1908. urte aldera, Donostiako Udalak hiriburuko sarearen titulartasuna lortu zuen, eta Gipuzkoako Diputazio Probintzialak lurraldeko herriak telefono bidez lotzeko eskubidea lortu zuen. Hego Euskal Herriko kasu bakarra izan zen, eta Espainiako diputazioen artean ere ez zen halakorik izan; horietan guztietan, Espainiako Compañía Telefónica Nacional de España zen telefonoa instalatzeko eta berau mantentzeko arduraduna. Gipuzkoaren egoera pribilegiatu horrek 50eko hamarkadara arte iraun zuen; urte horretan, Telefonicari eskualdatu zizkioten esplotazio eta mantenu eskubideak. Baina Gipuzkoan beste inon baino azkarrago jarraitu zuen garatzen teknologia berriak, eta, 1953. urtean, Hego Euskal Herrian eta Espainian, Gipuzkoa zen herri arteko komunikazio automatizatua zeukan lurralde bakarra.
Garai hartan, telefono-zentral bitartez funtzionatzen zuten telefonozko komunikazioek. Debagoienean, Bergaran ipini zen zentral nagusia, eta 1917an haren mendean zeuden Angiozar, Antzuola, Arantzazu, Araotz, Aretxabaleta, Elgeta, Eskoriatza, Arrasate, Oñati, Leintz Gatzaga, San Pedro, Santa Ageda, Bergarako tren-estaziokoa, Zubillagakoa eta beste estazio batzuk. Telefonistek konektatzen zituzten lineak, eta dei guztiak haien bidez egiten ziren; ez zegoen beste modurik. 1908an oposaketa bidez aukeratu ziren Gipuzkoako lehenengo telefonistak, denak emakumeak: 69. Gaztelaniaz eta euskaraz ondo moldatu behar zuten.
Enpresek bere linea zuten
Debagoienaren industriarendako oso garrantzitsua izan zen telefonoa. Orduko enpresa handienen artean zegoen Vergarajauregi, Resusta y Cía, Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan, gero Union Cerrajera izango zena; Oñatin, iltzegintzan 200 langile zebiltzan, eta Garay poxpolo-lantegian, 300.
Zerrajeraren barruko lineak, Arrasate eta Bergarako lantegiak konektatzen zituena, 80ko hamarkadara arte iraun zuen, Josemari Velez de Mendizabal historialariak gogoan duenez.
Lorentzo Laskurain Josu Oregiren enpresan lan egindakoa da eta etxean dauka biltegiko telefonoa, 30eko hamarkadakoa. Bergaran telefonoak zela funtzionatzen zuen azaltzen digu: "Dei guzti-guztiak Bergarako zentraletik pasatzen ziren. Mizpildi kalean zegoen. Guk enpresan, biltegian geneukan aparailu bat eta bulegoetan beste bi; zentralita ere bageneukan. Ahotsetik ezagutu egiten genituen telefonistak". Deia egiteko, "konferentzia eskatu behar zen, eta 10 minutu, 15 minutu… behar izaten zen konektatzeko. Batzuk haserretu egiten ziren itxoiteagatik", esaten du Lorentzo Laskurainek.
Enpresendako eta jendearendako ere, "oso garrantzitsua" zen telefonoa. "Bestela, postaz egin behar izaten zen dena: bezeroekin harremana, eskaerak…".
"Hara ze amerikanada!"
Hasieran, etxean jende gutxik zeukan telefonoa. Auzoetan, batez ere, lokutorioak ipini ziren: familia batek telefonoa izateko ardura hartzen zuen eta, deia zegoen bakoitzean, zegokionari abisatzeko ardura ere bazeukan. Inork dei egin nahi izanez gero, hitz egin ondoren ordaindu behar zion. Sistema hori zeukaten Bedoñan, Angiozarren, Udalan…auzo gehienetan.
Oso esanguratsua da Urbiaren kasua. 1924an ipini zuen han telefonoa Diputazioak, udan artzainek erabil zezaten. 1.200 metroko altuera dauka auzoak, eta han telefonoa ipini nahi izan zuen Diputazioak, halako leku baten egin ahal bazen, edozein bazterretan egin zitekeela erakusteko. Maria Luisa Ibisate historialariak La telefonía en Gipuzkoa tesian idazten duenez, 65 poste sartu zituzten eta burdinazko 4.300 metroko zirkuitua instalatu zuten, dena lau egunean. Urbiako fondako Aritz Altubek esaten duenez, "fondaren gaineko antzinako iragarki batek telefonoa zeukala nabarmentzen du, gauza berezi moduan". Bilboko mendi elkarte batera egin ei zuten lehen deia. Urbiatik deitzen dut, esan zioten hartzaileari; Hara ze amerikanada! erantzun eta eskegi, hark.
Oñatin bertan, beste momentu esanguratsu bat Primo de Rivera generalak, Espainiako Ministroen Batzordeko presidenteak Arantzazuko Santutegia bisitatu zuenekoa izan zen, 1927ko irailaren 9an, Arantzazuko Amaren egunean. Bisita horretarako propio, Gipuzkoako probintzia-sareko arduradunek Arantzazu-Oñati eta Oñati-Donostia lineekin zirkuitua osatu zuen eta sare automatikoarekin konektatu zuen. Airez 69 kilometroko konexioa zen. Gipuzkoako telefono sarea Europako onenen artean ipintzeko Diputazioaren ahaleginaren erakuslea da instalazio berezi hori.
Oñatiko lehenengo telefono-zentrala Kale Zaharreko 1. zenbakian (orduan, Alzaa kalea, 3) zegoen, Jerardo Elortzak kontatzen digunez. Lehenengo telefonistak Agirre ahizpak izan ziren, eta Dionisio Korkostegi alde batetik bestera ibiltzen zen, deia zuenari errekadua eroaten.
Zenbaki bat 100 etxerako
Angiozarren, hiru lekutan egon izan da auzoko lokutorioa: Azulena etxean, goiko tabernan gero, eta Kamiñerokua etxean. 1990ean lortu zuten auzotarrek telefonoa etxeetan prezio onean ipintzea.
Jose Angel Mikeo auzotarrak gogoratzen duenez, "auzoko 100 etxe inguruk 943 76 16 19 zenbakia zeukaten emanda; hori zen auzoko zenbakia". Horregatik, norberaren etxean telefonoa ipintzeko obrek iraun zuten bitartean, zenbaki hori liburutegian ipini zuten, erantzungailu automatikoarekin, eta liburuzainak pasatzen zuen abisua deia zegoenean.
Auzoko telefono horretatik ere ezin izaten zen zuzenean edozein lekutara deitu; zentralita Azpeitian zegoen eta dei guztiak handik pasatzen ziren. Telefonistari linea eskatu behar zitzaion, eta zenbakia eskatu; adibidez, Elgetan bizi zen medikuari deitzeko, Elgetako halako zenbakiarekin konektatzeko eskatu behar zitzaion. Gaurko telefonia eta komunikazioak ikusita, oso antzinako kontuak dirudite, baina ez dira hain aspaldikoak.
-----------------
Ingeniari baten bisioa
Ignacio Maria Etxaide Lizasoain (1884-1962) ingeniari industrial donostiarra zen. 1909tik 1949ra arte, Gipuzkoako Probintzia-Sare Telefonikoko zuzendaria izan zen. Aitor Anduagak idazten duenez, herriak elkarren artean telefonoz lotu zitezen telefono-sarea sortu behar zela konturatu zen, eta hura finantzatzeko konbentzitu zuen Diputazioa. 1921ean, 1.457 km kable zegoen instalatuta, eta 100 km2 bakoitzeko 216 abonatu zegoen Gipuzkoan, munduan seigarren dentsitate handiena, Danimarka, Herbehereak, Suitza, Alemania eta Erreinu Batuaren atzetik.