'Herriko tabernen' auziko epaiketa urriaren 17an hasiko da

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 6a, 19:35

Auzitegi Nazionalak urriaren 17an hasiko du HB, Batasuna eta EHren aurkako makroepaiketa. 40 lagun eseriaraziko dituzte akusatuen aulkian, Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Rufi Etxeberria tartean, eta baita Jose Luis Elkoro bergararra ere. ETAko kideak izatea edo ETAri laguntzea, eta 'herriko tabernen' bitartez ETA finantzatzea leporatuta epaituko dituzte.

Urriaren 17an hasiko da Herriko tabernen auzia izenez ezagutzen den 35/02 auziko epaiketa, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan. HB, Batasuna eta EHko 40 lagun epaituko dituzte, eta baita 110 herriko taberna ere, erantzule zibil izatea egotzita. 

Auzipetuek zortzi eta hamabi urte arteko espetxe zigor eskaerei egin beharko diete aurre (10 urte eskatzen dituzte Jose Luis Elkororentzat), ETAko kide izatea edo erakunde armatuarekin kolaboratzea egotzita. 40 auzipetu horietatik hainbat beste auzi batzuetan ere nahastu dituzten arren, une honetan bakarra dago espetxean: Arnaldo Otegi. Bateragune auziagatik daukate giltzapean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak behin betiko erabakia hartu arte, gutxienez. Jose Luis Elkorok, berriz, kartzela zigor arindua du, bere etxean, gaixotasunagatik. Elkororen kasuan, 18/98 sumarioan kondenatu zuten, Egin egunkaria bultzatzeagatik.

Jose Luis Elkoro, azaroaren 8an

Joseba Alvarez, Joseba Permach eta Idoia Arbelaitzen deklarazioek irekiko dute epaiketa urriaren 17an; hurrengo egunean, Rufi Etxeberriak deklaratuko du; hilaren 29an, Adolfo Araiz abokatuari egingo dizkiote galderak aldeek; azaroaren 7an, Karmelo Landari; 8an, Jose Luis Elkorori zein Floren Aoizi; eta 18an, Arnaldo Otegiri.

Akusatuei deklarazioak hartzeko lau hilabete aurreikusten dituzte: auzipetuen ondoren, herriko tabernen ordezkariek deklaratu beharko dute; azaroaren 19an izango da aurrena, eta otsailaren 17an azkena. Epaiketa luzea eta korapilatsua izatea aurreikusten da.

35/02 makrosumarioa 2002ko martxoan abiatu zuen Baltasar Garzon epaileak, 11 lagun atxilotu eta 75 herriko taberna bahituta. Ia sei urtez izapideak egin ostean, epaileak ezker abertzaleko 41 kide auzipetzea erabaki zuen, herriko tabernen bidez ETA finantzatzea egotzita.

Debagoienean, 2006ko urriaren 24an

Debagoieneko hainbat herriko tabernatara 2006ko urriaren 24an sartu ziren Ertzaintza eta idazkari judiziala. Arrasaten izan ziren lehenengo. Goizeko 11:45 aldera sartu ziren ertzainak eta geroago etorri zen idazkaria. Guztira, 80 pertsona inguru elkartu ziren Irati aurrean elkartasuna adierazteko eta, denborak aurrera egin ahala, jende gehiago joan zen gerturatzen. Epailea ere bertan izan zen. Arrasaten egon ostean, Oñatiko Arrano tabernara joan zen idazkaria, ertzainek lagunduta. Taberna barruan jendea zegoen eta aterarazi egin zituzten. Kale Barria itxi egin zuten bi aldeetatik ertzainen furgonetekin eta jende ugari gerturatu zen bertara. Aretxabaletako Urbaltz tabernara joan zen ondoren idazkari nagusia, Ertzaintzak babestuta, eta Bergarako Arrano tabernan izan ziren ondoren.

Hitzaldia eta mobilizazioak

Oñatiko Arrano taberna-elkarteak 30 urte beteko ditu uztailaren 28an eta, urteurrena ospatzeko, askotariko ekintzak antolatu dituzte. 35/02 herriko tabernen auzia izenburupean, Unai Iturriotz abokatuak hil honen 27an emango duen hitzaldia dago tartean. Bestalde, makroprozesuaren harira, Sortuk mobilizazioak deitu ditu hilaren 13rako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak