Amaia Santamaria: "Autobusean Arte Ederretakoak euren lanekin ikusteak inbidia ematen zidan"

Jone Albeniz 2013ko eka. 17a, 18:34

Amaia Santamariak (Bergara, 1992) Arte Ederrak gradua egiten dihardu Leioan, EHUn. Aurtengoa bere lehenengo urtea izan da, joan den urtean Geologiako graduaren bigarren urtea amaitu eta alde batera utzi ostean. Ez da geldirik egoten, dantza ikastaroak eman eta jasotzen ditu. Gainera, surf-taula oparitu berri diote eta udan ikasteko irrakan dago.

Zer da artea eta nola definituko zenuke?

Oso zaila da galdera horri erantzutea, baina kontzienteki sortutako edozein aktibitate edo produktu izan daitekeela esango nuke. Betiere, helburu estetiko edo komunikatiboa duena eta emozionatzeko, gozarazteko edo talka sorrarazteko gai dena.

Zerk bultzatuta hasi zara Arte Ederrak ikasten?

Txikitatik miresten dut arte ederren mundua. Betidanik gustatu izan zait margotzea, eskulanak egitea... Zazpi urtez ibili nintzen pinturan; bertan, marrazkiak eta koadroak pintatzen genituen.

Zergatik baztertu duzu Geologia eta Arte Ederrak ikasten hasi?

Inoiz bururatu zitzaidan Arte Ederrak ikastea, baina ez nuen serio hartu, beti entzun izan dudalako horrek irtenbiderik ez daukala. Geologian matrikulatu baino lehen, azkeneko momentuan dudatan egon nintzen, baina ez nintzen ausartu eta Geologia ere gustuko nuenez, horretan hasi nintzen. Edozelan ere, ez nengoen oso gustura, eta, gainera, autobusean Arte Ederretakoak euren lanekin ikusteak inbidia handia ematen zidan.

Zerk inspiratzen zaitu lanean zaudenean?

Musikak. Lanean jarraitzeko gogo handirik ez daukadanean ere, gogoko musikak animatu eta motibatu egiten nau.

Originala izatea zaila da?

Ez da erraza, ez. Askotan, jada eginda dauden gauzetan oinarritzeko joera izaten dugu, nahi gabe.

Zein da zure artista gogokoena?

Bat aukeratzekotan, Voka esango nuke. Pintore honen estiloa errealismo espontaneoa da, aurreikusi gabekoa errepresentatzen du pintzelkada lodi eta koloretsuen bitartez.

Arte ederren munduan lehenengo pausoak egiten hasteaz gain, dantza ikastaroak jaso eta ematen dituzu; nolatan?

Bergarako gaztetxean salsa klaseak ematen ditugu lagun batek eta biok; iaz ere ibili ginen erakusten beste bi lagunekin batera. Salsa tailerra sortzeko proposamena irten zen, eta, irakaslerik topatu ez genuenez, gu hasi ginen klaseak ematen. 

Aurten Bilbon hilabete batzuk eman ditut dantza latindarrak ikasten.

Egia da Arte Ederretako ikasle eta irakasleak harrikada daukazuela? Ala mitoa da?

Hori betiko kontua da. Nik uste dut orokorrean jendea irekiagoa dela estilo eta jokaera ezberdinetan. Joan den urtetik hona aldaketa horiek igarri ditut, bai. [Barre]

Izan ere, karrerarekin lotuta egon daiteke, ausartu egin behar duzulako guztiarekin apurtzera zuk nahi duzuna adierazteko.

Ze plan daukazu udarako?

Ekain bukaeran Galizia edo Portugal aldera joango gara egun batzuk; surf-taula bat oparitu didate eta surfean aritu eta ikasteko asmoz joango gara. Uztailean, berriz, udaleku irekietan egongo naiz begirale moduan.

Bestalde, oporretan lanak produzitzen jarraitu nahiko nuke.

Zer da aurtengo ikasturtean ikasi duzun garrantzitsuena?

Askotan, ideia perfektuaren zain egoten zara, inspirazioaren zain, ezer egin gabe, baina, aurrera egiteko, zerbait sortzen hasi behar da. Bestela, hor trabatuta gelditzen zara-eta.

Garrantzitsua da norberarentzat, baita ere, zein modutan lan egin nahi den jakitea eta gustatzen edo interesatzen zaizunaz jabetzen joatea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak