Jose Mari eta Argi Osa artzain bergararrak omenduko dituzte domekan Legazpin

Goiatz Arana Begiristain 2013ko abu. 29a, 16:36

Gipuzkoako Artzain Egunean jasoko dute omenaldia bizitza artzaintzari eskainitako Bergarako senar-emazteek. Eta eurekin batera, Legazpin izango dira domekan Debagoieneko beste ordezkari batzuk ere. Izan ere, Artzain Txakur Txapelketan parte hartuko dute Arrasateko Jesus Mari Plazaolak 'Gure' txakurrarekin; eta Oñatiko Jose Luis Madinabeitiak eta Miguel Arregik, 'Txiki' eta 'Mendi'-rekin, hurrenez hurren. Plazaola arrasatearrak irabazi zuen iazko txapelketa.

Orotara, zazpi parte-hartzailek esku hartuko dute Artzain Txakurren Txapelketan eta bina ariketa egin beharko dituzte:

  • Sei minuturen barruan, artzainaren esanetara, txakurra artaldera joango da, baina zelaiaren barrenetik; bidean bi aldiz geldiaraziko da txakurra, epaimahaikoek esandakoan. Ondoren, artaldera sartu eta zelai erdian dagoen hesiaren tartetik pasatuz artzaina dagoen lekura ekarriko ditu ardiak. Ardiak eta txakurra artzainaren inguruan geldi geratu beharko dira, epaimahaikoek esan arte. Hori lortu ondoren, eskuineko edo ezkerreko hesi-tartetik pasa beharko dira ardiak, epaileen esanetara.
  • Zazpi minuturen barruan, artzainaren esanetara, banderatxoz seinalatutako bidetik joan beharko du txakurrak eta ardi artera sartu. Artaldea hartu eta erdian dagoen eskortan sartzen saiatu beharko da segidan eta, ardi guztiak sartzea lortuz gero, ondoren zakarkeriarik gabe atera beharko ditu.

Omenaldia

Bergarako Larrañaga Haundi baserrian bizi dira domekan omenduko dituzten Jose Mari Osa Larrañaga eta Argi Osa Alcibar, euren bizitza artzaintzari eskaini dioten senar emazteak.

Joxe Mari Larrañaga Haundi baserrian jaioa da eta bere aitarengatik jaso zuen ogibidea. Bera gaztea zenean, ordea, artaldeaz gain esne behiak ere bazituzten. Garai batean Larrañaga inguruko lurretan egoten ziren ardiak, eta gaur egun oraindik zutik zegoen txabola bat erabiltzen zuten. Baserri inguruko zelaietan pinua sartzen hasi zirenean, Joxe Mariren aita artaldea Degurixara eramaten hasi zen.

Urte batzuetara, Aretxabaletako Ugastegi auzoko baserri bat erosi zuen aitak, Ataunena, eta geroztik bertan pasa dute uda garaia artaldearekin. Joxe Mari gaztea zela, aita egoten zen udaran Ataunenan, artaldearekin eta gazta egiten. Bera, ordea, Larrañagan gelditzen zen esne behien ardurarekin. Aita osasun arazoekin hasi zenean, esne behiak kendu zituzten, haragitarakoak bakarrik utziz, eta aitari laguntzera joaten zen Ataunenara; gerora bera joango zen. Artaldea, antzutu arte, Ugastegin egoten zen eta gero Kurutzeberrira igotzen zuten.

Argiren familian artzainak ez ziren arren, baserrian bazituzten 60 bat ardi, beste animalia batzuekin eta fruta-arbola ugarirekin batera. Larrañagan, bera arduratzen zen ardi esneaz, bai jaisteaz eta baita salmentaz ere. Bergara eta Arrasaten egiten zuen esne salmenta, eta esnearekin batera gazta gehienak ere saltzen zituen. 40 bat urtez horrela ibili ziren eta gero Aldanondori saltzen hasi ziren. Tanke bat zuten Larrañagan eta beste bat Ataunenan. Hortik hasieran Urtiagainera jaisten zuten eta gero Oñatira. Diru gutxiago ateratzen zuten arren, lana ere gutxiago zen. Bi egunean behin 100 bat litro ateratzen zituzten.

300 ardiko artaldea izatera iritsi ziren, azkeneko 20 urtetan denak mutur gorriak. Gazta ona egiteko esnea ondo jaistea garrantzitsua dela diote, modu garbian. Joxe Marik  gogoan du nola artzain talde batekin Iratira egindako bidaian ardiak jaisteko kaiola bat erakutsi zioten. Oso ideia ona iruditu omen zitzaion eta etxera itzultzean pinu bat bota eta etxerako bat egin zuen. "Ardiak geldi-geldi edukita jaiste lana errazagoa zen eta esnea garbiago ateratzen zen", azaldu du.

Domekan, 13:00etan, jasoko du omenaldia bikoteak, Legazpiko Telleriarte auzoko Felipe Etxeberria eta  Jacinta Zeberio senar-emazteekin batera.

Egitaraua

10:00 Postuen irekiera.

10:00-10:45 Gaztak jasotzeko tartearen hasiera.

11:00 Gipuzkoako Artzain Gaztaren XXIX. lehiaketa.

11:00 Gazta dastatze popularra.

11:15 Gaztagintzaren lehena eta oraina.

11:30 Gaztetxoen Gazta Lehiaketa.

12:00 Ardi Okela Gertatze Gipuzkoako XXIII. Lehiaketa.

12:15 Ardi mozketa erakusketa.

12:45 Ardi okel banaketa.

13:00 Omenaldiak Gipuzkoako bi artzain bikoteri, Ameriketan artzaintzan aritutako artzain euskaldunei eta Ardiekin Elkarteari. Ondoren sari banaketa.

Horiez gain, goizean zehar izango dira:

  • Euskal Herriko Ardi Latxa arrazako ardi eta ahari  erakusketa.
  • Artzaintza inguruko eskulan  eta artisautza erakusketa.
  • Gazta salmenta.
  • Sagardo dastatzea.
  • Gazte eta helduen Rally Fotografikoa. 

14:30 Herri bazkaria, Aitxuri jatetxean (txartelak salgai egongo dira goizean zehar).  

17:30 Gipuzkoako ILV. Artzain Txakurren Txapelketa, Urtatzako zelaian, urtegira bidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak