AHTren zubiaren zutabeak eraikitzen dihardute AP-1 autobidearen gainean

Ubane Madera 2013ko eka. 28a, 17:21

Abuztu-irailean ihgarriko da obra horren eragin handiagoa errepidean; zirkulazioa eten egin beharko dute zenbait momentutan. Frantziak, bestalde, 2030era atzeratuko du Hendaia eta Bordele arteko abiadura handiko trenaren zatia; ordura arte beraz, ez litzateke posible izango euskal Y-a zati horrekin lotzea.

Abuztua-iraila. Horixe da Abiadura Handiko Trenaren obren Bergarako zatian kontuan hartu beharreko datarik gertukoena. Izan ere orduantxe hasiko dira muntatzen  Deba ibaia eta Gi-627 errepidea zeharkatuko duen trenbidearen zubi erraldoiaren zatirik ikusgarriena,  hau da, tableroa, eraiki ahal izateko autozinbra izeneko sistema.

Tableroari berari dagokionez,  hegoaldetik iparralderako noranzkoan hasiko dira eraikitzen; hala, AP1 autobidearen gainetik pasatzen den zatia izango da eraikiko duten azkena. Horrela jakinarazi du Manu Ruedak, trenbidearen lanon jarraipena egiten diharduen Euskal Trenbide Sarearen ordezkariak.

83 metroko zutabeak

Deba ibaiaren gainetik joango den zubia 900 metro luze izango da eta 13 zutabe izango ditu; haien artean altuenak izango dira Deba ibai bazterrean eraikiko direnak, 83 metroko garaiera izango dute, hain zuzen. Zutabeen arteko bao (distantzia) nagusia 80 metrokoa izango da, AP1 autobidearen gaineko pasabidea gainditu ahal izateko. Zutabeak hormigoi armatuz egindakoak izango dira. Tableroak berak, berriz, 14 metro zabal izango da.

Gaur egun hegoaldeko zutabeak daude eraikitzen; hau da, Bergara-Antzuola arteko loturari dagozkionak. Eta horrekin batera, errepidearen beste aldean ingurua egokitzen dihardute, geroko lanetarako.

Zirkulazio eteteak

Gi-627 errepidea bertatik pasatzen denez, pentsatzekoa da tren lasterraren obrek zirkulazioan ere eragina izango dutela, orain dutena baino handiagoa, alegia. Eta halaxe izango dela baieztatu du manu Rueda ETSko ordezkariak. Bere esanetan Babeseko portikoak ipintzeko beharrezkoa izango da zirkulazioa etetea. Tableroaren beheko aldean ipintzen dira portiko horiek, errepidearen gainera hormigoi hondarrak eta bestelako objektu txikiak jaus ez daitezen. Ruedak gaineratzen du egingo diren zirkulazio eteteak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta trafiko zuzendaritzarekin koordinazioan egingo direla, eta behar den moduan jakinaraziko dituztela. 

2014ko amaieran

Obren zati horren epeei buruz galdetuta, berriz, Manu Ruedak adierazi du zubia aurten eta datorren urteen bitartean eraikiko dela, eta amaiera 2014ko bukaerarako dagoela aurreikusita.  900 metroko biaduktuaz gainera, Abiadura Handiko Trenbidearen zati horrek bi tunel txiki ere izango ditu, 246 eta 240 metrokoak. Oraindik ez dira hasi egiten, baina  dagoeneko eraikita daude trenaren ibilbide zati hori osatzen duten gainontzeko hiru zubiak. Euskal Trenbide Saretik bidalitako muntaiak erakusten du zela geratuko den Antzuola-Bergara trenbide zatia behin obrak bukatuta.

Hendaia-Bordele, 2030ean

Frantziak baieztatu du 2030era arte atzeratu egingo dituztela herrialdean abiadura handiko trena egiteko dauden hainbat proiektu, eta horien artean dagoela Hendaia eta Bordele arteko zatia. Zati hori da, hain zuzen ere,  da euskal Y-rekin bat egin behar duena; ondorioz  2030a baino beranduagora arte ez da lotura hori gauzatuko.

Frantziako Gobernuak hartu duen erabaki honek Mugikortasuna 21 izeneko batzordeak landutako txosten bat du oinarri eta lanak atzeratzearen arrazoiak ekonomikoak dira batez ere. Izan ere datozen hogei urteotan 245.000 milioi euroko kostua izango luketen garraioarekin lotutako 70 proiketu zeuden aurrikusita Frantzian, baina Jean Marc Ayrault lehen ministroaren esanetan hori ez da erreala ez teknikoki ezta diru aldetik ere.

Honetaz gain, gogoratu Espainiako Sustapen ministerioak atzeratu egin dituela euskal y grekoak Nafarroako eta Burgoseko zatiekin izan beharreko loturak. Atzerapen hauek guztiak aintzat hartuta, euskal Y isolatuta geratzeko arriskua legoke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak