"Gipuzkoa justuagoa" gura du Aldundiak, parte-hartzearekin

Jon Berezibar 2013ko eka. 9a, 20:09

Atzo amaitu zituzten Donostian parte-hartzeari buruzko jardunaldiak. Aldun Nagusiak agindu du Gipuzkoako plangintza estrategikoa modu parte-hartzailean egingo dela.

Parte-hartzeari buruzko Herritarrekin izeneko jardunaldiak amaitu zituzten Donostiako Kursaal jauregian zapatuan. Gipuzkoako Foru aldundiak Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritza sortu zuen Martin Garitano Diputatu Nagusiaren Kabinetearen baitan eta jardunaldiotan demokraziaren eta  zuzeneko demokraziaren filosofia politikoa zabaltzea bilatu da. Zapatuan, Martin Garitano Diputatu Nagusiak probintziako plan estrategikoa parte-hartzailea izango dela iragarri zuen. Jardunaldion azken egunetan Eskoriatzako eta Oñatiko ordezkariek parte hartu zuten.

Ekainaren 6an hasi eta zapatuan amaitutako jardunaldietan Latinoamerikako eta Europako adituen hitzaldiak entzuteko aukera egon da. 500 bat lagunek parte-hartzeko aukera izan dute jardunaldiotan Islandiako parlamentuko kideen bisita ere izan dute.
Asteburuan udalerri mailako ordezkarien txanda izan zen. Azken saio horretan Aldun Nagusiak iragarri zuen "parte hartze prozesu sakonez egindako plangintza estrategikoa" egingo dutela eta "kanpotik datozen murrizketei muzin eginez eta hurbiletik jartzen saiatzen diren oztopoak gaindituz, Gipuzkoa justuagoa" egingo dutela.


Tokiko esperientziak

Debagoienetik Oñatiko eta Eskoriatzako alkateez gain, udaletako teknikari, hautetsi, teknikari eta gizarte eragileek ere hartu zuten parte jardunaldietan. Hain zuzen, ibarrean martxan dauden Oñatiko Herrijorran eta Eskoriatzako Eskohitza egitasmo parte-hartzaileen berri eman zuten alkateek. Ondorioekin, testu bateratua jaso zuten, Amets Arzallusek idatzitakoa. Bukaerako hausnarketa horretan esaten denez, "parte-hartzea kultura bat" bihurtzeko deia egin behar da. Chiapaseko komunitate zapatistetako herri sarreretan datorren idatzia ekarri zuen Arzallusek dei horren arrazoi modura: "herriak agintzen du, gobernuak obeditu". Aldarrikapen gisara balio duen testuan Arzallusek jasotzen da batek "auzolan esaten" duela eta "beste batek parte hartzeko eskubidea"; hark erantsiko liokeela "eskuak, oinak eta ahotsa" behar dituela parte-hartzeak eta "boterearen mapa" zabaldu behar dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak