Ezer ordaindu gabe eskuratzeko bost programa jarri ditu sarean App storek; bost urtean sekulako arrakasta lortu du eta. Barefoot atlasa da bat, gure munduaren ingurukoak ikasteko balio duena. Day One aplikazioarekin, berriz, egunerokoa osatu ahal du erabiltzaileak idatzi eta bideoekin; eta How to Cook Everything errezeta-gehigarria sukaldean ganoraz eta aspertzeko aukerarik gabe ibiltzeko lagungarria da. Over eta Traktor DJ programak ere doan hartu daitezke sareko-hornitzailetik. Bost joko ere jarri dituzte doan: Badland, Infinity Blade II, Superbrothers: Sword & Sorcery, Tiny Wings eta ¿Dónde está mi agua? Tiny Wings jolas-aplikazioa da azpirragarriena; izan ere, app salduenen zerrendan dago.
Zerbitzu arrakastatsua
Sekulako loraldia izan dute Apple etxearen gailuek gure artean ere. Urtetik urtera gorantz doaz. Horren erakusle dira App store zerbitzuak lortutako emaitzak; ez baita ahaztu behar etxe horretako tresnentzako baino ez dutela balio aplikazio horiek. Urte horietan, guztira 50.000 milioi app jaitsi dira zerbitzu horretatik eta segundoko 800 aplikazio eskuratzen dituzte mundu osoko applezaleek. Orain bost urte 500 aplikaziorekin sortu zen zerbitzuak itzelezko gorakada eduki du, inolako zalantzarik gabe. Geroztik, Facebook, YouTube eta Skype iPhone euskarri gehienetan dira App storeri esker.
Gainera, bost urte horietan programak moldatzeko aukera izan dute hainbat erabiltzaileek; hau da, aplikazio informatiko oinarrizko bat hartu, eta nahieran aldatzeko modua eman zaie. Gaur egun, 6 milioi lagun daude izena emanda jarduera horretarako. Eta App store zerbitzuaren bezeroen fideltasuna ere azpimarratzekoa da: 100 aplikazio jaitsi zituen bakoitzak 2012an zehar. Aplikazioentzako denda birtualak ia 600 milioi kontu ditu irekita.