Emaus Fundazioak Ekozenterra irekiko du Arrasaten, 2014an martxan jartzeko asmoarekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko eka. 5a, 19:05

Emaus Fundazioak Ekozenterra irekiko du Arrasaten, Bidekurutzeta kaleko ASAM pabiloi zaharrean, Udalak berrabilpenean oinarrituko den dendaren alde apustu potoloa egin du-eta. 12 lanpostu berri sortuko ditu. Era berean, Emaus fundazioak zero zabor filosofia defendatzeko prentsaurrekoa egin du gaur Donostian, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz.

Arrasaten irekiko den Emaus Fundazioaren Ekozenterra Gipuzkoako hirugarrena izango da. Egun Donostian dago bat eta Irunen bestea, eta bigarren eskuko arropak eta lehengai berrerabilgarriez egindako produktuak saltzen dituzte. Hala, lan soziala eta ingurumenaren zaintza ditu oinarri fundazioak, besteak beste. Horregatik aukeratu dute gaurko eguna, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, alegia, Donostian agerraldi bat egiteko. Agerraldi horretan, besteak beste, zero zabor kudeaketa defendatu dute Emausen lanetarako.

Udalak, "apustu potoloa"

Filosofia horrekin bat egiten du Arrasateko Udalak eta atzoko osoko bilkuran aho batez onartu zen Emaus Fundazioak Ekozenterra ireki ahal dezan ASAM pabiloiaren zati bat hogeita bost urterako alokatzea, urte bateko aldietan luzatzeko aukeraz.

Pabilioi berriak bi solairu izango ditu eta 2.610 metro koadro; 2014an martxan jartzea espero dute. 
Emaus Fundazioak eta Arrasateko Udalak 2008a ezkero dihardute elkarlanean eta Udaleko iturrien arabera, Nafarroa Etorbideko gizarteratze tailerrarekin eta dendarekin geroz eta emaitza hobeak ari dira lortzen, sozialki zein ingurumenaren ikuspegitik.

Aldundiak 240.000 euro 2013rako

Horrez gain, Gipuzkoako Aldundiak ere begi onez ikusten du Arrasaten Ekozenterra zabaltzea eta konpromisoa hartu du proiektua bultzatzeko: 2013ko aurrekontuetan 240.000 euroko kontu sail bat izendatuta dauka, ASAM pabiloiaren egokitzapen lanetarako. 2014 eta hurrengo urteetan ere Ekozenterreko obrak finantzatzeko konpromisoa hartua du Diputazioak.

Arrasateko Emausek, gaur egun, bi produktu ditu salgai bere dendan: bigarren eskuko arropa eta Sin Desperdicio markako produktuak, tailerrean konponduta berrerabilgarri jartzen dituztenak. Ekozenterra martxan jartzen denean, berrerabiltzeko produktuen eskaintza askoz zabalagoa izango da: Etxetresnak, jostailuak eta abar luze bat.

Bizi ditugun garaiotan leku ezin aproposagoa da denetariko produktuak modu arduratsuan eta prezio onean erosteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak