Adegik jarrera aldatu arte Aldundiak harekin harremana etengo du

Leire Kortabarria 2013ko uzt. 15a, 16:27

Adegirekin harremanak eten egingo ditu Foru Aldundiak. Halaxe jakinarazi du Larraitz Ugarte bozeramaileak. Lan-hitzarmenen ultraaktibitatea bukatu dela-eta, bi erakundeak ez datoz bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat Adegiko ordezkaritzarekin elkartu da gaur. Joan den astean, Madrildik ezarritako erreformak medio hitzarmen kolektiboen indarraldi epea amaitzear zela, Aldundiak kezka azaldu zuen langileen egoeraz, eta Adegiri eskaera egin zion "bertako lan hitzarmenen alde egiteko eta lan harremanetarako euskal esparrua errespeta zezan", Aldundiaren hitzetan.

Eskaera horren berri zuzenean emateko, Aldundiak bilera egin du gaur Adegiko ordezkariekin, eta Larraitz Ugarte bozeramaileak Aldundiaren jarrera azaldu du. "Langileen egoera asko okertu da eta Adegi Madrilgo lobbyen jarraitzaile gisa ari da, eta gehiengo sindikalaren aurka ari da. Gipuzkoako langileriaren aurka hain gogor jarduten ari den enpresari elkartearen eskatzen diogu jarrera aldatzea, izan ere horrelako jarrera duen bitartean ezin ditugu harreman normalizatuak izan, eta harreman horiek eten egingo ditugu. Argi ikusten ari gara enpresari asko, batez ere enpresa ertain eta txikietakoak, zorionez, ez direla ari Adegik aplikatzen dituen politikak aplikatzen", esan du Ugartek.

Larraitz Ugartek azpimarratu du enpresaburu asko "bestelako harremanen" aldeko aukera egiten ari direla, eta Aldundiak ere uste du bestelako harreman eredu horiek onak direla garapenerako, eta aitzitik, Madrilgo erreformak aplikatzeak gatazka soziala eta langileen pobretzea besterik ez duela eragiten. Horregatik, Aldundiak jarrera aldatzeko eskatu dio Adegiri.

"Kultura aldaketa"

Uztailaren 7a ezkero izango zen aldaketa azaltzeko jardunaldia egin zuen Adegik ekainaren 27an. Bertan Jose Miguel Aierzak, Adegiko idazkari nagusiak esan zuenez, aro berriaren ezaugarri nagusia "kultura aldaketa" da, eta "enpresaren barruan akordioak lortu ahal izateko, alde guztien arteko konfiantza egon behar da beste ezeren gainetik". Aro hori "aukera gisa" erabili behar dute enpresek, bere esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak