Lan-mundua euskalduntzeko ibilbide-orria aurkeztu du Kontseiluak Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 13a, 18:43

Garaia Berrikuntza Gunean egin du aurkezpena, goizean, euskarak lan-munduan duen lekua aztertzerako orduan bidelagun izan dituen sindikatu, enpresari, kontsumitzaile eta administrazioetako ordezkarien aurrean. Guztien artean helburua lortzeko itxaropena agertu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Duela urte eta erdi lan-munduko aholkularitzen sektorea osatzen duten bazkideekin lan munduaren euskalduntzeari buruzko diagnosia eta etorkizuneko erronkak definitu zituen Kontseiluak. "Halere, oso argi genuen lan munduaren euskalduntzean beste aktore batzuen esku-hartzea beharrezkoa zela eta, horregatik, azken urtean aktore eta eragile horiei guztiei gure irakurketa helarazi diegu haien ekarpenak egin ditzaten", azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Gaur, eguena, aktore horien guztien iritziak Konferentzian izan dira; sindikatuak, enpresariak, kontsumitzaileak eta administrazioak. "Lan munduaren euskalduntzean zeresana duten guztiak foro honetara ekarri nahi izan ditugu eta parte-hartzea kontuan hartuta, arrakastatsua izan dela ondoriozta dezakegu", adierazi du Bilbaok. Izan ere, parte-hartzea "oso zabala" izan da: alde batetik, eragile garrantzitsuen ekarpenak jaso direlako, hala nola, hiru aldundienak, Eusko Jaurlaritzarenak, CCOO, ELA eta LAB sindikatuenak, EKA kontsumitzaile elkartearenak edota hainbat enpresarenak (EIKA, MAPSA, CEGASA, IMH, GSR, ELAY, ORKLI, CIKAUTXO, MCC...); eta bestetik, hainbat enpresatako ordezkariak Konferentziara bertaratu direlako (Ulma, Metro Bilbao, Kutxa Fundazioa, Erkide, Fagor, Electra Vitoria, Eusko Tren, Goizper, CAF, Izfe...).

Generalitatearen estrategietatik ikasten

Horrekin batera, Kataluniako Generalitateko Joan Ramon Solé i Durany-ren eskutik, kanpoko esperientzia bat partekatzeko aukera ere izan dute Arrasaten. "Oso interesgarriak dira Generalitateak eremu sozio-ekonomikoan katalanaren erabilera sustatzeko baliatu dituen estrategiak (legeria, sustapena, kontratazio-politikak, hizkuntza-klausulak…) bai eta estrategia horien bidez lortutako emaitzak ere. Hemengo administrazioek badute zer ikasi", gaineratu du Kontseiluko ordezkariak.

Lau esparru

Horrekin batera, Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko prestatu duen ekarpena aurkezteko baliatu nahi izan du gaurko Konferentzia: "Aurrera begira enpresek, administrazioek, kontsumitzaileek eta sindikatuek jarraitu beharreko gida-lerroak jasotzen ditu gure ekarpenak; gida-lerro hauek jarraituz, guztion artean, lan mundua euskaldunduko dugu", iragarri du Bilbaok.

  • Enpresei dagokiena: "Beharrezkoa da enpresek euren hizkuntza-politika propioa lantzea eta adostea. Horren baitan, langileei ordutegi eta egutegi aldetik erraztasunak eskainiko dizkiete euskaraz lan egiteko gaitasuna eskura dezaten. Aldi berean, enpresei dagokie euren bezeroekin eta langileekin dituzten hartu-eman guztiak euskaraz garatu ahal izateko baldintzak bermatzea. Horretarako, helburu, neurri, epe eta bitarteko zehatzak dituzten prozesuak garatu beharko dituzte". 
  • Langileei dagokiena: "Langile guztiek euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatu dezaten, ezinbestekoa da lehen-lehenik lankide guztien euskalduntzea. Bide horretan beharrezkoa da sindikatu edo langileen ordezkariek sektoreka edota enpresekin negoziatzen dituzten lan-hitzarmenetan lan-jarduera euskaraz garatzeko neurriak jasotzea".
  • Bezeroei dagokiena: "Kontsumitzeko moduak bizi kalitatea hobetzen eta mundu justuago bat bultzatzen lagun dezake. Horrela, beharrezkoa da, herritarrek kontsumo arduratsua garatzea eta hizkuntzekin ere gizarte-erantzukizunez jokatzen duten enpresak lehenestea. Kontsumo-ohiturez harago, kontsumitzaileek enpresei hauek eskaintzen dituzten produktu edo zerbitzuak euskaraz jaso nahi dituztela azaltzeko bideak jorratu behar dira". 
  • Administrazioei dagokiena: "Administrazioei dagokio herritarren eskubideen bermatzailea izatea, bai eta bide horretan eredugarri izatea ere. Horrela, langileen euskaraz lan egiteko eskubidea, enpresen euskaraz saltzeko eskubidea eta kontsumitzaileen euskaraz erosteko eskubidea bermatzea izango dute zeregin nagusia. Horretarako, hizkuntza-politika berri eragingarria garatu behar dute. Hizkuntza-politika honek bi jardunbide garatu beharko ditu modu koordinatu eta eraginkorrean: diru-laguntza bidezko sustapen-bidea eta corpus juridikoa garatuz jorratu beharreko arau-bidea. Biak ala biak dira beharrezkoak eta eraginkortu beharrekoak gaur-gaurkoz. Administrazioei eredugarri izatea ere badagokienez, bide horretan bere zeregin nagusia barne euskalduntze prozesua albait arinen burutzea eta kanpo kontratazioetarako hizkuntza-klausulak jartzea izango da". 

Erantzukizunez jokatzeko konpromisoa

Amaitzeko, Kontseiluko ordezkariak euskalgintzak lan munduaren euskalduntze prozesuan erantzukizunez jokatzeko konpromisoa hartuko duela adierazi du. "Eskua luzatzen diegu adierazpen honetan jaso diren korapilo nagusiei erantzuteko prestutasuna adierazten duten eragile guztiei. Euskalgintzaren aldetik behar duten lankidetza eta babesa izango dutela jakinarazi nahi diegu. Horrekin batera, lan munduaren euskalduntzean euskalgintzak berak eredugarri izateko eta horretarako neurriak hartzeko konpromisoa adierazi nahi dugu", gaineratu du Kontseiluko ordezkariak. 

Adierazpena, osorik:

Lan Mundua Euskalduntzeko Adierazpena by Goiena Komunikazio Taldea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak