Lan mundua zela euskaldundu aztergai, Garaian, gaur

Ubane Madera 2013ko eka. 13a, 08:47

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 'Lan mundua euskalduntzeko konferentzia' egingo du Arrasaten, gaur, eguena. 09:00etan hasiko da jardunaldia, Garaia Berrikuntza Gunean, eta 14:00ak arte iraungo du. Zeregin horretan zeresana duten lau aktore nagusiek egingo dituzte ekarpenak: enpresa, sindikatu, kontsumitzaileen elkarte eta erakundeetako ordezkariek. Konferentzia horren bitartez, "iazko ekainean lan munduaren euskalduntzeaz abiatutako hausnarketa prozesuari amaiera emango zaio Arrasaten".

Enpresei dagokienez, "azken hilabeteotan Hego Euskal Herriko hainbat enpresak eta eragilek Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko dokumentuari egindako ekarpenak egin izan dizkiote, eta horren ostean, zenbait enpresarekin batera Kontseiluak lan-saioa antolatu zuen. Konferentzian MAPSA, BATZ eta IMH enpresetako ordezkariek ekarpen horiek eta ondorioak aurkeztuko dituzte", azaldu dute Kontseilutik.

CCOO, ELA eta LAB

Sindikatuen arloan, berriz, "hiru sindikatuk egin dizkiote ekarpenak Kontseiluaren dokumentuari, eta, ondorioz, CCOO, ELA eta LABeko ordezkarien ekarpenak entzuteko aukera izango da Konferentzian", gaineratu dute.

Kontsumitzaileen elkartearen funtzioa

Kontsumitzaileen esparruan, kontatu dute Euskal Kontsumitzaileen Antolakundeko Jose Luis Segurak hitzaldia eskainiko duela "lan munduaren euskalduntzean kontsumitzaileen elkarteek bete dezaketen funtzioaz". 

Erakundeen garrantzia

Eta erakundeei dagokienez, haiek lan munduaren euskalduntzean duten garrantzia aitortuta, "Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundietako zein Eusko Jaurlaritzako ordezkarien iritziak jasotzeko aukera egongo da", azaldu du Paul Bilbaok, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak.

Kataluniako esperientzia

Azken horiekin, erakundeekin segituz, Kataluniako Generalitateko ordezkari Joan Ramon Sole Durany ere izango da gaurko hizlarien artean gonbidatu, "beste hizkuntza-komunitate batzuetan aurrera eramandako politiken garrantzia" azaleratu gura du-eta, Kontseiluak.  

Garaia da, eta posible da

Jardunaldia borobiltzeko, Kontseiluak prestatu duen Lan mundua euskalduntzeko adierazpena aurkeztuko dute: "Lan munduaren euskalduntzean urrats esanguratsuak ematea beharrezkoa da, garaia dela eta posible dela uste dugu. Are gehiago, bideragarria eta eskuragarria dela uste dugu. Horrexegatik Kontseiluak bere ekarpena egin nahi du, bai eta lan munduaren euskalduntze prozesuan erantzukizunez konpromisoa hartu ere", gaineratu du Kontseiluko ordezkari Paul Bilbaok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak