Udak kalea agertoki bihurtuko du

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko eka. 28a, 16:07

Udan sartuta, kultura eskaintza kalera ateratzeko joera izaten da eta horrela izango da debagoienean ere. Izen propioa duten programazioan bilduta herri batzuetan eta ekitaldi solte moduan beste batzuetan, antzerkia, zinema, dantza eta musika emanaldiak izango dira gurean aste honetan hasi eta iraila bitartean, kaleak, plazak eta parkeak agertoki bihurtuta.

Debagoieneko aukerak jasotzeko helburuarekin, herriz-herri egingo dugu osteratxoa; hona hemen aurrerapena.

Arrasaten, musika eta dantza

Gaur, egubakoitza, ekingo diote Arrasaten, Udazabal programari. Ohiturari jarraituz, Arrasate Musikaleko Big Band-ek zabalduko du egitaraua, Monterron parkean (22:30) egingo duen emanaldiarekin. Askotariko musika estiloek osatuko dute baina, Udazabaleko musika eskaintza: Kubako doinuak ekarriko ditu Naborí taldeak; Igelaren Banda talde berrituak, euskal musika tradizionalean oinarritutako emanaldia egingo du eta musika anglosaxoiaz gozatuko dugu, berriz, La Maravillosa Orquesta del Alcohol taldearekin.

Egubakoitzetako Monterron parkeko zine emanaldiez gainera, izango da parkean dantzaz gozatzeko aukerarik ere, aurten ere ez du-eta hutsik egingo Nazioarteko Folklore jaialdiak. Horrez gainera, Ertza laukoteak, 4 x 4 kaleko dantza ikuskizuna (break dance....) egingo du Seber Altube plazan. 

Antzerkizaleentzako ere badira hainbat aukera: Uztailaren 5ean Kolektibo Monstrenko taldeak, umore absurdoa eta ukitu beltza duen Entre lombrices ikuskizuna egingo du Herriko Plazan; eta 70. hamarkadarainoko bidaia proposatuko digu Gaupasa Producciones taldeak, Typical lanarekin, uztailaren 12an, Seber Altube plazan.

Bergaran, 'Berumuga' jaialdia

Hamahirugarren edizioa du aurten, musika beltza oinarri hartuta, Espoloian uztaileko egubakoitzetan izaten den Berumuga jaialdiak; aurtengoa, herriko Belceblues taldeak zabalduko du. AEBko Menphisen egiten duten munduko blues lehiaketan izan ziren bergararrak otsailean eta bidaia horretan bizitakoak jaso dituzte Road to Memphis dokumentalean. Espoloiko eszenatokian aurkeztuko dute, bada, uztailaren 5ean, DVDa, eta kontzertuarekin borobilduko dute emanaldia. Hurrengo egubakoitzetan, berriz, honako taldeak igoko dira agertoki kuttunera, 22:00etan, hurrenez-hurren: The Lucilles (Madril-Mexiko), Edu Manzanas Project (Madril-Frantzia) eta Beatnblow (Alemania). Abuztuaren 7an, berriz, Kirkit Ensemble euskal taldeak borobilduko du Berumuga. Abuztuan herriko parkeetan beste bi kontzertu lotzeko asmoa azaldu dute kultura sailetik.

Antzerkirako aukera bikoitza izango da uztailaren 19an: Munibe plazan Pon ta Pa kale-antzerkia egingo du Bapatean Zirko taldeak goizean, eta Gezurtiak lana ekarriko du iluntzean, Trapu Zaharrak taldeak. Horrez gainera, aurten lehenekoz lotu dute magia saioa: abuztuaren 21ean, Txan Magoa igoko da Irala  kaleko agertokira, Txantxetan ikuskizunarekin.

Iaz ez bezala, aurten pantaila handia aterako dute kalera, abuztuko martitzenetan San Martin plaza aterperik gabeko zinema areto bihurtuz. Lau film erakutsiko dituzte: bi gazteleraz eta beste bi euskaraz.

Dantzazaleentzako ere badute zer eskaini: Argentinako euskal etxeko dantzariak izango dira uztailaren 25ean eta Turkiakoak, berriz, hurrengo eguneko folklore jaialdian.

Oñatin, Hegoafrika gertutik

Uztailaren 19an abiaraziko dute Oñatin, Kalean programa, Toochwood taldearekin. Aurreko edizioetako filosofia berarekin jarraituz, musika eta antzerki emanaldiak batu dituzte gehienbat; aurten baina, ez da txinatarren zirkurik izango.

Hegoafrikako Toochwood eta BCUC taldeak, gonbidatu dituzte oraingoan Oñatira, Vis a vis lehiaketa irabazita, Europako hainbat herrialdetan egiten ari diren bira aprobetxatuta. Herrialde beretik datozen arren, musika estilori begiratuta apenas dute antzekotasunik. Biolinak, ukelelea, txeloa, gitarra, marinbak eta bateria erabilita, gipsy-afro-folk estiloko musika egiten du Lurmutur  Hiriko Toochwood taldeak. Sowetoko BCUC taldeak, berriz, euren arbasoen musika hip-hoparekin ederto ezkondutako emanaldia ekarriko dute Ona tabernaren aurreko agertokira.

Herriko musikariei ere lekua egin diete aurten ere; Eco de Bul eta Bagauda taldeak gonbidatu dituzte abuztuaren 30erako Atzeko kaleko eszenatokira. Kontzertu horretako karteleko izarra, baina, ibilbide luzea duen eta rock gogorra ikur duen Leize talde izango da; Andoni Regueiro oñatiarra da egun, taldeko bateria jolea.

Antzerkia da Kalean programaren beste adar nagusia. Malabarrak, sua eta beste hainbat osagai batuko dituen Teatrakalakalle taldeak zabalduko du aurtengo zikloa. Emanaldi bikoitza egingo du uztailaren 19an: kalejiran egingo dute lehenengoa eta Herriko Plazan gauean, espektakulu nagusia. Bergarako Iñaki Mataren Oztopoz lanak hartuko du uztailaren 24an lekukoa, eta Kanpanolue haurrentzako antzerki eta dantza emanaldiarekin amaituko da aurtengo Kalean. Aipatutakoez gainera, abuztuaren 31n Surf festa egingo dute.

Aretxabaletan, antzerkia

Uztaileko lehen hiru eguaztenak kale antzerkiaz gozatzeko egunak izango dira Aretxabaletan. Herriko plaza eta Durana kalea bihurtuko dituzte aurten ere, antzokiki; 19:00etan izango dira emanaldi guztiak. Hortz-Muga taldearen Libertia lana izango da lehenengoa; askatasuna gaitzat hartuta, eta txotxongilo, panpin handi eta hezur-haragizko aktoreekin, familia giroan ikusteko umorezko ikuskizuna da. Deabru Beltzak taldearen Les tambours de feu izango da eskainiko duten hurrengoa; zuzeneko musika, piroteknia eta efektu bereziekin osatutako lan ikusgarria da. Trapu Zaharrak taldearen Gezurtiak lanak osatuko du egitaraua.

Aterpean bada ere, zine eskaintza zabalagoa ere izango da uztailean; eguenetik igandera bitartean zabalduko dituzte Zaraia aretoko  ateak helduentzako zein haurrentzako filmak erakusteko asmoaz. Abuztuan, berriz, Andramaixa jaien aitzakian, batuko dituzte beste hainbat proposamen.

Eskoriatzan, Kepa Junkera

Gaur zortzi abiatuko da Errekan Gora egitasmoaren seigarren aldia, sei anaiek osatzen duten Travelling Brothers bandarekin. Irailaren 14a bitartean, besteak beste, blues, country, trikiti eta rock doinuek hartuko dituzte herriko askotariko txokoak. Maila handiko taldeak izango dira, horien artean, izar nagusia: Kepa Junkera, uztailaren 19an. Santa Marina plazan izango da, Iñigo Olazabal perkusionista eta Jose Luis Canal teklatu-jotzailea oholtza gainean lagun dituela.

Aurtengo berritasuna, baina, Debagoieneko musikariei lekua egin gura izan dietela da: Arrasateko The Potes, Oñatiko Ganbara Abesbatza eta Eñaut Zubizarreta aretxabaletarrak gonbidatu dituzte.

Gainerako herrietan, jaiak

Udako sasoia aprobetxatuz, herrietako edo auzoetako jaiak dituzte gainerako herrietan. Atzo hasi zituzten, Elgetan, Ferixa Nagusiko jaiak, eta besteak beste, gaur, egubakoitza, Vendetta eta Gora Herria taldeen kontzertua izango da, 23:00etan, plazan; eta domekan, Trapu Zaharrak taldearen Vive soñando antzerki emanaldia. Aramaion San Martin jaiak ospatuko dituzte hurrengo asteburuan hasi eta martitzena bitartean.Egubakoitzean, uztailaren 5ean, Betagarri, Zain eta Emon taldeen kontzertua izango da. Antzuolan Lizarraga auzoan San Martzial jaiak ospatuko dituzte asteburuan eta uztaila erdialdean, berriz, herrikoak. Gatzagan, ostera, San Martin (Goierri) auzoko jaiak dituzte oraingo asteburuan.

Gatzagan, baina, ez-ohiko ekitaldia izango da uztailaren 20an: Gatz Topaketa egingo dute, besteak beste, Euskal Herriko gatzagak gonbidatuta. Gurel, guraso elkarteak, bestalde, asmoa du uztaileko gauetan zinema eskaintza kalera ateratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak