Ur-instalazioa gaizki zaintzeak 178 euroko kostea dakar

Leire Kortabarria 2013ko eka. 28a, 13:12

Etxebizitza bakoitzak 178 euro inguruko gastua izan dezake etxeko ur-instalazioa konpontzeko, berau gaizki erabiltzeagatik edo gaizki mantentzeagatik. Hodiak, hustubideak eta kanalizazioak apurtzen dira samurren.

Reparalia etxeak emandako datuak dira. Aditu horien esanetan, aldian-aldian errebisioa eginda, instalazioa apurtzeko edo hondatzeko arriskua txikitu egiten da.

Gastua are gehiago handitu daiteke praktika txar batzuekin, hala nola janari-hondakinak, olioa edo koipeak arraskatik behera botatzea edo hondakinak edo paper larregi komunetik behera botatzea. Horrek hodiei kalte egiten die.

Adituek zenbait aholku ematen dituzte etxeko ur-instalazioa ondo edukitzeko.

1. Urak ihes ez egiteko, hiru pauso eman daitezke: lehenengo, ur-giltza itxi eta txorrotatik ura irteten jarraitzen duen begiratu. Bestalde, ur-tanta jariorik entzuten bada, non dagoen topatzea komeni da. Azkenik, txorrota guztiak itxi arren ur-kontadoreko erruberak bira egiten jarraitzen badu, instalazio barruan urak ihes egiten duen seinale da.

2. Hustubidean edo hodietan trabak, ataskoak baldin badaude, zerk eragin dituen jakitea komeni da, aurrerantzean gerta ez daitezen. Instalazioa egin zenean akatsak daudelako edo denborarekin hondatuz joan direlako izan daiteke, baina baita garbigailuko edo ontzi-garbigailuko xaboi-arrastoengatik ere.

3. Trikimailu batzuk daude hodiak hobeto edukitzeko: astean behin lapikokada bat ura irekiten bota hoditik, pilatutako koipea urtzeko; edo, noizean behin, legami kimiko kikara erdi eta ozpin zuri kikara erdi botatzea.

4. Horrez gain, ez da inoiz koipea, olioa, degradatzen ez den papera, argizari beroa edo substantzia kimikorik hustubidetik behera bota behar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak