Angel Oiarbide: "Autodeterminazio eskubidea ez da eskubide politiko bat, aurre-politikoa baizik"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko uzt. 5a, 10:38

Nazioen Munduko kidea da Oiarbide (Idiazabal, 1974), ogibidez arkitekto teknikoa izan arren, eta ezaguna egin zen iaz Jon Maiaren Gazta zati bat dokumentalarengatik. Orain, beste ekimen batean dihardu buru-belarri: Gure Esku Dago dinamika, erabakitze eskubidearen aldeko herritarren ekimena. Bergaran izan da arestian, dinamika berri hori aurkezten.

"Gure esku dago", diozue. Baina, zer eta zeinen esku dago?

Gure, herritarron, esku dago etorkizuna nolakoa izango den diseinatzea eta etorkizunaren protagonista izatea. Edozer lor dezakete etorkizunean sinesten duten herritarrek. Dinamika honek horixe esan eta aldarrikatzen du.

Estatuaren, legeen edota marko juridiko jakin baten gainetik?

Demokraziaren esentzietara jo nahi dugu. Oinarrietara. Demokraziak herriaren erabakian du oinarria. Eta, hori, orain, Europan, praktikara eroango da. Gurean urruti ikus dezakegu, baina Erresuma Batuan gertatu egingo da, Eskoziarekin edo Ipar Irlandarekin. Erresuma Batuan, 200 urte daramatzate demokrazian. Gu hastapenetan gaude, alde horretatik. Baina aukera paregabea daukagu ikusteko ze oinarri demokratiko duten jendarte heldu eta demokratikoek, eta adibide horiez kutsatzeko. Zailagoa izango litzateke adieraztea erabakitzeko eskubidea posible dela ez bageneuka adibiderik edo eredu errealik. Eszenategi demokratikoago batera joateko aukera bikaina daukagu.

Zein da dinamika honen berezitasuna?

Gure Esku Dago dinamika bat da, jartzen dituena norabide berean, erabakitzeko eskubidearen alde, Euskal Herriko norbanakoak eta eragileak. Zeregin horretan lanean dihardutenen batura bat da. Une historiko honetan, indarrak batu gabe, bakoitza bere aldetik aritzea ez litzateke ulergarria izango. Behingoagatik, oinarrietan ados jarri, eta badatozen ekimen eredugarriak aprobetxatzen jakin behar dugu. Hortaz, elkartzera egin behar dugu, baina ez alderdi politikoak, baizik eta herritarrak. Eskozia, Katalunia, Ipar Irlanda edo Flandriako inertziak aprobetxatu behar ditugu, 200 urtez demokrazian bizi direnen ekimenez kutsatzeko.

Hortik dator Gure Esku Dago?

Bai, uste dugu beren etorkizunaz kontzientziatuta eta sinistuta dauden herritarrek uste duguna baino gaitasun handiagoa dutela. Katalunian eman dute urrats hori eta konturatu gara alderdi politikoak bideratzeko gauza direla herritarrak. Dinamika hori sortu nahi dugu sinistu dezagun zelako gaitasuna daukagun herritarrok.

Orain da momentua?

Bai, bai, ziklo berri baten bukaeran eta beste berri baten hasieran gaude. Azkeneko 50-60 urteko zikloa amaitzera doa Euskal Herrian, baina, gainera, beste herrialde batzuetan ziklo berriak hastear dituzte. Hau ez da berriro gertatuko. Hortaz, une historikoak aprobetxatu egin behar dira.

Zein dago dinamika berri honen atzean?

Herritarrak. Hor dago sustraia. Zehatzago esateko, adar asko egon daitezke, baina Nazioen Munduan eman ditugun pausoak hona eroan gaituzte.

Zer da Nazioen Mundua eta zela sortu zen?

Herritar talde baten ekimena da eta espazio berri bat bilatu nahi du. Esaterako, jatorria Idiazabalen du eta erabakitzeko eskubidearen alde lan egiteko sortu zen. Horretarako, sorreran, bi ikono behar izan genituen. Herriko bi sentsibilitate nagusiak ordezkatzen dituzten bi pertsona: bata, EAJko zinegotzia eta herriko enpresa handieneko gerentea; bestea, herriko pertsona ezagun eta errespetatua, ezker abertzalekoa. Aurkezpenean, Idiazabalgo Udal Pilotalekua bete genuen eta eskema guztiak apurtu genituen. Argazki horrek bermea eman zigun bide berria jorratzeko; bide berri eta emankorra. Gero, eskualde osora, Goierrira, egin genuen jauzi eta erreferentziazko 35 pertsona batu genituen. Ametsik onenean ere irudikatu ezin genezakeena. Ofizio, jarduera, posizio edota ideologia ezberdineko jendea batu genuen. Argazki horrek balio izan zuen espazio berria sortzeko. Lan egiteko era horrekin, eredu horrekin, Gazta zati bat dokumentala egin genuen, Euskal Herrira zabaldu genuen eta, orain, heldu gara dinamika berri honetara, Gure Esku Dago dinamikara.

Herritarrak aktibatu nahi dituzue. Ikusten dituzue horretarako gertu?

Bai, jakina. Gauza bagara botatzeko ilusiozko txinparta bat, modu egokian, une egokian eta haizea alde dugula, ilusio handiko sutea sor dezakegu. Horregatik egin genuen dokumentala. Lan egiteko modu bat bultzatu nahi dugu. Elkarlan oinarriak adostu eta abiatu.

Batzen gaituenari eman nahi diozue garrantzia?

Bai. Izan ere, bereizten gaituenari erreparatzen diogu gehienetan. Horretara ohituta gaude, edozein ekimen sortzerakoan. Ahazten dugu zenbat gauza ditugun komunean. Eta hori ikuskera laburrarekin aritzea da. Lupa gorago jarri behar da jabetzeko uste duguna baino antzekoagoak garela. Ikuskera handiagorekin aritu behar gara, handira jokatu behar dugu.

Abertzaleen kontua baino gehiago, erabakitzeko eskubidearen alde daudenak batu nahi dituzue?

Gurea ez da aldarrikapen abertzalea. Guk nahi dugu demokraten arteko topagune bat sortu. Une honetan, akaso, posible da irudikatzen dugun topagune horretan gure ustez egon beharko liratekeen sentsibilitate guztiak ez egotea. Atzo hasi ginen norabide demokratikoan pausuak ematen, baina ematen ditugun heinean hutsuneak txikitzen joango dira. Oso adierazgarria da Eskozian parlamentari unionista batek esan ziguna. Galdetu genion ea zer irudituko zitzaion Erresuma Batuko lehen ministro Gordon Brownek ez balieke utziko eskoziarrei euren etorkizuna erabakitzen. Hark erantzun zigun ez luketela onartuko. Eskoziarrek erabakitzeko eskubidea dutela eta, horregatik, ezezkoaren alde lan egin behar zutela, uste zutelako eskoziarren interesak hobeto bermatuko direla Erresuma Batuan, Eskozia independente batean baino. Autodeterminazio eskubidea ez da eskubide politiko bat, aurre politikoa baizik. Edozein norabide politiko hautatu ahal izateko, aurre agertoki demokratikoa. Hori gabiltza aldarrikatzen gure herriarendako eta aukera ezin hobea daukagu orain.

Espainiako agintariek diote erabakitzeko eskubidea espainiar herritar ororen eskubidea dela eta ez parte batena…

Euskal Herria komunitate eta nazio kultural bat da. Eta egitura politiko jakin bat ere izan du historian. Hori zalantzan jartzen duenari kasu gutxi egin beharko genioke. Gure komunitateak badu nortasuna etorkizuna zela irudikatzen duen kudeatzeko. Demokrazia kontua da, ez da nazionalitate kontua. Euskal herritarrok badugu gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Hori zela gauzatzen den ez da gure lana. Gurea da euskal herritarrak kontzientziatzea, sinistu dezaten beren gaitasunak zeintzuk diren eta zeintzuk diren beren eskubideak. Askotan, denbora larregi pasatzen dugu besteek esaten dutenari erreparatzen.

Alderdi politikoei ez diezue egin eskaerarik?

Alderdiekin egon gara eta badakite zein den gure lan ildoa eta helburua. Ados daude, aldarrikapen oinarrizkoa delako. Baina, berriro diot, hau herritarren dinamika da. Ekintzen bidez ezagutuko gaituzte.

Ekimena ekainaren 8an aurkeztu zenuten Ficoban, hedabideen aurrean. Orain zertan ari zarete?

Herririk herri aritu gara 15-20 bat kide 50-60 herritan, Euskal Herri osoan. Uztailean indar hori guztia ondo koordinatzeko funtzionamendu egokia zehaztuko dugu. Baditugu webguneak sarean eta edozeinek har dezake parte dinamika honetan. Gustura hartuko ditugu ekarpenak.

Egutegi zehatza baduzue finkaturik. Zeintzuk dira mugarriak? Zer, zela, noiz egingo dituzue?

Datorren urteko udazkenean jarri dugu mugarria. Eta, katalanek egin zuten antzera, Euskal Herritarren Bilkura osatu nahiko genuke. Mugimendu handi bat. Eta urte eta erdi honetan ekimen ezberdinak sortuko ditugu herririk herri lan taldeak osatuz. 2014ko ekainaren 8rako, esaterako, Giza katea antolatuko dugu Durangotik Iruñera. 130 kilometro dira eta 42.000 lagun behar dira. Erronka hori jarriko dugu. Ez daukagu zalantzarik erraz lortuko dugula. Jendea izan behar da ekimen horien protagonista. Behin lortuta, atzera begira jarri eta zer egiteko gauza garen jabetzea izango da inportantea, ondoren, beste helburu batzuk jartzeko.

Giza kate hori Debagoienetik ere igaroko da?

Bai, gure webgunean dago jarrita eta Arrasate, Bergara eta Antzuolatik igaroko da, Zumarragarantz. Gure asmoa izango litzateke dinamika abian jarri eta helburua aurtengo abenduaren 31rako beteta egotea, hau da, giza kateko metro guztiak beteta eta erosita edukitzea, beste helburu batzuk jartzeko eta Iruñea izan beharrean helmuga, esaterako, Donibane Garaziraino heltzeko.

Bideoklipa ere grabatu duzue abesti batekin. Zela batu dituzue abestian eta bideoklipean parte hartu dutenak?

Proposamena egin genien Eñaut Elorrieta, Kepa Junkera eta Joserra Senperenari, egin zezaten 80ko hamarkadan ezagun eta ospetsu egin zen We Are The World estiloko abestia, jende ezberdin asko elkarrekin abesten ikustea berezia delako. Jende ezberdinen artean proiektu komunak bideratzea posible dela irudikatu nahi genuen. Eta Kirmen Uriberi eskatu genion letra idaztea. Haien artean egin zuten abestia, gogotsu hartuz, eta, ondoren, bideoklipa, artista askorekin. Lehendabiziko ekimenaren lehen pausoa da. Ziur gaude orain egingo bagenu, artista gehiagok hartuko zutela parte.

Concert pert la libertat egin berri dute Camp Nou zelaian eta 90.000 lagun batu dira bertara. Jarraitu duzue?

Kataluniatik datozen ekimenak jarraitzen ditugu eta eredu moduan hartzen dugu hori ere. Izan ere, duela hamarkada batzuk sortu ziren hemen ikastolak, kooperatibak, euskal kulturaren suspertzea… Gaur egunera arte iritsi da haren arrastoa, baina errentetatik bizi izan gara. Orain, berriro ere sortu behar dugu beste mugimendu bat, olatu handi bat, haren antzekoa. Ziklo berri baten hasieran gaude-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak