Liztor Beltzaren (asiatikoa) inbasioaren aurkako protokoloa abiarazi du Diputazioak

Ubane Madera 2013ko abu. 8a, 11:18

Gipuzkoako Foru Aldundiak abian du Liztor Beltzaren (Vespa Velutina) inbasioaren aurkako protokoloa. Helburua da intsektuak gizartearengan eta erlezaintzan izan ditzakeen eragin kaltegarriak ekiditea. Aurtengo planak bi eremu edo gune bereizten ditu: urbanoak eta ez urbanoak. Diputazioak orain abiarazi du protokoloa, eguraldi onak liztorraren hedapena bizkortu egiten duelako.

Iazko esperientzia aztertu ostean eta aurreikusten den intsektuaren hedapen handia eta baliabideen mugak kontuan izanda, ekintzen deszentralizazioa eta eragile gehiagoren ezinbesteko parte hartzea proposatu du Diputazioak.

Gune urbanoetan, Udalak

Hori horrela, eremu urbanoetan aurkitzen diren habiak suntsitu ala ez udal bakoitzak erabakiko du, pertsonengan liztorrek izan dezaketen arriskua aztertuta. Ahal duten neurrian eta udalak dituzten baliabideen arabera, udalek hartuko dute ardura hori, beti aldundiaren laguntzarekin.

Eremu ez urbanoetako habiak, berriz, kokapenaren arabera suntsituko dira, inguruan egon daitezkeen erlategien arabera: erlategitik abiatu eta 1000 metroko erradioaren barnean dauden habiak kenduko dira.

Habiak kentzeko taldeak

Hainbat baliabide erabiliko dira habiak suntsitzeko:

Udaletako (edo mankomunitateek) sortu dituzten habia suntsitzaile taldeak.

Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko Departamentuko suhiltzaileek, ez dira, iaz bezala, eremu urbanoetako liztor habi guztiak kentzeaz arduratuko. Euren ardura izango da larrialdi moduan katalogatutako baldintzaren bat betetzen denean edo udalak baliabiderik ez duenean. Suhiltzaileen zerbitzuak, eskaeren eta baliabide propioen arabera, laguntza edo aholkularitza ematen ari da, udal taldeak ezartzeko fasean.


Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainak: bost basozain talde osatu dira, batez ere, landa eremuetan jarduteko.
 Gipuzkoako Foru Aldundiak prozesu guztian lagunduko du eta baliabiderik ez duten herrietan zuzenean parte hartuko du habiak suntsitzeko lanetan. Helburua da talde guztien jarduna era koordinatuan bideratzea.

Habiak kentzeko bideak

Hiru modu erabili beharko dira habiak kentzeko:

Modu mekanikoan habiak erretiratuz, ahal den lekuetan.

Haga teleskopikoa: Frantzian erabiltzen ari diren sistema berri bat erabiliko da, eta trebatzeko, herri edo mankomunitate taldeak osatzen ari dira eta ikastaroak bideratzen.

Tirokatuz: Udalerri batean tiratzaile taldea osatzeko, beti, udaltzainek parte hartu behar dute.

Iazko emaitzak: 765 habi, guztira

Liztor beltzen aurkako kanpainak iazko ekainen jarri zen martxan, eta arrazoi hori izan zen suhiltzaile eta basozainen zerbitzuetan irteera gehien eragin zituena.

Guztira, liztor beltzen 765 habi kendu edo suntsitu zituzten. Horietatik 490 Aldundiko suhiltzaileek kendu dituzte eta 275, berriz, basozainek, lehenengoak iristen ez ziren lekuetan.

Edozelan ere, eta gaian adituak direnekin Diputazioak egindako batzarretan ondorioztatu zuten liztor beltzaren arazoa ezin dela errotik suntsitu. Hori horrela, protokolo hauen helburua inbasioa kontrolatu eta kalteak gutxitzea da, ikertzaileek  erabateko soluzioa aztertzen ari diren bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak