Bakartxo Tejeria: "Politikari guztiak zaku berean sartzea ez da justua"

Txomin Madina Milikua 2013ko uzt. 4a, 02:00

Gipuzkoan, Larraulen jaioa, Villabonan hazia eta Zuzenbidean lizentziaduna, 2001ean heldu zen Gasteizko Legebiltzarrera eta iazko urte bukaera ezkero bertako presidentea da.

1. Hilabeteak daroazu karguan. Lana esperotako modukoa da?

Denbora honek balio izan dit jakiteko zertan datzan Eusko Legebiltzarreko presidentea izatea. Ez da gauza bera legebiltzarkidea edo presidentea izatea. Lana oso desberdina da.

2. Zenbatetan sentitu zara eskolako andereño?

Egia esan, batzuetan, bai. Legebiltzarkideak osoko bilkuran isiltzen ez direnean, adibidez. Baina, orokorrean, nahiko txukun portatzen gara.

3. Politikariak hain gaizki konpontzen al zarete benetan?

Maiz, itxura kontua da. Askotan, eztabaida sutsuak izaten dira, eta, prentsa tarteko dagoenez… Baina, normalean, ez dago giro zakar hori, eta akordioetara iristen gara. Azken finean, nahiz eta alderdi desberdinetakoak izan, errespetua mantentzea funtsezkoa da; elkarri errespetua beti zor baitiogu.

4. Protokoloa, laguna ala etsaia?

Laguna. Asko laguntzen du eta beharrezkoa da. Ziurtasuna ematen du. Eta, askotan, erridikulua egitetik salbatzen zaitu.

5. Legebiltzarreko presidenteak ba al du ordutegirik? Eta kontziliaziorako aukerarik?

Ez, goizean goiz  hasten naiz eta inoiz ez dakit noiz amaituko dudan. Asteburuetan ere ekitaldi ugari izaten dira. Horrela, kontziliaziorena zaila da. 

6. Azken hiru presidenteak emakumezkoak izan zarete. Kasualitatea, ala zerbaiten adierazlea?

Ez da kasualitatea. Emakumeek adierazi dugu gauzak gizonek bezain ondo egiten dakigula. Eta alderdiek emakumeengan konfiantza daukate.

7. Azkenaldian, gauza onak izan ezik, denetarik esan da politikarien inguruan. Min egiten al dizu?

Bai, denak zaku berean sartzea ez da justua. Gehienak ahalik eta ondoen egiteko gatoz politikara; ikusi udaletan zenbat zinegotzik lan egiten duten musu-truk. Gutxi batzuk zikinduta daude, eta epaitu eta zigortu egin behar dira; gainontzekoei errespetua zor zaie. 

8. Nola konpondu gizartearen eta politikarien arteko hutsunea?

Ez da erraza, hutsune hori gero eta handiagoa delako. Baina politikarioi dagokigu gizartera hurbiltzea, jendeari entzutea eta ahal den heinean arazoak konpontzea. Horretarako aukeratu gaituzte.

9. Moda kontuak gustuko ei dituzu. Tendentziak beti kontrolpean?

Moda gustuko dut, eta saiatzen naiz ezagutzen momentuko tendentziak. Baina egun moda bakoitzak nahi duena da.

10. Aspaldian baduzu astirik igerian egiteko?

Ez. Ezta beste hainbat gauzatarako ere. Baina tartetxo bat hartzen dudanean saiatzen naiz bizikletan ibiltzen edo korrika egiten.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Momentu honetan, krisialdia lurperatuko nuke. Lana, ongizatea eta etxebizitza guztiontzat ziurtatuko nituzke, gizarte justu eta oparoa lortzeko. Bestalde, gure herriak behar duen behin betiko bakea eta elkarbizitza ere finkatuko nituzke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak