Carlos Ramirez: "Venezuelan bultzada eta laguntza eman zaie hedabide txiki, komunal eta auto eratuei"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko uzt. 19a, 10:00

Koordinakunde Bolivariarrak gonbidatuta gurean dira Venezuelan informazio eta komunikazio teknologiak eta programak herritarren artean hedatzen lanean diharduten bi venezuelar: Carlos Ramirez eta Ymarú Parra. Ramirezekin izan gara. Hango esperientzia, Venezuelaren egoera eta hemen ikusitakoa ditugu berbetagai. Venezuelako Fundacomunal erakundeko kidea da bera.

Herri komunikazio eta hezkuntzako ekintzailea zarela diozu. Kazetaritza ikasketak eginak dituzu?

Ez. Komunikazioaren alorrean formazio jarraitua jaso izan dut, baina ez formalki. Izan ere, herri komunikazioa ez da unibertsitateetan erakusten. Eraiki ditugun eskoletan-eta bai, eta ekinaren ekinez formatu ahal izan naiz.

Noiztik?

Aspaldian, 12 bat urtetan, dihardut herri hezkuntzaren eta herri komunikazioaren alorrean. Bereziki, formazioan. Infocentros erakundeko koordinatzaile nazionala izan naiz eta orain Fundacomunal-en dihardut, Reinaldo Iturritza ministroa delarik bertako zuzendari. Komunitate ezberdinei erakusten diegu irratia, ikus-entzunezkoak, hedabide komunitarioak, sareko hedabideak eta abar egiten.

Garrantzia handi ematen diozue teknologia berriei eta informazio-komunikazio baliabideei?

Begira, Latinoamerikako beste herrialde batzuetan bezala, Venezuelan ere herri komunikazioak dauka legedia oso zorrotza hedabide komunitarioak edo alternatiboak sortzeko. Hedabideak botere ekonomiko eta politikorako tresna indartsuak izan daitezkeela jabetzen direnean, agintariek zailtasunak jartzen dituzte herritarren eskura dauden eta herritarren ahotsa duten hedabideak sortzeko. Hori ageri-agerian geratu zen Venezuelan 2001n, Chavez presidentearen aurkako Estatu kolpe ahaleginean. Herriak ahotsa erabili zuen, bere baliabideekin, eta horiek erabakigarriak izan ziren benetako egoeraren beste ikuspegi bat kontatzeko, Estatuaren mendeko hedabideak itxi egin baitzituzten.

Ze hedabide mota zegoen herritarren eskura?

Telebista eta irrati kate komunal batzuk eta sare sozialak.

Auto eratutako hedabideen garrantziaz diharduzu, hortaz?

Hori da. Estatuaren mendeko hedabideez gain, eta horiek legezkoak eta beharrezkoak dira, gainera, herriak ere eskubidea dauka bere ahotsa entzunarazteko, bere hedabideak kudeatzeko. Venezuelan, Estatuak berak diruz lagundu ditu hedabide txiki horiek. Kontraesanak kontraesan. Venezuelako iraultza aipatzen dugunean ez dihardugu obra bukatu bati buruz, prozesuan, eraikitzen, dabilen zerbaiti buruz baizik.

Kontraesanak aipatu dituzu, baina zeri buruz diharduzu?

Esaterako, Venezuelan, gezurra badirudi ere, hedabide komunitarioen legeak mesede egiten dio kapital handiari, hedabide talde txikien kaltetan. Baina, edozelan ere, Estatutik bultzada eta laguntza eman zaie hedabide txiki, komunal eta auto eratuei. Askotan, lehenago heldu da dirua, baliabideak, antolaketa baino. Eta, hala, esperientzia asko ez dira aurrera atera teknologia eskura eduki arren.

Ze ondorio ekarri du hedabide komunalak bultzatzeko ekimenak?

Erabateko eraldaketa proiektu arrakastatsuetan, herri boterearen garapena sortuz. Une honetan, hedabideen gaia garrantzia handikoa da Venezuelako komunitate txiki eta urrunenean ere. Jakina, Interneten garapenak eta informazio eta komunikazio teknologien demokratizazioak eta sare sozialak denon eskura jartzeak ekarri du edozeinek aukera edukitzea bideoak sortzeko, irrati programak sortzeko, sare sozialak erabiltzeko…

Zenbaterainoko garrantzia izan du Chavezek herri hedabide horien suspertze edo garapenean?

Erabatekoa. Berriro diot, kontraesan guztiekin. Gurea da oso kultura kapitalista eta paternalista, ustelkeria eta burokrazia maila handikoa. Baina, 14 urteotan, Chavez komandantearen lidergoarekin eta gidaritzarekin, pertsonalismoetan erori barik, lortu da asko. Chavezek herri kontzientzia esnarazi du eta gobernuak, erreprimitu ordez, lagundu eta aholkatu egiten badizu eta hitza eman… A ze aldea!

Ze egoeretan dago Venezuela une honetan?

Gringoen inperioak eman zion gure herriari petrolio ekoizle izatearen funtzioa. Azkeneko 100 urteotan kultura errentari horretan gaude murgilduta, produkzio ahalmena galdu egin dugularik. Hortaz, azkeneko 14 urteotan, Chavezekin, sozialismorantz egin dugu, herri kapitalista batean, horrek dakarren kontraesanekin. Kontraesan horiek kalte egin die Venezuelako iraultza prozesuari eta horrek hauteskundeetan eragina izan du. Hainbat jende nekatu egin da, ikusi du Estatuak ez dituela haren arazoak konpondu, Estatuaren ikuspuntu paternalista batek gidatuta… Orain, hori guztia gertatu da eskumaren eta Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuaren setio amaigabearekin. Urteak daroatzagu Estatu Kolpe prozesu amaigabean eta hedabideak darabilte engainuak eta gezurrak zabaltzeko, krisi ekonomikoak bultzatuz, sabotajeak eginez, drogak sartuz… Capriles unean uneko txotxongilo bat baino ez da.

Chavezen heriotzak ze eragin izan du Venezuelako jendartean?

Krisi testuinguru horretan, Chavezen heriotzak egin dio min handia Venezuelako herriari eta krisi politiko eta ekonomikoa areagotu egin du. Ondorioz, gure kontraesanak agerian geratu dira. Eta errealitate bat da iraultza bolibartarraren aldekoak garenak egoera larrian gaudela hurrengo hauteskundeetara begira. Baina, bestalde, egoera hau herriarendako pizgarri bat ere bada eta agerian geratzen da iraultza bat ezin daitekeela eutsi edo oinarritu, soilik, pertsona batean. Guztiok gara Chavez eta denok batera bakarrik lortuko dugu. Argi dago, egia da, halere, Estatu gizon parerik bakoa, lider ezin hobea galdu dugula… Baina herri antolatu eta batu batek egiten du aurrera.

Eta Maduro?

Tokatu zaio aurre egitea inork nahiko ezko lukeen errealitate gordin bati eta kudeatzea herri bat egoera zalantzatsu batean. Baina, bai Venezuelan bertan eta baita nazioartean ere, errespetatua da. Eskumak kritikatu du sindikalista eta autobus txoferra izanagatik, diskriminatzaile eta arrazista dela erakutsiz, baina kritika hori Maduroren alde doa. Guretako ohore bat da. Herria da gobernua. Estatu zaharrak oraindik bizirik dirau, baina berria etorriko da.

Venezuela bitan zatituta dago?

Polarizazioa agerikoa da. Dauzkagu Chavezen aldekoak, gehiengo direnak eta Chavezen kontrakoak. Eta muturreko bi joera horiek zatiketa eragin dute familia edo lagunartean ere. Batzuek diote Chavezek Venezuela zatitu egin duela, lehen herri batu bat ginela. Baina lehen ere ez ginen ondo bizi, miseria asko zegoen. Iraultza sozialistak 14 urte eman ditu. Jendeak lan egin behar du jateko, baina badago elite bat herritarrei lapurretan egitetik aberasten segitzen duena oraindik.

Azken hauteskundeak iruzurra izan zirela esan zuen oposizioak…

Okerrena da oposizioak markatzen dituela eztabaidarako gaiak, denok ika-mikatan aritzeko. Aitzakiak besterik ez dira desegonkortasuna lortzeko. Venezuelako hauteskunde sistema berme handienekoa da. Bestetik, zenbateko aldearekin irabazi zuen Obamak edo Bushek, bigarren agintaldian?

Petrolioaren ustiaketa zeinen esku dago Venezuelan?

Munduko bigarren petrolio ekoizlea da Venezuela. Lehen, Venezuelan petrolioa ustiatzen zuten enpresek %1a ematen zioten Estatuari. Chavezi esker, petrolio industria nazionalizatuta dago, baina kanpoko enpresa pribatuek ere parte hartzen dute. Mundu osoko enpresak daude, nahiz eta gehiengoa Estatuak eduki sozietate horietan. Petrolioari esker aurreratu dugu ongizate estatuan, hezkuntzan, osasunean… Ia ez dago langabeziarik… Baina ustelkeria kasuak ere asko dira, endemikoa da hori.

Zela jarraitu duzue Venezuelatik Evo Moralesi gertatutakoa?

Bahiketa bat izan zen. Baina, argi daukagu inplikatutako herrialdeetako agintariek ez zituztela beren herritarren mandatuari kasu eginez hartu erabakiak. Amerikako Estatu Batuen mandatuari jarraitu zioten. Eta horrek zalantzan jartzen du Europako herrialdeek daukaten benetako subiranotasuna. Evo Moralesekin gertatutakoa oso larria da, haren bizitzaren kontrako atentatua da eta argi daukagu haren kontrako erasoa Boliviako herriaren eta Latinoamerikako herrien kontrako erasoa dela. Sistema inperialaren ahultasuna, harrokeria eta diskriminazioa agerian geratu dira. Baina bada beste irakurketa bat: duela urte batzuk hori egin izan balute ez zen erantzunik izango; gaur egun, ordea, hainbat herrialdetako agintari agertu dira bahiketa horren aurka.

Zein da zuen bidaiaren helburu nagusia?

Burgosen izan gara lehenbizi; orain Euskal Herrian gaude eta hemendik Zaragozara eta Kataluniara goaz. Venezuelaren aldeko hemengo hainbat plataformekin harremanak ditugu eta haiei esker etorri gara. Egoteke nengoen Euskal Herrian eta niretako ohore bat da, ze hemengo errealitatea edo prozesua miresgarria eta ezaguna da gurean. Bestalde, hemengo errealitatea ezagutzeaz gain, Venezuelakoa ere lehen eskutik eman nahi dizuegu, hainbat hedabidek errealitateari ezartzen dizkioten mugak eta hesiak gainditu nahian.

Eta ikasgairen bat jaso duzu gurera egindako bisitatik, bada harritu zaituen zerbait?

Espainiar zareten ala ez, sentitzen zareten ala ez, identitate kontu hori bada deigarria guretako. Baina ezagutzen dugu zuen Herria. Gainera, Estatu Espainola ez da horren zaharra eta bertako Herriekiko kolonizazio eta mendean hartze nahi horren berri badugu. Bestetik, hemengo herri ekimenak ere ezagutu nahi ditugu, oso esperientzia aberasgarriak dituzue-eta. Venezuelako gobernuak badu helburuen artean beste gobernu modu batzuk bultzatzea. Estatu komunala da horietako bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak