Albistea, berez, ez da berria, urte hasieran egin zuten iragarpena beteko dutelako. Lehen urtea doan izango da eta bigarren urtetik aurrera urtean behin kobratu egingo diete erabiltzaile berriei.
Iragarpena ofizialki, konpainiaren blogaren bitartez egin dute eta arrazoi moduan azaldu dute kobratzeko erabakia hartu dutela publizitaterik txertatu behar ez izateko. 0,99 zentimoko urteko kobrantzarekin, zerbitzuari eutsi ahal izango diotela diote erabiltzaileei publizitaterik txertatu gabe.
Berriek soilik
Hain zuzen, 200 milioi pertsona baino gehiagok erabiltzen dute mezularitza aplikazioa hilean. Ordainketa baina ez dute erabiltzaile guzti guztiek egin beharrik izango, erabiltzaile berriek soilik ordaindu beharko dute-eta aplikazioa erabiltzeagatik. Eguaztenera arte erabiltzaile izandakoek ez dute ordainduko. Are gehiago, Whatsapp-etik ziurtatu dute orain arteko erabiltzaileentzat beti izango dela doakoa, ez dietela etorkizunean ere kobratuko.
Erabiltzaile berriek, ordea, abantailak izango dituzte iOS-en, izan ere, mezuak iCloud-en gordetzeko aukera izango dute, telefonoa galdu ala aldatzerakoan mezuak berreskuratzeko modua izango dutelarik. Aplikazioaren azken eguneraketan ere badator ezaugarri hori.