Kutxan zuen dirua Euskalerria Irratia, Debagune, Berria eta Seaskaren artean banatuz esan du agur Laixanek

Egubakoitz arratsaldean egin zuten ekitaldia Oñatiko kultura etxean. 25.000 euro eman zizkieten aipatutako erakundeei. Lanerako jenderik ez zegoelako, 2009tik etenda zuen bere jarduna Laixanek.

Kutxan zuen dirua –25.000 euro– Euskal Herriko euskalgintzako hainbat erakunderen artean banatuz irudikatu zuen Oñatiko Laixan euskara elkarteak bere ibilbidearen amaiera, egubakoitz arratsaldean. Era batera edo bestera Laixanen parte hartutako hainbat lagunen eta bazkideren aurrean, 7.150 euro eman zizkioten Seaskari, Iparraldeko ikastolen elkarteari, eta beste hainbeste Berria Taldeari; Iruñerriko Euskalerria Irratiak eta gure eskualdeko euskara elkarteak batzen dituen Debagunek 5.150 euro jaso dituzte bakoitzak: euskal kulturan "beharrik larriena" dutenei eman nahi izan diete dirua.

Honez gain, artxiboa eta egoitzako altzariak Udalaren esku utzi ditu Laixanek, eta Goienako bazkide gisa duen kapitala bertan mantendu, herrian beste elkarterik sortuko balitz harena izatera pasatuko litzatekeela adostuta. Kultura etxean egindako ekitaldian aipatutako erakunde guztietako ordezkariek hartu zuten parte, Laixanen ekarpena eskertuz, bai euskarari eta bai ondasunak banatzearekin egindakoa. Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak adierazi zuen Laixanen ibilbidea ez zela egubakoitzarekin amaitu, Beskoitzen egitekoak diren ikastolan zati bat izango duelako Oñatiko euskara elkarteak, hartarako erabiliko ei dutelako jasotako dirua. Laixanen azken zuzendaritzako kide Jose Luis Fernandezek berehala eskatu zion, hori horrela, Laixan izena jarri diezaioten ikasgeletako bati, eta hala agindu zion Gorostiagak.

Gerardo Elortza izan zen ekitaldiko beste protagonistetako bat, hari oparitu zioten eta elkartearen ikur izan den laia, haren alde egindako lanagatik. 2009 urtetik jarduna etenda izan da Laixan, lanerako jende faltagatik; orain, desegin egin dute beraz. Koldo Zumalde azken lehendakari izan denaren arabera ez da tristuraz hartu behar, nahiz eta ez den "pozez saltoka" egoteko ere: "Eman du berea, eta amaitu da". Euskarak beharrezko zuen lana egiten saiatu da Laixan urte hauetan, emankorra izateko itxaropenez: "Fruituak ondoren ikusten dira askotan", zioen Zumaldek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.