Urrian, Ura eta Errekaren astea eta argazki lehiaketa

Leire Kortabarria 2013ko uzt. 20a, 02:00

Urriaren 13tik 19ra arte, Ura eta Erreka Deba Ibarrean delako astea egingo du Debagoieneko Mankomunitateak, honako helburuekin: "Debagoiendarrak gure erreka garbia eta uraren kalitate egokia mantentzeko ditugun azpiegitura berriak ezagutzeaz gain, errekak duen benetako balioaz jabetu eta ur garbia baino askoz ere gehiago dela ohartzea".

Horretarako, hainbat ekitaldi prestatzen dabil mankomunitatea: erakusketak, hitzaldiak, erreka garbitzeko eguna, araztegietara bisitak… Udako argazki lehiaketa ere egingo dute, honako gaiarekin: Ura eta Erreka Deba Ibarrean.

Hiru kategoria izango dira: 14 urtera artekoena, 14-65 urte artekoena eta 65 urtetik gorakoena. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bi argazki aurkez ditzake, biak formatu digitalean. Argazkiarekin batera adierazi beharko dira kontaktua, adina eta izenburua.Argazkiak bidaltzeko azken eguna irailaren 20a da.

Jendearen botoa

Aurkeztutako argazki guztietatik 30 aukeratuko dira aurre-aukeraketa batean, eta erakusketa egingo da Debagoieneko herri guztietan. Erakusketa ikustera doanak botoa eman ahal izango du, eta bertara joan barik, udal guztietako eta mankomunitateko webguneetan ere ikusgai egongo dira nahi duenak bozkatu ahal izateko. Bozketa horien ondoren irabazleak izendatuko dira.

Kategoria bakoitzean irabazle bat egongo da eta kasu guztietan oparia bertako produktuen otzara izango da. Argazki irabazleak Ura eta Erreka Deba Ibarrean astean izendatuko dira eta aipatutako webguneetan argitaratuko dira.
Argazkiak eta datu guztiak posta elektronikoz bidali behar dira: argazkilehiaketa@debagoiena.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak