Debagoieneko labela duen Mozarten 'Requiem'-a, estreinatzeko gertu

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko eka. 7a, 15:54

Mozarten Requiem meza ezaguna kantatuko dute Oñatiko Abesbatzak eta Bergarako Orfeoiak espresuki obra honetarako sortutako Ganbara orkestrarekin. Aitor Biainen zuzendaritzapean, bi emanaldi egingo dituzte: Oñatiko parrokian, domekan, 19:00etan, eta ekainaren 29an Bergarako San Pedro elizan.

Bi emanaldietarako sarrerak zortzi eurotan daude salgai: Oñatirakoak, Izarraitz eta Portu tabernan gaur; eta domekan, berriz, 18:15ean plazako arkupetan. Bergarako emanaldirako ostera, Pikupe produkzioen bulegoan, Bergarako kultura etxean eta Benjamin zapata-dendan daude eskuragarri.

Iaztik gogor lanean

Iaz egin zuten abesbatzen elkartrukean erakutsi zuten elkarrekin proiektu handi bat egiteko gogoa. "Talde handi bat izanda, argi nuen errepertorio sinfoniko bat izan behar zela eta musika arlo horretan ikurretako bat den Requiem-a prestatzea proposatu nien; auditoriometan, gainera, iragarkietan eta soinu bandetan ere sarritan erabili izan ohi dena. Orokorrean, hileta meza baten egitura du eta abesbatzak, orkestrak eta lau bakarlarik elkarrekin interpretatutako zatiak txandaka tartekatuz dago osatuta", dio Aitor Biain zuzendariak.

Karlos Etxaniz, Bergarako Orfeoiko kideak dio aspalditik zutela orkestrarekin kantatzeko gogoa, garai baten egiten zituzten emanaldiak egiteko ohitura berreskuratuz horrela. Oñatiarrentzako handia izan da erronka, beste era bateko errepertorioa kantatzera daude-eta ohituta.

Talde bakoitza bere aldetik hasi zen: "Ohiko dinamikari eutsiz Loli Ordokirekin astean birritan entseatu dugu" dio Oihana Diaz oñatiarrak. Orfeoikoak urtarrila ezkero ari dira lanean. Maiatzean elkartu ziren bi abesbatzak eta orkestrarekin pare bat alditan entseatuta borobildu dituzte aurre-lanak.

6.000 euroko aurrekontua

6.000 euro da bi saioetako aurrekontua, baina esfortzuak merezi duela diote protagonistek: "Oñatin ez daude horrelako ikuskizun erraldoiak herrian ikustera ohituta eta Bergaran zaletasuna aspalditik uztartuta dagoen arren, Bergarakoa ere oso berezia da guretako. San Pedro elizan kantatzea Orfeoiari ezin hobeto datorkio, han egiten genituen-eta garai bateko ikuskizunak".

'Beltzezko gizonak' enkargatutakoa

Amaitu gabeko obra izenarekin da Mozarten Requiem-a ezaguna. Bizitzaren azkeneko etapan bereziki operatan murgilduta zegoela jaso zuen, konposatzaileak esaten zuen moduan, beltzezko gizonak egin zion hileta meza bat idazteko enkargua. Ordurako Mozart gaixorik bazegoen ere, meza idazten hasi zen, berarentzako propio zen hileta meza idazten ari zela sinetsita. 1791. urtean mezaren seigarren zatia idazten ari zela hil zen Mozart, lana amaitu barik utzita. Hurrengo urtean estreinatu zuten, baina meza entzutetsua, Mozarten emaztearen enkarguz, Franz Xaver Süssmayr dizipuluak maisuaren lana bukatuta.

Goitik behera etxean egindakoa

Hasieratik zuten argi etxean egindako produktu bat eraiki gura zutela, bazuten-eta, inora bila joan gabe, ondo prestatutako jendea. Herri bakoitzeko bina bakarlari aukeratu zituen Biainek: Oñatiko Gorka Aranburu (tenorea) eta Oihana Diaz (altua) eta Bergarako Nere Ibarra (sopranoa) eta Karlos Etxaniz (baxua). Laurek dute bakarlari moduan eskarmentua, eta, Biainen esanetan, laurek elkarrekin oso lan polita egitea lortu dute.

Debagoienekoak dira, era berean, orkestrako musikari gehienak baina badira Musikene Eskolako ikasleak ere. Aipatzekoa da, Arrasateko Goikobaluko kide batzuek ere parte hartuko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak