Euskara lantegian txertatu eta zabaltzeko lanean ardura zuzena izan du Anaje Narbaizak. Horregatik, bere ibilbideagatik eta urte hauetan euskararen erabilera lan munduan normalizatzeko egindako ekarpenagatik, Narbaiza saritu zuten ekain amaieran. Bai Euskarari Laguna saria eman zioten ekainaren 28an. Ametsa kolektiboki bete dela nabarmentzen du gaur Narbaizak. 90eko hamarkadan hasitakoa amaitu da baina ez, ordea, lana. Fase berri bati ekingo diote orain Elayn, munduan zehar –Mexikon eta Txinan– dauzkaten lantegietan euskararen lekua aurkitzeari.
1992an euskara plana abiatu zuen Antzuolako Elay enpresak eta lan munduko lehen esperientzia aitzindaria izan zen hura. Egun, euskara plana desagertu da Elayn, euskara egunerokotasunean txertatzea lortu baitute.
Aitzindari eta erreferente
Lan munduaren euskalduntzean aitzindaria izan zen Elay, beraz, eta, horregatik, erreferente da. Hala azpimarratu du ekitaldian Kontseiluko Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen arduradun Roberto Gutierrezek.
Elay Taldeko euskara planak hasiera hasieratik izan du Jaurlaritzaren bultzada, diruz zein laguntasunez. Ekitaldian Patxi Baztarriika Hizkuntza Politikarako Saiburuordea ere izan da eta gakoa langile guztien konpromisoan egon dela adierazi du.
Jose Luis Elkoro gogoan
Ospakizun eguna izan da gaurkoa eta baita langile guztiei egindako ahalegina eskertzekoa ere. Ekitaldian bereziki gogoan izan dute Jose Luis Elkoro, ezin izan duelako bertan egon. Hark eman zion lehenengoko bultzadetako bat Elayri.
Urte guzti hauetan, gainera, enpresa euskalduntzeaz gain, 89 langile alfabetatu dituzte Elayn.