Elikagaien Bankuak, gero eta eskari gehiagori aurre egiten

Ubane Madera 2013ko eka. 14a, 10:40

282 laguni arreta ematetik 2.643ra pasa dira, bi urtean, Bergarako Elikagaien Bankuan. Eskaerari aurre egiten laguntzeko, janari bilketak antolatzen dituzte eta horixe izan da, esaterako, aurreko asteburuan Eroskin eta Aste Zapatistan (Eskoriatzan) egin zutena. Ia 6.000 kilo jaki batu zituzten Arrasaten BAGerako, eta Eroskik 1.200 gehiago emango zituen.

"Sarri dator jendea gauzak ekartzera. Oraingo astelehenean, adibidez, Eskoriatzatik etorri ziren, Aste Zapatistaren barruan batu dituzten 252,5 kilo elikagai ekartzera. Bihar (barikua) berriz, Eibarko suhiltzaileak etorri behar dira, azkeneko greban kobratu bako dirua gure ankuari ematea erabaki dutelako. 4.000 euro pasa ekarriko dituzte, eta guk elikagaiak erosteko erabiliko ditugu. Eta eskatzera ere, asko etortzen dira. Martitzenean, adibidez, Ermuko Udaletik etorri ziren eta 1.000 kilo jaki eman genizkien, eta eguaztenean Azkoitiko Caritasetik etorri ziren beste horrenbeste kilo elikagairen bila".

Bergarako Elikagaien Bankuaren (BAG) erretratu hori egin digu Jose Antonio Agirrebeña bergararrak, Gipuzkoako elikagaien bankuko arduradunak. Joan den asteburuan Debagoienean BAGerako egin diren bi elikagai bilketa kanpaina (Eroski eta Eskoriatza) aitzakia hartuta jo dugu BAGen osasunaren berri jakin guran. Eta datuen arabera, eurenganaino iristen diren beharrei ondo erantzuteko moduan daude.  

200dik 2.000 pertsonara

"Batez beste, 12.000-14.000 kilo genero ditugu BAGen. Denerakoak, pasta, batez ere. Babak falta zitzaizkigun, baina justu eskari berezia egin dugu Eroskiko bilketan, beraz, pentsatzen dugu babak ere nahikoa izango ditugula. Eta orokorrean ez gabiltza gaizki. Adibidez, joan den apirilean Carrefourren (Olabarrian) kanpaina egin genuen eta ia 4.000 kilo elikagai batu genituen. Horri Carrefourrek berak beste horrenbeste gehitu zizkion, beraz…Eta orain Arrasateko eta Eibarko Eroskin ere bilketa egin dugunez…". 

Eta hori guztia kontuan hartuta Europatik atzerapen handiarekin dabiltzala elikagaien bankuetarako bidalketetan, zenbait elikagai bankutan buruhauste eta gabezia handiak eraginez: "Egia da. Iazko azken banaketa aurtengo apirilean egin dute; eta aurtengo eskaera egin genuenean mezua jaso genuen aurtengo lehenengo banaketa ekainean egingo dutela jakinarazten. Gainera, lehen lau bider ematen ziguten jana, eta orain, berriz, hirutan. Baina bueno, gu nahiko ondo gabiltza".   

Gauzak horrela, hala ere, soberan ez dute ezer izango Bergarako Elikagaien Bankuan. Hura abiarazi zutenetik (2011ko apirilaren 10ean) jasotzen duten eskaera kopurua dezente handitzen eta handitzen joan delako: "Orduan, zortzi erakunde hartzaile zeuden eta 282 bat pertsona. Eta orain momentuan, adibidez, 34-35 bat erakunde hartzaile daude eta 2.643 pertsona", jakinarazi du Agirrebeñak.  

Oñatin hazi, Arrasaten ataskatu 

Debagoienari buruz galdetuta, "Oñatin hazi egin da apur bat eskaera kopurua, eta Arrasate ataskatuta dago, ez zaigu-eta ezelako eskaerarik iristen, ez udaletxetik eta ezta Caritasetik ere. Udaletxetik esan ziguten zerbait egiteko asmoa bazutela, baina oraindik ez digute ezer esan", dio Agirrebeñak. Gainontzeko udalerrietan, aldaketa nabarmenik ez dutela igarri dio hark. 

Ia-ia guztiak bergararrak 

Bergarako Elikagaien Bankuak Debarroko, Urolako, Goierriko eta Tolosaldeko udalerrietan dihardu lanean, 50 boluntariorekin. "Arrasateko bi eta Elgetako lagun bat izan ezik, gainerako guztiak bergararrak gara, erretiratuak ia-ia guztiak. 09:00etatik 13:00etara hemen gaude egunero".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak