Gazia gozotasun bihurtzeko aukera bila

Ubane Madera 2013ko uzt. 19a, 11:51

Gaur eta bihar Leintz Gatzaga izango da bailaran protagonistetako bat. Arrazoia, gaur Barnealdeko Gatzagen Lehen Topaketak egiten dihardutela 10:00ak ezkero eta bihar Gatzaren Eguna ospatuko dutela.

Gaurko egunari dagokionez, topaketon helburua da "beste gatzagen proiektuak ezagutzea eta gatzagen erabilera turistikoaren eragina herrien garapen sozioekonomikoan aztertzea".

Hori oinarri, honako esperientziak ezagutu eta partekatuko dituzte: Añanako Gatz Haranekoa (Araba), Pozako Gatzagena (Burgos), Artetako Gatzagen berreskuratzea (Nafarroa), Oroko Gatzagak (Nafarroa) balioan jartzeko proiektua, Buradon Gatzagako (Araba) oraingo berreskuratze proiektua, gatzuren erabilera osasun turismorako eta barnealdeko gatzagen erabilera turistikoaren eragina herrien garapen sozioekonomikoan. 

Horrekin batera, zela ez, Leintz Gatzagako esperientziaren berri ere emango dute gaur. 

Bihar egingo duten Gatzaren Egunaren helburua, berriz, izango da gatzaren gaineko ezagupenak landu eta konpartitzea, helduendako zein umeendako prestatutako ekimenen bitartez. Egitaraua orri honen amaierako taulan duzue.

Gatzurarekin zer? 

Egunotako bi ekimenak, baina, asmo handiago baten abiapuntua besterik ez da: Leintz Gatzagako altxorra den lehengaiaren aprobetxamendua berreskuratu eta batera edo bestera etekina ateratzea. Hiru aukera darabiltzate buruan. 

"Gatzagako gatz museoak ez du beharko lituzkeen bisitari nahikoa, handiagoa beharko luke, bai herrirako zein museorako ondo etorriko liratekeelako. Museora ekarri ahal dira elementu berriak: museistikoak, didaktikoak (bideoak, maketak…); baina aztertu beharreko beste arlo bat da zer egin gatzurarekin. Orain, bota egiten da. Iturritik dator, bere bidea segitzen du eta errekara doa. Kontua da ze probetxu atera ahal zaion, ea atera ahal zaion eta, horrekin batera, etekinik ere atera ahal zaion. Adibidez, gatzura saldu egin daiteke, betiere, kalitate mailaren arabera. Eta hori zelakoa den jakiteko laginak hartzen dabiltza orain", azaldu du Aitziber Gorosabelek, Leintz Gatzagako gatz museoko eta Turismo Bulegoko arduradunak. 

Lixibaren aukera

Beste aukera bat da lixiba egiten hastea berriro: "Gatzagakoa nahiko mineralizazio handiko ura da. Kare asko duelako-edo, prozesu askotarako ez litzateke egokia izango, baina garai batean, adibidez, lixiba egin zen. Aztertu beharko litzateke zergatik ja ezin daitekeen egin, edo egin ahal den".

… edo gatza saldu

Eta hirugarren aukera gatza berriro egiten hastea da: "Kontuan hartuta eguzki bitartez ezin dela egin, eta bestelako bero-iturriren bat bilatu behar dela gatza egiteko, eta horren kostua handia izan daitekeela, bada, aztertu egin behar da ea benetan merezi duen egitea, eta hala bada, begiratu beharko da zela egin daitekeen: suarekin, ikatzarekin, biomasa bitartez, eolikoekin…", dio Gorosabelek. 

Izan ere, Leintzeko gatzagak duen partikularitateetako bat da sua erabilita egiten zela gatza. Oso-oso leku gutxitan moduan. Estatuan, adibidez, leku bakar batean dute antzeko jardueraren susmoa: Doñanan. Miguel Delibes Castro (Delibes idazle ezagunaren semea) dabil hori aztertzen orain. 

Proiektua egin eta gero ikusi

Kontuak kontu, Aitziber Gorosabelek dioen moduan, "gauza horiei guztiei buelta eman nahi zaie. Proiektu bat egin, eta erabaki bat hartu: ahal da, ezin daiteke, egin egin behar da? Abiapuntua da hau. Baina era berean, zaila da. Udal txikia izanda, lan-proiektu guztiak norberak egin behar izaten ditu, denbora fisikoa bilatzea zaila da… Museoko Udaleko batzordea eramaten duenarekin hau aztertzen jarri ginenean (orain urte batzuk), pauta batzuk markatu ziren, eta bat zen honako hau: Gatzagen Lehen Topaketak egitea. Hemendik aurrera, imajinatzen dut gure burua ere behartu egingo dugula aurrera egiten, baina ez dugu epe-mugarik finkatuta". 

Batera edo bestera, beraz, akaso, Debagoieneko gatzagaren  jatorri den ur-emaria azaleratzeko eraiki zen errubera erraldoia bueltaka ezagutuko dugu etorkizun gertuan. 

Lau iturri, hiru emari 

Lurpean ondo ezkutatuta dauden lau iturri dira Leintz Gatzagako ur berezien jatorri: horietako bik gatzura ematen dute, besteak metal-ura eta hirugarrenak, uratsa. Bada, lau iturriotako uraren nahasketatik eta sua erabilita, haren lurruntzetik eratorritakoa da Leintz Gatzagako gatza.  

Iturrion uren ezaugarriak, berriz, euri urek zeharkatzen duten bideak markatzen ditu. "Mendi barruren baten dago gatzarri bat. Euri ura pasatzen da mendi barrura, eta mendi barruko errekatxoetatik iturrira iristen da ur gazi bezala. Lurretik datorren ur horrek pasatzen den lekuaren arabera, dauka mineralizazio bat edo beste bat. Gure kasuan, argi dago metal-ura eta sufrea pilatzen den lekuren batetik pasatzen dela euri-ur hori".

Gatzarria non dago? 

Gatzagako gatzarriaren ezaugarriei dagokienez, berriz, ezezagunak dira. Ezezaguna da-eta gatzarria bera, Gatz Museoko arduradunak aitortu digun moduan. "Non dagoen gatzarria? Ez dakigu. Ez da aurkitu, saiatu arren. Dena den, modu tekniko egokian bilatu ere ez da egin. Eta ez da erraza, ze haranez beteta baitago ingurua, eta, gainera, ur hau dator behetik gora, lurpetik,  eta horrek zaildu egiten du aurkitze hori. Añanan, adibidez, badaukate iturburua eta badakite hainbat kilometrotara non dagoen gatzarria. Pozan, berriz,   gatzarria daukate, baina iturbururik ez. Eta eurek eraman behar izaten dute ur gozoa gatzarri bitartetik, eta larrainetara ura bota behar izaten dute gatza lortzeko. Erromatarren garaiko prozesu hori itzela da. Han gatzura egin egin behar izaten dute. Gurean, berriz, modu naturalean irteten da". 

Itsaso izan zenekoa, akaso

Jakinekoa dena da munduan dauden gatzarri gehienak orain dela 220 milioi urte sortutakoak direla, Triasiko garaian. Dena den, horretan ere berezia da Debagoieneko gatzagakoa: "Orain 220-180 milioi urte artean beste prozesu bat izan zen, Triasiko eta Jurasiko artean, sakonera gutxiko itsasoak lurrundu zirenean. Mendiak azaleratu egin ziren gero (Euskal Herrikoak, besteak beste), eta badiote hemengo gatzarria sasoi hartakoa dela".  

Gourmet gatza

Gatzarri horretatik eratorritako gatzari kontserbaziorako erabilera eman izan zaio nagusiki historian; baina kontsumorako gatza ere landu izan da Leintz Gatzagan, kalitate handiko gatza landu eta merkaturatu ere, gourmet estilokoa: "Erdi aroan eta bigarren mendean komertzializatu zenean, batez ere, izan zen jakiak kontserbatzeko: arraina, urdai-azpikoak, behi edo txahalkiekin zezinak egiteko… kristalizazio nahiko larria zuen gatza behar zuen izan. Gerora, prozesu industrialaren garaian, gatza komeni zen bi motatakoa izatea: fina eta larria, biak. Ze mahaietan egoten zen gatza ere lantzen baitzen gurean. Bi gatz mota zeuden: Batari Sal ona esaten zitzaion: Plastikoko paketetxoetan saltzen zena, kalitate onekoa, zuria, apur bat sendotxoa, larri antzekoa, kontserbatzekoa baino finagoa, hala ere".

Besteari, berriz, Sal Leniz esaten zioten: "Mahaikoa zen, fina, zuria eta Madrilen-eta saltzen zen. Gatz gourmet antzerakoa zen. Oso kalitate onekoa. Hau bestea baino askoz garestiagoa zen. Eta hori hala zenez, hiri handienetan bakarrik saltzen zuten", kontatu du Gorosabelek. 

Gatz laranjatxo eta zozotxoa

Horiez gainera, Leintz Gatzagako gatzak duen aparteko ezaugarria da, kontraesana dirudien arren, gatz motel samarra dela. "Badauka sufre zaporetxoa; burdinaren zaporea, berriz, gazitasunak kendu egiten dio. Bestalde, metal-ura den lekuetatik zuzenean gatzura hartuz gero, lurrundu ahala hartzen du kolore gorrixkatxo bat eta gatza geratzen da kolore laranja tonutxo batekin. Probatzerakoan motela (sosoa) da. Hala ere, kontzentrazio handia du: 200 gramo litroko. Hau da, litro bakoitzeko 200 gramo gatz atera daiteke (kloruro sodiko hutsa barik, kloruro potasiko eta magnesiko apur bat ere badu). Konparazio bat egitearren: itsasokoak du bost aldiz gatz gutxiago. Beste bat: Elgorriagako bainu-etxeak (Nafarroa) dira munduan mineralizazio kontzentrazio handien dituzten gatzurak, eta hark litroko 333 gramo gatz dute".

-----------------

Kronologia laburra

947 Gatzagan gatza egiten zela erakusten duen dokumentazioa.

1331 Alfontso XI.ak Hiri Gutuna eman zion Leintz Gatzagari. 

1372 Gatzaren aprobetxamendua Beltran de Gebarari eman zion Enrique II.ak. 

1493 Soran kondeak Beltran de Gebararen baimenaren kontra egin eta irabazi egin zuen. 

1834 Uholde handi batzuk gertatu, eta ondorioz gatza egiteko dorlak suntsitu egin ziren.

1843 Productos Leniz fabrika sortu zuten. 

1920 Iraultza industriala iritsi eta argindarra egiten hasi ziren bertako ur-jauziarekin, presiopeko lapikoak erabiltzen hasi ziren gatza egiteko….

1920-1960 Produkzioa handitu zen. Txandak egin zituzten lanerako, gizon zein emakumeek.

1960 Iraultza Industrialak Gatzagako gatza ez ezinbesteko bilakatu eta gainbehera hasi zen.

1972 Gatzagako argindarra eten egin zuten. 

-----------------

Gatz museoa, bi berbatan

Eugenio Otsoa du izena gatz museoak. "Otsoa alkate sartu zenean haren helburuetako bat zen Gatzaga aktibatzeko moduren bat aurkitzea, eta ikusten zen horren bilakaerak turistikoa izan behar zuela. Jakion, Gaztainuzketa, gatz museoa… proiektuok ildo horren barruan kokatuta daude". Obrak egin eta 1999an zabaldu zuten museoa. Asteburuetan bisita gidatuak egiten dituzte partikularrendako eta aste barruan, berriz, eskolendako. Baina taldeka aste barruan ere joan daiteke.

-----------------

Gatzaren Eguna (zapatua)

10:00-13:00 eta 16:00-18:00 Jakion Debagoieneko barazki eta fruta kontserbazio enpresara eta Gatz Museora bisita gidatuak.

13:00 Gazta dastatzea, plazan.

11:30-13:30 (Umeendako), gatzarekin egindako mandala, plazan; txokkolta gaziaren tailerra eta txokolatez beteriko taloak.

13:30 Brasilgo Lovisg&Ar taldearekin kalejira.

19:30 Lovisg&AR taldearen kontzertua. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak