Txakurra edo katua hotelean utzi, edo zaintzailea bera norberaren etxera bestela

Julen Iriondo 2013ko uzt. 8a, 18:19

Egun batzuetarako kanpora joatekoak izanez gero –oporrengatik edo beste edozein arrazoi tarteko– etxeko animaliekin zer egin erabaki behar izaten dute halakoren bat dutenek. Norberarekin eraman nahi ez izatekotan –edo posible ez bada–, gertukoren batekin uztea izan daiteke irtenbidea –modua edukiz gero–, edo horrelako beharrak asetzeko lan egiten duten profesionalengana jotzea bestea. Eta Debagoienean badaude batzuk.

'Kanguru' zerbitzua 

Markel Lopez de Bergara arrasatearrak txakurrentzako kanguru zerbitzua eskaintzen du. Iragan urrian jarri zuen martxan Bizibili enpresa ekimena, eta eskaintzen duen zerbitzuetako bat da denbora batez jabeekin egon ezin duten txakurrez arduratzearena, berezitasun batekin: animaliak euren etxean geratzen dira, eta Markel da haietara joaten dena, dituzten beharrak asetzeko: "Neuk ere badut txakurra eta arazoak izaten nituen beharra suertatutakoan inorekin uzteko. Ikusi nuen niri hori gertatzen bazitzaidan askori gertatuko zitzaiela, eta honekin hastea erabaki nuen". 

Zerbitzu honen barruan, Markelek hainbat bisita egiten dizkio egunean zehar txakurrari, jaten eman eta urik falta ez dakion zaindu –botikak eman, behar izanez gero– eta paseatzera ateratzen du: "Saiatzen naiz jabeak kanpoan dauden denboran eurek izaten duten errutina mantentzen, eta horrela lortzen dut txakurrak jabea hainbeste ez botatzea faltan, eta animalia lasai egotea". Dio horretan laguntzen duela txakurra bere etxean egoteak.

Hilabete batzuk pasa dira lanean hasi zenetik, eta gazte arrasatearrari ondo doakio –txakur hezitzailea da izan, eta aukera hori ere ematen du, paseo soilen zerbitzuarekin batera–: kanguru izaten jarraitzekotan da.

Ohiko erresidentzia 

Axen Garitano bergararrak badaramatza 25 urte Elurra txakurtegiarekin. San Kristobal auzoan, 120 txakur ingururentzat du lekua, eta hamasei katurentzako. Inguruko hainbat herritatik eramaten dizkiote animaliak –ez hain ingurukoetatik ere bai–, eta gustura egon daitezen egin beharreko guztiak egiten ditu Axenek –elikadura, paseoak, garbitasuna zaindu...–: "Garbitasuna guztiaren gainetik. Elikadura bezain garrantzitsua da. Egunean hamar aldiz garbitu behar da gutxienez euren tokia". 

Txakurrek han geratzeko arazorik ez dutela izaten dio, berehala hasten direla beste batzuekin jolasten eta ohitzen direla aldaketara. Dena dela, izaten omen da egonaldi luzeagoa baino lehen, proba modura, animalia gau baterako uzten duenik. Etxera bueltatzeko bai, etxera bueltatzeko izaten omen du pena batek baino gehiagok: "Asko neuk sartu behar kotxean!".

Eta animaliak ondoezen bat duen kasuetarako albaitaria ere badute kontratatuta Elurra txakurtegian, 24 orduz, jabeek lasai utz dezaten han hainbeste maite duten laguna.

Hainbeste maite, bai; baina Axenengana ez dira bakarrik iristen ugazabek kanpora eurekin eraman ezin dituzten txakur edo katuak, denbora baterako hara doazenak. Abandonatutako animaliak ere eramaten dizkiote: ulertzen zaila izan arren, oraindik bada horrelakorik, eta kalean utzi eta lagunari halako tragorik pasarazi gabe animaliaren kargu gehiago egin nahi ez dutenei –edo ezin dutenei– hara eramateko eskatzen die. 200 euro kobratzen ditu, eta berarekin izaten dira, etxerako hartuko duen inor topatu arte: "Denak kolokatzen ditut", dio bergararrak.

Katuak, txoriak, loroak... 

Arrasate Zoo izeneko dendan ere utzi daitezke animaliak egunetarako. Zarugalde kalean dago, eta bertako Mari Kruz Kortabarriak ere urte pila bat daramatza –23– opor garaian, adibidez, besteen animaliak zaintzen.

Salgai ere badituenez beste batzuk, "haiei ere jaten eman behar zaie", dio, eta oporrik ez du hartu dendarekin dabilen denboran. Baina bera gustura, asko maite ditu eta animaliak. Katuak hartzen ditu –hogei ingururentzat izaten du lekua–, eta baita txoriak, loroak, dortokak, untxiak, katagorriak, iguanak... Behar duten zaintza ematen die eta, denda bat izan arren, kaioletatik atera ere egiten ditu, posible den kasuetan.

Eta katuak –baita beste animaliak ere– ondo Mari Kruzekin: "Azken finean, erdia baino gehiago nire katuak izan dira [berak dendan saldutakoak, saldu arte berarekin egondakoak]", dio, bereak izanak ez direnak ere maitasun berarekin tratatzen dituela gaineratuz eta argi utziz.

Markel Lopez de Bergarak, Axen Garitanok eta Mari Kruz Kortabarriak urte osoan ematen dute zerbitzua, baina, normala den bezala, dagoeneko hasi ez badira, laster hasiko dira igartzen bi hankakoon oporrak gerturatzen ari direla. 

-----------------

Zerbitzuen prezioak

Bizibili, kanguru zerbitzua: askotariko prezioak, desplazamenduaren –Debagoienean eta alboko herri batzuetan egiten du lan–, jabeak eskatutako zaintzaren, paseoen eta abarren arabera. Aurrekontu pertsonalizatuak.

Elurra, egonaldia: eguneko 10 euro kostatzen da txakurren kasuan, eta 5 euro katuentzat, animaliaren elikadura barne. 

Arrasate Zoo, egonaldia: askotariko animaliak hartzen dituzte, eta bakoitzak du bere prezioa: katuak, 7,30 euro eguneko; loroak, 4,90; txoriak, 2,70; dortokak, 2,40. Elikadura barne.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak