Kaleratzeak Stop!-ek maileguen klausulei buruzko hitzaldia egingo du

Imanol Gallego 2013ko eka. 3a, 14:00

Albistegi nahiz egunkari askotan egunero kaleratzeei buruzko zenbait albiste ikusi eta irakur daitezke. Kaleratze horiek gure ingurutik kanpo gertatzen zirela zirudien arren, azken hilabeteetan, Kaleratzeak Stop! plataformak hori gezurtatu du. Duela hilabete Arrasaten egindako kale agerraldian argi utzi zuten moduan, bailaran 14 kasurekin lanean dabiltza.

Debagoieneko plataforma sortu zenetik, sinadura bilketa eta beste ekimen batzuk ere egin dituzte. Azken hilabete hauetan kaleratzeen kontrako plataforma indarra eta presentzia handitzen joan da eta "kaleratze baten aurretik banketxeek inposatzen dituzten gehiegizko klausulei" buruzko hitzaldia antolatu dute. Kaleratzeak Stop! plataformako abokatu Jose Mari Erauskin izango da hizlaria. Salva Gonzalez plataformako kideak adierazi duenez, "kaleratzea gertatu aurretik jendeari informazioa eman nahi diogu".

Hitzaldia irekia izango da eta eguaztenean 18:30etik aurrera Etxaluze eraikineko Axeri gelara hurbiltzen direnek hipoteka-maileguei buruzko informazio baliogarria jasoko dute.

Maileguen HMEI indizea

Hipoteka Maileguen Erreferentzi Indizeak bankuek hipoteka-maileguengatik kobratzen dituzten interesak ezartzeko balio du. Ekainaren 5eko hitzaldiaren helburua erabiltzaileek ordaintzen duten interesak nondik irteten diren azaltzea izango da.

Kaleratzeak Stop! plataformatik behin eta berriro azpimarratu duten moduan, "ez da inoiz ulertzen ez den paperik sinatu behar" eta edozein bankurekin mailegu bat kontratatu aurretik aholkua eskatzea beharrezkotzat jotzen dute.

Hitzaldi honekin plataformak bere helburu bikoitza indartu nahi du. Kaleratzeen kontra era aktibo batean lan egiteaz gain, jendeak bere maileguei buruzko ahalik eta informazio gehien izatea nahi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak