Hezkuntza, Garabideren lan berriaren oinarria

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko uzt. 16a, 14:03

Euskararen Berreskuratzea egitasmoaren baitan, liburu eta ikus-entzunezko berria kaleratu ditu Garabide elkarteak, laugarrena. Lanean hizkuntza gutxituen biziberritzean hezkuntzak izan dezakeen eragina aztertzen da, euskararen esperientzia ardatz harturik. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten, UEUn.

Liburuak 50 orri ditu, eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez argitaratu da. Orain artekoak euskarri fisikoan plazaratu badira ere, azken ale hau, Internet soilik argitaratzea erabaki dute. Alberto Barandiaranek idatzi du, eta dokumentala biltzen duen bideoak, berriz, 18 minutu inguru ditu. DVDa Argia-k ekoitzi du, eta errealizazio lanak Maialen Sarasuak egin ditu.

Euskararen berreskuratzea (IV) Hezkuntza liburuxka-dokumental horretan, hizkuntza gutxituen biziberritzean hezkuntzak izan dezakeen eragina aztertzen da, euskararen esperientzia ardatz hartuta. Hala ere, proiektu zabalago baten laugarren katebegia da, Barandiaranek azaldu duenez: "Duela hiru urte abiarazi genuen Euskararen berreskuratzea izeneko bilduma sortzeko egitasmoa. Gure helburua honakoa zen: euskararen berreskurapenean egin den (eta egiten ari den) lan izugarri hori, hizkuntza gutxituak dituzten gainerako komunitateen eskura jartzea".

Euskararen berreskuratzea, erreferente

Euskararen berreskurapenaren esperientzia erreferente bihurtu da hainbat hizkuntza komunitaterentzat. Hizkuntza gutxituek, behin hilzorirako bidea hartzen dutenean, nekez egiten dute atzera, biziberritze prozesu batean sartzeko eta ezinbestean, hil egiten dira, azaldu du Barandiaranek. Eta gehitu du: "Jakin badakigun arren gure hizkuntza nahi genukeen normalizazio mailatik urrun dagoela, tamalez, gurea bezalako berreskuratze kasu dokumentatuak ez dira ugariak, eta merezi du egindako ibilbideari erreparatzea, inori bidean argi egin balekio ere".

Lehen liburua duela hiru urte

Bilduma honetako lehen liburua duela hiru urte kaleratu zuten. Lan orokor horretan euskararen biziberritzean egon diren gako nagusiak aztertu dituzte, hala nola, hezkuntza, hizkuntzaren corpusa, hedabideak... Eta aurreko bi urtetan argitaratu dituzte, gako horietako bati buruzko lehen lan monografikoak: Euskararen Berreskuratzea (II) Hizkuntzen Estandarizazioa, eta Euskararen berreskuratzea (III) Hedabideak. Atzo aurkeztu zuten hezkuntzari buruzkoa, beraz, hirugarren lan monografikoa da.

DVD-Liburuxkaren nondik norakoak

Euskararen berreskuratzea (IV) Hezkuntza liburua eta dokumentalaren oinarrian, bi galdera daude: zergatik da garrantzitsua hezkuntza sistema propioa hizkuntza baten biziraupenerako? Nola garatu da euskal sistema? Zein testuingurutan eman ziren lehen urratsak? Ze tresna sortu dira? Zein egoeretan abiatu ginen eta zein egoeratan gaude?

Baina Garabideren lana euskal esperientziaren transmisioa azaltzea izaki, askoz garrantzitsuagoa da bide hori nola eta zeinek egin duen azaldu baino, zergatik egin den esplikatzea. Sintesi bat eskaintzea beste herrietako hizkuntz komunitateei, haientzako baliagarria izan daitekeelakoan. Eta ondorioak argi eta garbi agertzen dira liburuan zein dokumentalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak