63 gidari lehiatuko dira Udanako Auto Igoeran zapatuan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 6a, 19:34

Udanako Auto Igoera zortzigarren aldiz egingo dute zapatuan. 63 gidarik parte hartuko dute –21 debagoiendarrak–, eta proba irabazteko hautagai nagusiak Aitor Zabaleta, Aitor Arakistain, Ruben Nogueiras eta Joseba Iraola dira. Errepidea 12:30ean itxiko dute eta proba bera 15:00etan hasiko da.

Bi txanda izango ditu probak, eta 4.460 metroko luzera. Ibilbidea ez dute aldatu: Eguzkialde enpresaren parean hasi eta Udanako gaina baino 100 metro lehenago bukatuko da. "Ibilbide azkarra da, batez ere lehen zatian. Erdian gidariendako konplikatuak diren lau bihurgune daude. Azken zatia, oso teknikoa da". Hala, definitu zuten Udanako Igoerako ibilbidea antolatzaileek, eguazten iluntzean Etxe Aundin egindako agerraldian. 

10 oñatiar, 21 debagoiendar

Parte-hartzeari dagokionez, 63 pilotuk eman dute izena zapatuko hitzordurako: eserleku bakarreko sei ibilgailu eta 57 auto izango dira. Eserleku bakarrekoen artean faborito nagusia Aitor Zabaleta da, txapelketako liderra momentuan, eta Zabaletarekin lehia bizian izango dira Aitor Arakistain, Ruben Nogueiras eta Joseba Iraola, besteak beste; txapelketako sailkapenean, Nogueiras eta Iraola daude bere atzetik. Baina garaipena lortzeko borroka egingo duten pilotu gehiago ere badaude, txapelketako sailkapenean lehen postuetan dauden Lebeiti, Ekain Eizagaetxeberria, Duperou eta Josu Lertxundiz gain, maila handiko pilotu gehiago ere izango baitira Udanako proban: Dany Estevez, Txus Jaio, Iñaki Alberdi, Juan Zelaia, Mitxel Iribarren edo Davis Ardions.

Hamar pilotu oñatiarrak izango dira eta irteera puntuan Debagoieneko beste 11 ere egongo dira; 21 debagoiendar guztira, hortaz. "Nabarmendu beharreko datua da, oso positiboa", azaldu dute antolakuntzatik.

Segurtasun neurriak betetzearen garrantzia

Antolatzaileek bereziki zaindu dituzte segurtasun neurriak. Lau bihurgune nagusiak –horietan batzen da jende gehien– hormigoizko blokeekin babestuko dituzte, eta ibilbidean zehar 18 segurtasun postu egongo dira. "Ikusleei eskatu gura diegu segurtasun postuetan dauden komisarioen aginduak betetzea. Ez daitezela ipini zinta gorriarekin markatuta dauden lekuetan. Guztion laguntza ezinbestekoa da, arazorik egon ez dadin", esan zuen Angel Gurrutxagak, Euskadiko Automobilismo Federazioko presidenteak. Guztiz debekatuta egongo da, era berean, autoa ibilbide bazterrean uztea; autoren bat gaizki aparkatuta egonez gero, garabiak eramango duela ohartarazi dute antolakuntzatik.

12:30ean itxiko da bidea eta, ordu horretatik aurrera, Deskargatik igaro beharko dira ibilgailuak; Olabarrietako auzotarrek merenderoko bidea ere erabili ahal izango dute.

Autoak ikusteko aukera

Udanako Igoeran parte hartuko duten autoak ikusgai egongo dira Foru plazan, 09:30etik 12:00etara, egiaztapenak egiten dituzten bitartean.

Zortzigarren edizioa da aurtengoa eta Oñatiko Motor Taldeak antolatzen duenetik bosgarrena; 2009an berreskuratu zuten lasterketa. Euskadiko auto igoeren txapelketako 3. proba puntuagarria izango da.

Sari banaketa 20:00ak aldera egingo da, herriko plazako kioskoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak