Gaurtik aurrera, gehiago ordaindu beharko da Euskadin botikengatik

Leire Kortabarria 2013ko uzt. 1a, 12:21

Euskadin osasun txartela dutenek botikengatik gehiago ordaindu beharko dute –pentsiodunek ere bai; orain arte ez zuten ezer ordaintzen– aurrerantzean, gaur, uztailak 1, sartu baita indarrean botiken kopagoa edo berrordainketa. Halaxe agindu du Eusko Jaurlaritzak, Konstituzio-Auzitegiak bere dekretua atzera bota ondoren.

Euskadin bizi direnek 2011an zituzten errenten arabera ordaindu beharko dituzte. Ezer ordaindu behar izango ez dutenak hauek dira: subsidiorik ez duten langabeak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI, espainolez) dutenak eta kotizazio gabeko pentsioa kobratzen dutenak. Lan-istripuengatik edo lanbidearekin lotutako gaixotasunengatik errezetatzen diren botikengatik ere ez da errekargua ordaindu behar izango.

Norberaren errentaren arabera, gehiago edo gutxiago ordaindu beharko du. Hala, urtean 18.000 euro gordin baino gehiago irabazten duten langileek botikaren prezioaren erdia ordaindu beharko dute; orain arte, % 40. Urteko lansari gordina 100.000 eurotik gorakoa duenak % 60 ordainduko du.

Pentsiodunen kasuan, 18.000 euro arteko errenta dutenek % 10 ordainduko dute, hilean 8,14 euroko mugarekin. 18.000 euro baino gehiago eta 100.000 baino gutxiago dutenek errekargu berbera (% 10) izango dute, baina hilean 18,32 euro ordainduko dute, gehienez. 100.000 euro baino gehiago jasotzen dutenek 61,08 euroko topea izango dute.

Gaixotasun kronikoak dituztenendako ez dago neurri berezirik ezta salbuespenik ere.

Prestazio edo dirulaguntza jasotzen duten langabeek ere gehiago ordaindu beharko dute medikamentuengatik: hain zuzen, langileen errekargu berbera aplikatuko zaie.

Osakidetzara konektatuta

Kopagoa aurrera eroateko eta kontrolatzeko, 423.000 euroko sistema informatikoa jarri da martxan Euskadin. Horren bidez, farmaziek jakin ahal izango dute pentsiodunak noiz ordaindu duen hilabete baten ordaindu dezakeen gehiena, berari ezarritako mugaren arabera, eta ordutik aurrera ez du farmazian ezer ordaindu behar izango, orain arte bezala.
Farmazia guztiak Osakidetzarekin sare bidez konektatuta egongo dira. Erabiltzaile bakoitzaren osasun txartelean edo errezetan agertzen den barra-kodearen bidez jakin ahal izango dute bere lan-maila eta errenta-maila.

Kalte "larria"

Pentsiodunen zenbait plataformatako kideek kale-agerraldia egin zuten eguenean Gasteizen, berrordainketak kalte "larria" egiten diela salatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak