Lehen 'Ederlantzaileek' esker beroa jaso dute orain 50 urte ereindakoarengatik

Jon Berezibar 2013ko uzt. 15a, 18:11

Ederlan kooperatibako fundatzaile eta erretiratuek omenaldia jaso zuten zapatuan Arrasaten. Amaia antzokia beteta, bazkide belaunaldi ezberdinek 200 erretiratu eta 14 fundatzaileei esker ona agertu zieten ekitaldi dotore, xume eta hunkigarrian. 'Ederlandu' da kooperatibak sortutako aditza, orain 50 urte hasitako asmo eraldatzaileetan zuztartzen dena, eta etenik izan ez duena gaur arte. Horren haria batu zuen zapatuko ekitaldiak, azken astean hain ezagun egin den abestiak bezalaxe. Elkarrekin kantuan amaitu zuten ekitaldia.

Urteurrenerako bereziki prestatutako bideoan, langile, erretiratu eta egungo zuzendaritzako kideek Ederlanek ekarri duen eraldaketa enpresarial eta sozialaren kontaketa egin zuten. Bideoa eta gero, Mikel Uribetxebarriak, Kontseilu Errektoreko lehendakariak hartu zuen hitza. Hark hartu zuen ekitaldiko unerik hunkigarrienetako baten aurkezpenaren gidaritza. Hala, oholtzara igoarazi zituen antzokiko lehen lerroetan jesarrita zeuden 14 fundatzaileak, eta haiekin batera Alfonso Gorroñogoitia ere igo zen, Ulgorrek Ederlanen lehen urratsetan izan zuen paper garrantzitsuarengatik. Fundatzaileen izenean, Leandro Hernandezek egin zuen berba. "Ametsetan ere" ez ei zuten imajinatzen hogei langilek hasitakoa 3.500 kidera haziko zenik. Horretaz "harro" daudela esan zuen, guztien izenean.

Uribetxebarriak, bere aldetik, nabarmendu zuen hasierako talde horretakoak eredugarriak izateaz gain, "zerbait badira, langileak eta eskuzabalak" direla. Amaia antzokia bete zuten lankideak zutitu eta txalo berotan agurtu zituzten beteranoak. Izandakoa eta gaur egun direna estimatuta, etorkizunerako begirada langile gazteenek ekarri zuten. Martin Antxia eta Olatz Olabe bazkide berriak agertokira igota, fundatzaileen lekukoa hartzeko konpromisoa agertu zuten.

Amaitu, ospakizunerako prestatu duten Ederlantzen abestia kantatzen amaitu zuten –bideoak Youtube-en 4.000 bisita ditu jada–. Ederlandu aditza asmatu dute lantegiaren filosofia zabaltzeko. Langileek osatutako abesbatzak kantatu zuen. Ostean, eta ospakizuna amaitzeko, bazkaria izan zuten Uarkape pilotalekuan 300 ederlangile baino gehiagok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak