Pobreziaren Behatokia eta gazteendako dirulaguntza berria sortuko ditu Foru Aldundiak

Leire Kortabarria 2013ko eka. 1a, 19:17

Gipuzkoako Diputazioak Pobreziaren inguruko Behatokia sortuko du, Gipuzkoan ematen ari diren bazterkeri sozialaren inguruko indizeak kontrolatu eta pobreziaren kontra Administrazio foralak martxan jarritako politiken eraginkortasuna neurtzeko. Beste neurri batzuk ere martxan jarri nahi ditu, besteak beste 18 eta 23 urte arteko gazteendako laguntza ekonomiko berri bat eta adin txikikoak kargura dituzten guztiendako hilero diru-sarrera batzuk bermatzeko erregulazio fiskala aztertzea. Horrela iragarri zuen Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek egubakoitzean Batzar Nagusietan.

Agerraldian zehar, Rodriguez 2013-2016 eperako aurreikusitako beste proposamen batzuen inguruan ere mintzatu da, arrisku egoeran dauden 18 eta 23 urte bitarteko gazteei zuzendutako laguntza ekonomiko berri baten sorrera bezala. Ogasuneko foru departamentuarekin batera, adin txikikoak beraien kargura dituzten pertsona guztientzat hilero gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko erregulazio fiskala aztertzearen alde ere azaldu da.

Rodriguezek gogorarazi zuen, Diputazioak 2012. urtean eskatutako Pobrezia eta Bazterkeri Sozialaren inguruko Inkestaren emaitzen arabera, Gipuzkoako biztanleriaren %16a baino gehiago pobrezi arriskuan bizi dela, batez ere gazte, etorkin, emakume eta euren kargura seme-alabak dituzten familien artean. Era berean, arduratuta agertu zen Gipuzkoan gero eta ume gehiago pobrezian bizi direlako.

Arduradun foralaren hitzetan, "Diputazioak errealitate hau gertutik jarraitu beharra dauka, Gipuzkoako bazterkeri sozialaren indizeen garapena kontrolatu eta pobreziaren kontra martxan jartzen ari garen foru politiken eraginkortasuna ebaluatu". Neurri guztien artean, Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzaren sorrera azpimarratu du, Gipuzkoako mila pertsona baino gehiagori laguntzen diena, edo Mendekotasunerako Legearen prestazioen zabalkundea.

Hauek moduko eta pobreziaren kontrako gainontzeko neurrien eraginkortasuna ebaluatze aldera, Diputazioak Behatokia martxan jartzea erabaki du, gizarteratzeko agente sozialek osatuko dutena, baita Gipuzkoako administrazioetako arduradun instituzionalek ere. Behatoki honek, gainera, pobrezia neurtzeko 2012an Diputazioak onartutako erreminta berria ere izango du, bi urteetan behin eguneratuko den Lurraldeko datu espezifikoen inguruko inkesta.

Arreta hobetzeko konpromisoa

Bestetik, hutsuneren bat antzematen den kasuetarako arreta hobetzeko konpromisoa ere adierazi du, preso ohiak, kronikoa den biztanleria edota etxe kaleratzeen mehatxupean dagoena, adbidez Laguntza-programak eta familia-interbentziozkoak bultzatuko direla gaineratu du, eta egungo profil berriei arreta eskaintzeko zentroetako langile kopurua handituko da.

Rodriguezek nabarmendu zuen, baita ere, beharrezkoa dela Udaletxeek bazterkeri sozialaren egoeran dauden pertsonentzako lehen mailako arreta indartzea, aterpetxe edo jantoki sozial modukoak, batez ere 25.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak