Autoenpleguaren bidez, 440 lanpostu sortu nahi dituzte Jaurlaritzak eta Gaztempresak

Leire Kortabarria 2013ko eka. 10a, 15:02

Laurehun langabe baino gehiagori lana topatzeko edo euren lanpostua sortzeko aukera handiagoa eman nahi diete Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Gaztempresa fundazioak. Horretarako, autoenpleguaren arloko hitzarmena sinatu dute gaur Juan Mari Aburto sailburuak eta Xabier Egibarrek, Gaztempresa fundazioko buruak.

Eusko Jaurlaritzak 215.000 euroko laguntza ekonomikoa emango du; hari esker, autoenpleguaren inguruko hainbat ekimen berritzaile egingo dira, eta negozio txikiak eta mikroenpresak sortu eta mantendu ahal izango dira, "lanik gabe edo horrela gelditzeko arriskuan dauden pertsonei lan-aukera berriak eman ahal izateko", arduradunen esanetan.

Helburu hori Lanbideri agindutako zereginekin dago lotuta; hain zuzen ere, enpleguko eta trebakuntzako programak kudeatzearekin eta autoenplegua eta enpresak sustatzearekin. Juan María Aburtok hauxe esan du: "Gaur egungo Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezko helburu bat da gazteen lehiakortasuna handitzea eta enplegua lor dezaten erraztea".

Hiru modalitatetan garatuko dute hitzarmena:

Enpresa berria: kudeaketan esperientzia duten pertsonentzat edo egoki zehaztutako negozio-aukera bideragarri bat dutenentzat, baldin eta sorreran eta finantzaketan aholkularitza eta laguntza behar badituzte.

Berrenpresa: eskarmenturik gabeko eta jarduera ondo ezagutzen ez duten pertsonentzat. Arduradunak jarduera erretiroagatik, bizilekua aldatzeagatik edo horretaz arduratu ezin delako utzi behar duen negozioak identifikatzen dira, eta uzteko prozesua laguntzen da, aldi batez gerentziak batera egiteko eta negozioa kudeatzen ikasteko.

Koenpresa: jarduera batean esperientziarik, jakintzarik edo kudeatzeko gaitasunik ez duten eta baliabide gutxi dituzten pertsonentzat. Haiei irtenbide integralak ematen zaizkie, giltza eskura erako negozio bat eskuratuz; negozio horrek merkatuan sendotutako gidaenpresa bat ere badu, ekintzailea jardueraren merkataritza-garapenaz bakarrik arduratu behar izateko.

Azken biak 2012an abiarazi ziren. Aurten, helburua 591 diagnostiko-ekintza egitea eta 275 enpresa laguntzea da; ondorioz, 440 lanpostu sortuko dira.

Enpresen kudeaketa finkatzen ere lagunduko du hitzarmenak, merkatuan enpresak lehiakorragoak izan daitezen. Enpresak finkatzeko 75 tailer egitea espero dute arduradunek, eta 23 enpresari laguntzea.

Azken 10 urteotan, Gaztempresaren baliabideei eta zerbitzuei esker 1.984 enpresa eta 3.632 lanpostu sortu dira EAEn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak