Eskibel anaiak: "Zezenen batek atzera egin izan balu..."

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko uzt. 15a, 18:32

Sanferminetako zapatuko entzierroko pilaketan izan ziren Oier eta Asier Eskibel eskoriatzar anaiak. Onik atera ziren eta bizi izandakoa kontatu digute. 24 ordu baino gehiago pasa arren, sustoa oraindik gorputzetik kendu barik; halaxe hartu gintuzten atzo, domeka, Oier Eskibel (Eskoriatza, 1984) eta Asier Eskibel (Eskoriatza, 1975) anaiek, baserrian: "Gorputza sentsazio arraroekin izan nuen atzo", esan zigun Oierrek. Argazkiak utzi dizkigute eta bideo honetan ere aurkitu ditugu.

Duela sei edo zazpi urtetik sanferminetara joaten dira entzierroa korritzera. Entzierro bakarra egiten dute eta aste barruan joatea nahiago izaten dute, jende gutxiago egoten delako. Baina lanak aurten ez die utzi, eta aste bukaeran joan ziren, zapatuan. Bada, 1977a ezkero gertatu ez den pilaketa bizi izan zuten bertatik bertara. Ez dute ahaztuko. 

"Askoz larriagoa" izan zitekeen

Estafetan hasi eta plazara arteko ibilbidea egiten dute urtero: "Dena normal zihoan. Kailejoira heldu aurretik jausi egin ginen biok, ohikoak diren erorikoetako baten. Biok altxatu eta korrika jarraitu genuen plazara heltzeko; kailejoira heldu eta han aurkitu genuen pilaketa", zioen Asierrek.

Kailejoira heldu zirenerako pilaketa eginda zegoen eta biek ulertu zuten han ezin zirela geratu, oraindik zezenak atzetik zetozelako. Anaia nagusia kailejoiko zuloetatik irten zen, baina gazteena ez zen zulo horiekin akordatu. Atzera egin zuen, ibilbidera: "Zortea izan nuen atzetik jende gutxi zetorrelako eta buelta emateko aukera izan nuelako. Aukera izan nuen ibilbidera bueltatu eta irteteko; eskerrak lehenago erori eta beranduago heldu nintzela plazara". 


Asier Eskibelek uste du askoz larriagoa izan zitekeela: "Eskerrak zezenek ez zutela jendearen kontra egin, ez zutela sarraskirik nahi izan; bestela... Joaldunen ondoan geratu ziren, formal. Zezenen batek atzera egin balu...". 

Foruzainekin haserre 

Bestalde, zezen plazaren sarreran ate baten orrietako bat traban geratu izana foruzainen errua izan zela diote bi anaiek: "Plazako arduradunak atea irekita utzi zuen foruzainak pasa zitezen eta gero ezin izan zuten itxi. Horrek eragin zuen gero pilaketa". Bestalde, korrikalarien arteko elkartasuna goraipatu zuten: "Elkartasuna eta laguntzeko borondatea izugarria izaten da halako egoeretan; txalotzekoa da". Foruzainekiko ez dituzte hitz berberak, ordea: "Plazan zeuden foruzain guztiak irten beharko ziratekeen laguntzera. Korrikalariak izan ziren gehien lagundu zutenak". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak