Asier Odriozola: "Futboleko arbitro izateak nortasuna indartzen lagundu zidan"

Txomin Madina Milikua 2013ko uzt. 29a, 02:00

Berak dioen moduan lasartear militantea, Euskal Filologia ikasi zuen arren hogei urtetik gora daramatza kazetaritza arloan; egun, gaueko 'Teleberri'-an

1. Nolakoa izan da ikasturtea ikuspegi informatibotik?

Oso intentsua, gehienbat arlo ekonomikoan: albiste txar asko ematea tokatu zaigu ia egunero. Distantzia pixka batekin eman arren, albiste beltzak dira, gero eta jende gehiagori eragiten diotenak; horrek ukitu eta nekatu egiten zaitu.

2. Politikarien prentsaurrekoak pantaila bidez diren garaiotan, zein litzateke kazetarien papera?

Kaleko kazetaria nintzenean aurpegia ematen zuten behintzat. Kazetaritza zailtzen dabil: politikariek euren mezua ematen dute, eta askotan ez dago galdetzerik. Hori ez da ona, ez kazetarientzat, ezta herritarrentzat ere.

3. Eta zer egin dezake kazetariak?

Aukera bakarra da politikariak gorritzea, lotsaraztea: herritarrei erakustea nahi dutena diotela eta herritarrek jakin nahi dituzten gauza asko ez dagoela jakiterik.

4. Zure lana idazten dizutena irakurtzea bakarrik dela dioenari, zer? 

Etortzeko nirekin arratsaldeko lehen ordutik, arratsaldea pasatzeko nirekin eta gero etortzeko nirekin platora, Teleberri-ra: agintzen diot ez duela berdin pentsatuko. Lan intentsua eta delikatua da.

5. Albistegietako guapoa. Pisatzen duen etiketa?

Etiketa bat da, eta etiketen artean ez txarrena; atsegina iruditzen zait. Lan publikoa dugunok arrisku hori dugu, etiketatuak izatea.

6. Bukatu da Teleberri-a; zer da egingo duzun lehen gauza?

Korrika, makilaje eta guzti, autobusera joatea. Garraio publikoan mugitzen naiz eta autobusa darabilt Bilbotik Donostiara joateko. 

7. Kameren aurretik, irratiko mikrofonok izan zenituen lagun.

Profesionalki gehiago gozatu dut telebistan. Irratia ahotsa bakarrik da, telebistan espresibitatea eta mugimendua ere badaude; osoagoa iruditzen zait. Baina irratian hasi nintzen, eta oroitzapen onak ditut; batez ere lankideekin.

8. Zein saltok beldur gehiago, irratitik telebistarakoak edo Gaur Egun-etik Teleberri-rakoak?

Beldurra ia ezerk ere ez: aukerak dira, eta nire buruan badut konfiantza. Baina segur aski irratitik telebistarakoak; bestea ez zen horrenbesterakoa izan.

9. Denok dugu  iragana;  zuk, benetan beltza: futboleko arbitro izatea.

Hamahiru urte izan ziren; oso esperientzia ona. Lagunarte handia egin eta nire nortasuna indartzen lagundu zidan: egoera zailetatik ateratzeko tresnak neureganatu eta psikologikoki indartu ninduen. Lanerako ere balio izan dit.

10. Elkarrizketa honen ostean, bizikletan ibiltzera irtengo zara. Egunero eta derrigorrez?

Parean dut bizikleta. Atzo lau ordu egin nituen, gaur gutxiago. Pasioa dut: ez dut horretarako gorpuzkera, baina izugarri gozatzen dut.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Maila pertsonalean, nahiko nukeen superboterea litzateke neure buruari buelta eman eta nahi dudan lekuan agertzea: Teleberri-a amaitu, buelta eman eta etxean egotea, esaterako. Gero, egoera ekonomikoa aldatzea nahiko nuke, baita bakea mundu guztian ere: topikoak dira, baina berez gauza garrantzitsuak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak