Alokairuaren lege berria sartu da indarrean, errenta-merkatua berpizteko helburuarekin

Leire Kortabarria 2013ko eka. 6a, 11:56

Gaurtik hasita, alokairuen lege berria dago. Atzo argitaratu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) Alokairu-Merkatua Malgutzeko eta Sustatzeko Neurrien Legea delakoa. Oro har, bi aldeen arteko harremanak malguagoak dira aurrerantzean.

Hiri-Arrendamentuen Legea berritzera dator honako lege berria. Hura berritzeko ahaleginak egin ziren orain urte batzuk, baina 1994a ezkero, orain arte, hura izan da etxebizitzen alokairua arautu duen legedi bakarra.

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ere, behin eta berriz esan dute errentaren aldeko apustua egin nahi zutela eta merkatu hori dinamizatu nahi zutela, eta badirudi lege berria bide horretatik doala, alokatzaileari orain arte baino garantia gehiago ematen dizkiolako.

Hona hemen berritasun nagusiak:

  • Kontratuak gutxienez iraun behar duen denbora laburtu egiten da. Derrigorrezko luzapena, lehen kontratuan sinatzen dena, hiru urtekoa da orain, eta ez bostekoa, orain arte bezala. Hau da, hiru urte pasatzen direnean eta ez alde batek ez besteak ez badu kontrakorik esaten eta kontratuan ez bada bestelakorik adostu, beste urte bateko luzapen automatikoa aplikatzen da. Epe hori ere motzagoa da: lehen, luzapen automatikoa hiru urtekoa zen. Hau da, denetara zortzi urteko bermea zuen maizterrak.
  • Hirugarren urtea ezkero, alokatzaileak eta maizterrak nahi duten errenta-igoera adostu dezakete. Orain arte, errenta derrigorrez eguneratu behar zen, eta derrigorrez KPIaren arabera.
  • Maizterrak erreformak proposatzen baditu, obren kostua errentatik deskontatzeko aukera dago, alokatzailearekin hala adosten badu.
  • Garantia gehiago jabearendako, maizterrak ordaintzen ez badu. Nahikoa da hilabetean ez ordaintzea; maizterrak bere betebehar hori ez badu betetzen, kontratua bertan behera geratzen da eta kaleratze-prozesua hasten da. Maizterrak hamar egun ditu ordaintzeko eskaera jasotzen duenetik. Kaleratze-prozesua hasi eta 10 egunera kaleratu dezakete maizterra. Tramite gutxiago egongo da. Baina maizterrak bere zorrak kentzen baditu, berriz ere kontratua indarrean sarrarazi dezake.
  • Horrekin lotuta, alokairua ordaindu ez den kasuetako epaiketa-sententzien erregistroa sortu du Gobernuak. Etxe-jabeak berau begiratu dezake, maizter edo interesatu baten gaineko zalantzak baditu. Horren bitartez, etxe-jabeek alokairuari beldurra kentzeko lagundu nahi du Gobernuak.
  • Alokatzaileak (etxe-jabeak) eta maizterrak, biek samurragoa izango dute etxebizitza berreskuratzea edo uztea. Kontratua bukatu aurretik etxea utzi nahi duen maizterrak hala egin dezake, sei hilabeteko gutxieneko egonaldia ondoren eta hilabete lehenago abisatuta. Ez du kalte-ordainik ordaindu behar izango, kontratuan kontrakorik ez bada esan. Bestalde, etxe-jabeak ohiko etxebizitza gisa eska ahal izango du hura, berak edo lehen graduko senide batek behar badu. Horretarako, gutxienez urte bete pasa behar izango da kontratua sinatu zenetik, eta maizterrari bi hilabete lehenago abisatu beharko dio.
  • Jabetza-erregistroan sar daiteke kontratua eta, hala eginez gero, garantia bat dauka maizterrak, etxebizitza saltzen bada. Izan ere, jabeak etxebizitza saltzen badu eta kontratua jabetza-erregistroan badago, jabe berriak kontratua errespetatu behar du. Kontratua ez badago erregistro horretan, aldiz, erosleak ez dauka errenta-kontratua errespetatzeko beharrik. Oro har, kontratua jabetza-erregistroan inskribatzea gomendatzen da, hirugarrenen aurrean kontratuak dioena betearazteko.
  •  Ekainaren 1a ezkero, derrigorrezkoa da eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria izatea etxebizitza saltzeko edo lau hilabete baino luzeagorako alokatzeko. Derrigorrezkoa da ere arrendamentuak luzatzen direnerako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak