Euskaltzaleen dolumina eta gorazarrea eskutik, Haritxelarren heriotzaren biharamunean

Jon Berezibar 2013ko ira. 2a, 14:43

Euskarak eta euskal kulturak galera izan dute. Atzo hil zen bere jaioterrian 90 urte zituela eta gaixotasun larriak jota Jean Haritxelar: euskararen defendatzaile sutsua eta euskararen akademia apaiz girotik askatu eta modernizatu zuen euskaltzale borrokatua. Eguaztenean izango da hileta elizkizuna Baigorrin eta gaur goizetik hil kapera zabalik dago Baionako tanatorioan. Sarean "Agur eta ohore" dira hitzik errepikatuenak haren heriotzaren berri ematen duten mezuetan. Berriak jaso du sarean zabaldutako dolu mezuen soka luzearen jarduna.

Berrian, Xarles Bidegain euskaltzainaren berbak titularrera ekarrita jaso dute albistea: "Euskararen laguntzaile eta bultzatzaile handia izan da". Audioan jaso dituzte Andres Urrutia, Pantxoa Etxegoien eta aipatutako Xarles Bidegainen hitzak. Gertuago, gurera etorrita, Goienaren blog komunitatean Joxe Arantzabal irakasleak haren Faroa-n gizonari berari eta haren lanari zion estimua azaltzen du. Are gertuagotik ezagututa eta, hala, estimu bereziarekin idazten du Joxe Mari Velez de Mendizabalek haren blogean eta Haritxelar lagunari dedikatu dio gaurko argitalpena: Gizon izaten ikasten ari.

Langile borrokatua eta gizon xaloa

1963an hautatu zuen Euskaltzaindiak euskaltzain oso, euskarak eragiten zion ardurak bultzatuta onartutako kargua, Noticias taldeko egunkarietan haren bizitza eta ondareari eskainitako erreportaje luzean kontatzen dutenez. Lehen lerroko Euskaltzain eta euskaltzaleen kolaborazioa izan dute Noticias-en, Andres Urrutia Euskaltzainburuarena barne. Euskal kulturaren zalduntzat dauka Urrutiak, euskararen ofizialtasunaren aldeko gudari nekaezin bezala irudikatuz. Miren Azkarate euskaltzainak eta Mari Carmen Garmendia katedradunak, besteak beste, osatzen dute erreportajea. Sailburu ohiak, akademiaren bilakaeran Haritxelarrek lema hartu zueneko garaia gogoan,  euskara batuaren erronka egokitu zitzaiola nabarmentzen du, "borroka irabazi" eta "lan-moldeak errotik" aldatu zituela azalduz,  baina baita ere gazteen alboan egon zela beti. Mari Carmen Garmendiak haren argitasuna eta patxada ditu gogoan Ardantza lehendakariaren garaietan Jaurlaritzaren eta Euskaltzaindiaren artean iraulitako "hamaika maratilatan". Garmendiarentzat mugarri izan zen Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta hiru Foru Aldundiek 1989an Oñatin Euskaltzaindiarekin sinatutako akordioa. Iparraldeko erakundeekin halako hitzarmen bat lortzea izan zen, Garmendiak azaltzen duenez, Haritxelarrek bete ez zuen desio nagusia.

Garan azpimarratzen dute haren berezko baikortasuna aintzat hartura, ez omen zion horrek kalte egin eta nabarmentzen dute euskararen etorkizunari buruz hark zuen ikuspegi argitsua: «Garai batean mintzoa zen, gero idatzia, irratia eta telebista heldu ziren, eta orain Internet; guk aitzinamenduan segitzen dugu, eta horregatik naiz baikor». Jon Garmendia idazleak idatzi du Haritxelarren omenezko zutabea Garan Haritzaren itzala izenburuarekin, "gizon handi bat galdu du Euskal Herriak, baina euskarak betirako irabazi du haritz eder honen itzala"  epitafio gisakoaren amaituz.

Itzala, euskal esparrutik harago ere

Hedabide ez euskaltzaleetan ere tarte zabala eman diote Euskaltzainburu ohiaren galerari; langile borrokatua zela errepikatuta eta nabarmenduz batez ere "xaloa" eta "pilotazalea" zela, El Diario Vascon, esate baterako; ala El Pais-en euskararen garapenaren lekukotza aipatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak