ia 500 lagunek eskatu dute bisita gidatua egitea. Herria bera zein San Pedro parrokia eraberritua ezagutzeko aukera egon da, gainera.

Arrikrutzen ere jende ugari ibili da uda honetan. Uztaila eta abuztuan zehar iazko kopuru antzerakoa eduki dutela adierazi dute, nahiz eta jaitsiera txiki bat igarri. Uztailean 1.000 lagun inguru pasa dira eta abuztuan 2.000 gutxi gorabehera.

Eskoriatza aldean bestalde, iaz baino jende gehiagoren bisita jaso dute Saioa Alzua Eskoriatzako Ibarraundi museoko teknikariak aditzera eman duenez.  Iaz kanpotar gehiago bertaratu baziren, aurten batez ere bertakoen presentzia igarri dutela adierazi du.

Bisita gidatu ezberdinak eskaini dituzte egunero Eskoriatzan. Hala, Zubiate labea, Atxorrotz, Elorretako errota, herria bera eta Ibarraundi Museoa bertatik bertara ezagutzeko parada egon da abuztuan zehar.

Eta Leintz Gatzagako Gatz Museoko bisitei dagokienez Aitziber Gorosabel Museoko eta Turismo Bulegoko arduradunak aditzera eman dunez, guztira 100 lagun inguru pasa dira, 12-13 pertsonako taldetan banatuta. "Batez ere katalanak, valentziarrak, galiziarrak eta euskaldunak izan dira bertaratu direnak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak