Aitor Izagirre eta Estepan Plazaola, Goienako presidente berria eta presidente ohia: "Logikak eskatzen du euskal hedabideen arteko elkarlana egiazkoa izatea"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko eka. 21a, 10:00

Mahaiaren bueltan elkartu ditugu Estepan Plazaola eta Aitor Izagirre. Lehena, 13 urtez Goienako presidente izandakoa; bigarrena, presidente berria. Goiena Komunikazio Taldeari eta euskarazko hedabideei buruz dihardute.

Musakolarra da Goienaren presidente berria (Arrasate): Aitor Izagirre. Laboral Kutxan egiten du lan, Bergaran, eta 29 urte ditu. Enpresa Zientziak ikasi zituen Oñatiko Enpresagintza Fakultatean (MU). Ekainaren 6an hartu zuen kargua, Goienaren batzar orokorrean. Batzar hartan esan zion agur Estepan Plazaolak, Bergaran bizi eta bertan lan egiten duen udalarrak (Arrasate), azkeneko 13 urteotan Goienako presidente izandakoak. Goienaren sorreratik dihardu zeregin horretan. Eta aurretik ere ibilia da eragile lanetan: Jardunen, Berrigara-n, Goiena sortzeko prozesuan…

Aitor eta Estepan, biak elkartu ditugu mahaiaren bueltan.

Umetatik ezagutu ditu Aitor Izagirrek Arrasateko euskara elkartea eta euskalgintza, oro har. Txikitan, Txatxilipurdirekin hazitakoa. Udalekuetan begirale, ondoren. Zuzendaritzan ere bai. Txatxilipurdin, Topagunean…

Kontatuko diguzu, Aitor, zelan eta noiz jaso zenuen Goienako presidente izateko gonbita?

Aitor Izagirre: Estepanek deitu zidan, nirekin egon gura zuela-eta. Hitzordua egin genuen. Baina inondik inora ez zitzaidan burutik pasa Goienako presidente izateko eskaintza egingo zidanik. Proiekturen bat finantzatzeko izango zela uste nuen. Iban Arantzabal zuzendari nagusiarekin ikusi nuenean, harritu egin nintzen apur bat. "Zerbait inportantea behar du honek". Eta, ja, esan zidatenean zertarako elkartu ginen, neure barrurako pentsatu nuen: "Hauek zoratu egin dira". Kazetaritza gustatu izan zait beti. Hedabide-zalea naiz eta Goiena sorreratik izan dut gertuko, jarraitu izan dut, kolaboratu izan dut… Baina, albotik. Halere, pentsatu nuen orain baietz esaten ez banuen ez nuela inoiz esango. Eta, aurrera!

Espero zenuen?

A.I.: Ez, ez, ez. Goienako Erabiltzaileen Kontseiluan-eta ibilia naiz eta Txatxilipurdiko zuzendaritzetako deskarguetan esan ziguten agian Goienaren egoitzarako mailegua beharko zela. Hortaz, imajinatu nuen mailegu hartarako aholku edo laguntza bila zetozela Iban eta Estepan. Inondik inora ez Goienako presidente izateko eskatzera.

Zelan erreakzionatu zuen, Estepan?

Estepan Plazaola: Ezustean harrapatu genuen. Baina berehala aitortu zigun gustuko zuela eskaintza, esan duen moduan gustuko duelako hedabideen mundua. Eta poz handia hartu genuen.

A.I.: Lana polita da, erakargarria. Egia da une zailak bizi dituztela hedabideek… Politika, enpresa mundua, euskalgintza… oso gustuko eta, kasu batzuetan, gertuko ditut.

Aitor, zela ikusten da Goiena kanpotik?

A.I.: Oso hedabide profesional moduan. Beste batzuen aldean, gauzak ondo egiten dituen hedabide moduan. Gainera, euskalduna eta geurea da. Joxemari Muxikak esan zigun behin: "Goienak ez dio ezeren inbidiarik Berria-ri edo ETBri". Hori hala da.

Zer egingo duzu, Estepan, aurrerantzean?

E.P.: Goienako Errektore Kontseiluan jarraituko dut oraindik ere denbora batean, Jardunen izenean. Hortik aparte, etxe inguruari tarte handitxoagoa eskaintzeko aukera izango dut eta, edozein kasutan ere, hemendik aurrera Goiena lantzen dabilen zenbait proiektutan edo euskararen inguruko beste ekimen batzuetan laguntzeko prest egongo naiz.

A.I.: Niretako ona, lagungarria, izango da Estepan inguruan edukitzea. 13 urte ez dira alperrik pasatzen eta jakinduria handia dauka, Goienan ez ezik beti ibili delako euskalgintzan, euskarazko hedabideen inguruan… Jakintza hori transmititzea garrantzitsua dela uste dut; izan ere, Goienari ondo joan zaio orain arte. Asko lasaitu ninduen jakiteak Estepanek jarraituko duela.

Denbora gutxian zuzendari nagusia eta presidentea aldatu ditu Goienak. Odol berritu egin da, gaztetu ere bai…

E.P.: Bai, hala da, eta hori ona da. Berritzea ona da.

A.I.: Hor garrantzitsua da kultura, jakintza, horri eustea. Ideia eta jende berriak behar dira, baina ondo egindakoa ondo jasotzea ere inportantea da.

Asko aldatu da, Estepan, Goiena, azkeneko 13 urteotan?

E.P.: Bereziki, esango nuke, Goiena sendotu egin dela enpresa moduan. Goienaren sorreran hainbat gauza modu irregularrean egiten ziren. Esaterako, aldizkariaren banaketa nerabeek egiten zuten, kontratu barik. Orain, Goienak berak sortutako enpresa batek, Batu-Banatuk, egiten du. Horiek guztiak bideratuta daude. Funtzionamendu aldetik ere asko hobetu dira gauzak. Esaterako, sorreran, hedabideetako erredakzioek modu autonomo samarrean jarduten zuten. Orain modu efizienteagoan antolatuta dago erredakzio bakarraren bidez. Multimedia funtzionamendua errealitatea da, prozesuak landu dira… Uste dut Goiena gaur askoz ere bideragarriagoa dela sorreran baino. Kontuan izan krisi gogorrean murgilduta gaudela eta luze doala eta diru-sarrerak, bai diru laguntzak eta baita publizitate bidezkoak ere, behera etorri direla. Eta halere, Goienak eutsi egin dio eta osasuntsu dago. Goiena sendotu egin da: profesionalagoa da eta hedabideak dira txukunak, kalitatezkoak. Sorreran erreferente zen hemendik kanpo, baina gaur egun gehiago da. Esaterako, nazio mailako hainbat elkargunetan —Hekimen, Tokikom…— agente aktiboa da eta proiektuak gidatzen dihardu.

A.I.: Nik ere irudipen hori daukat. Maila askotan da erreferentzia Goiena. Baditut lagunak edo hurbilekoak tokatu zaienak lan egitea euskarazko beste hedabide batzuetan edo euskalgintzakoetan eta Goiena ikusten dute miresmenarekin; aitzindaria da, oinarri sendoak ditu, dibertsifikatzen jakin du…Kanpotik hala ikusten da.

Kontsumitzaile moduan, zela ikusten dituzue Goienaren hedabideak? Uste duzu, Arrasate Press-en sasoitik hona galdu ala irabazi egin dela?

A.I.: Ez daukat zalantzarik edukien, produktuen, aldetik ere, irabazi egin dugula. Goienako hedabideak profesionalagoak dira orain, hobeak. Berehala ikusten da hori. Gertutasunean zerbait galdu egin dela? Bai. Egia da. Baina uste dut jendeak oso gustura irakurtzen edo ikusten eta entzuten dituela norbere herriko kontuez gain albokoenak ere. Hori gero eta nabariagoa dela esango nuke.

E.P.: Bereziki, teknologia berriei esker eta baita telebistan ere, etorkizunean, izango dugu aukera gertutasun hori berreskuratzeko. Paperak espazio mugatua dauka, baina Internetek ez; telebista ere ez da horren zurruna. Hori baliatu beharko dugu. Goienan egin berri dugun gogoeta estrategikoan horretan sakondu gura dugu: gertutasuna, hiperlokala… Iturriekin, hartzaileekin, herritarrekin, protagonistekin, eduki sortzaileekin…, harreman zuzenago, arinago, biziago eta etengabea izan nahi dugu. Iturria bera albiste emaile bihurtu, parte hartzea bultzatu…

A.I.: Eta norberak gura dituen edukietara gerturatzeko, kontsumitzeko, aukera eskaini.

Zeintzuk dira, Estepan, Goienaren 13 urteotako mugarriak edo une gozoak?

E.P.: Hainbat aipa litezke baina nik bat aipatzekotan Goiena paperekoa astelehenetan ere argitaratzen hasi ginenekoa aipatuko nuke. Besteak beste, Debagoieneko 5.000 herritar euren ekarpen ekonomikoa egiten hastea oso-oso garrantzitsua izan zen. Jauzi inportantea izan zen astelehenekoa: batetik, maiztasunean irabazi genuelako eta astean bi egunetan aldizkaria etxeetara banatzen hasi ginelako. Baina, bestetik, gure proiektua egonkortzeko beste finantzazio iturri bat aurkitu zelako eta herritar askoren konpromisoa, atxikipena, jaso genuelako eta jasotzen dugulako. Etorkizunean ere, gizartearen ekarpena behar beharrezkoa izango da.

Ze eskatzen diozue Goienari aurrera begira, etorkizunerako?

A.I.: Jendarte teknologiko honen premietara egokitu beharko da, zalantzarik barik. Baina, ezingo dugu baztertu, esaterako, papereko euskarria. Bi gako ikusten ditut: batetik, gazteei eta belaunaldi berriei egokitutako euskarriak eta edukiak sortzen asmatzea, hau da, Goiena etengabe eguneratzen joatea; bestetik, herritarrekin batera egitea hori. Herritarrek, jendarteak, elkarteek, taldeek, erakundeek, parte hartu behar dute proiektuan. Eurengana hurbildu behar gara, komunitatea indartu. Izan ere, norbera proiektu bateko parte bada, kide sentitzen bada, gusturago jarduten du.

E.P.: Goienaren gogoeta estrategikoak guztiz bat egiten du Aitorrek aipatu duen ideia horrekin: behar ditugu hedabide komunitarioak, parte hartzaileak… Badakit boladan dauden berbak edo ideiak direla. Goienari eskatuko niokeena horixe da: finkatutako ildo estrategiko horiek gauzatzeko ahalegin guztiak egin ditzala.

Zertan asmatu beharko du Goienak etorkizunean ere, punta-puntan egoteko?

A.I.: Garrantzitsuena da aldaketei egokitzeko gerria edukitzea. Orain arte oso ondo egin da.

E.P.: Baliabideak urriak izango dira ondorengo urteotan ere, eta, funtzionatzen duenari eusten eta bide berriak urratzen asmatu behar dugu, bai edukiaren eta baita diru-iturrien aldetik ere. Goiena Klubari indarra eman behar diogu. Komunitateari, kidetza edo proiektu bateko parte sentitze horri.

Euskalgintzan badiharduzu, Aitor, baina kudeaketaren alorretik zatoz, Laboral Kutxatik. Beste nortasun bat, beste ukitu bat, emango diozu Goienari?

A.I.: Norberak dauka bere estiloa, bere egiteko modua. Baina Goiena bada talde lanekoa. Kanpotik, behinik behin, hala ikusi izan dut nik. Kudeaketa alorrean ikusi izan ditut era guztietakoak eta espero dut alor honetan daukadan eskarmentu hori Goienarako baliagarria izatea.

Estepan, esan zenuen, agur berbetan, pozik zindoazela, presidente ona aukeratu duelako Goienak…

E.P.: Niretako pena izango zen kargua uztea eta beste norbaitek hartzea erdi behartuta edo besterik ez zegoelako. Baina ez da kasua izan; hortaz, pozik noa. Bi arrazoirengatik: batetik, aukeratu dugun pertsonaren, Aitorren, profila oso-oso egokia delako Goienako presidente izateko; eta, bestetik, eta bereziki, ikusten dudalako ilusioz hartu duela kargua.

Inoiz entzun bako kontzeptu baten aipamena ere egin zenuen Goienaren azken Batzar Orokorrean, Estepan: Hedabideen Eraginkortasun Soziolinguistikoa. Zer da?

E.P.: Bai, azken batean Goiena sortu zen nagusiki euskararen normalkuntzarako baliabide gisa. Orduan, helburua hori bada, neurtu beharko genuke Goienaren produktu bakoitzak euskarari ematen dion bizi-indarra edo energia. Horri deitzen nion Eraginkortasun Soziolinguistikoa. Garbi dago, adibidez, produktu batek zenbat eta audientzia handiagoa duen euskarari ekarpen handiagoa egingo diola. Orain arte hori neurtu izan da: ze audientzia duen. Baina hizkuntza normalkuntzaren ikuspegitik badago hori bezain inportantea edo inportanteagoa den beste adierazle bat: zenbat jende jartzen du produktu horrek sortzaile lanetan. Zenbatek jarduten dute Goiena papererako edo Goiena.net-erako idazten, zenbat lagun jartzen du telebistak elkarrizketetan, tertulietan… euskaraz berbetan edo, lehiaketa bat dela-eta, edo euskarazko kantak ikasten…?

Hedabideek badute berezitasun bat: zeharkakoak dira. Eragiten diote kirolari, administrazioari, kulturari, politikari, merkataritzari… Eta eremu horiek erdalduntzeko edo euskalduntzeko agente oso indartsuak dira. Gaur egun Debagoieneko dendariek egiten duten publizitatearen portzentajea oso handia euskaraz da eta hori tokiko hedabideei esker da. Ez dakit zenbateraino aztertu den gai hau baina uste dut mereziko lukeela ikerketa sakona.

Idatzizko hedabideak krisi gogorrean murgilduta daude; asko eta asko itxi egin dituzte. Euskarazko hedabideen egoera ez da hobea… Kezkatuta zaudete hedabideen geroarekin?

A.I.: Egoera kezkatzeko modukoa da. Ikusi besterik ez dago, esaterako, Espainian zenbat egunkari zeuden duela 20 urte eta zenbat dauden gaur egun. Erdia izango dira. Handi-handiak ere larri dabiltza. Berria bera ere bai…

Hemendik 10 urtera oso bestelakoa izango da egoera?

A.I.: Bai, zalantza barik! Orain: paperik egongo ez den? Nik uste dut baietz, egongo direla papereko egunkari edo aldizkariak. Oso Internetekoa den jendeari ere gustatzen zaio paperean irakurtzea albisteak, analisiak, gogoetak…

E.P.: Seguruena finantzazio iturriak beste batzuk izango dira. Arazoa da gaur egungo hedabide berrien, bereziki, Interneteko hedabideen, finantzazioa dagoela oraindik airean. Ez zaie bideragarritasun ekonomikorik ikusten.

Tokikom, Hekimen…, euskarazko hedabideen sektorea mugitzen dabil. Ezinbestean?

A.I.: Kanpotik euskalgintza ikusten da denak bat izango balira moduan edo denak lagun, behinik behin. Barruan zaudenean, beste era batera ikusten dira gauzak. Zelako konplikatuak diren batzuen eta besteen arteko harremanak. Hedabide handien eta txikien artean ez dagoela harremanik, txikien artean bai, baina gauza gutxi egiten dutela elkarrekin… Ulergaitza izan arren, horixe zen errealitatea. Eta uste dut, orain, egoera honek derrigortuta, akaso, elkartuago, denok norabide berean, gabiltzala. Beharrezkoa da. Eta pozgarria. Berria-arekin, Argia-rekin…, batera, eskutik, joatea, poztekoa da. Ezagutza partekatzea… Logikak eskatzen du, batzuetan oso zaila den arren, euskal hedabideen elkarlana egiazkoa izatea.

Laboral Kutxan eta Goienan, lan orduz kanpo

Aitor Izagirre oso ezaguna da bere herrian, Arrasaten. Hainbat saltsatan sartuta dago. Parte hartu izan du, adibide bat jartzearren, eskualdeko antzerki herrikoi eta satirikoan, Debagoieneko toberan. Ezaguna da, era berean, Oñatin eta, bereziki, Bergaran. Bi herrietan jardun du lanean. Gaur egun Bergarako Laboral Kutxan dihardu. Horrek eman dio hainbat herritarrekiko gertutasuna. Askok zoriondu du kargu berriarengatik eta bezero batek baino gehiagok galdetu dio lanbidez aldatu behar duen. Ezetz dio. Izan ere, hauxe dio: "Goienako presidente kargua lan ordutik kanpokoa da eta ez da ordaindua, borondatez, gustu handiz, egingo dudana baizik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak